Espetxeak

22 urteko preso bat hil da Zaballako espetxean

2020ko irailetik zegoen preso, eta gaur goizean aurkitu dute hilda. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du ez zegoela suizidioen prebentziorako programan, eta ez zuela «biolentzia zantzurik».

Zaballako espetxearen argazki bat. RAUL BOGAJO/FOKU
2023ko otsailaren 28a
12:27
Entzun

Zaballako espetxean preso zegoen 22 urteko gizonezko bat hil da, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez. Jaurlaritzaren arabera, gaztea «hilda» aurkitu dute kartzelako funtzionarioek gaur, 08:00etan. Medikuei abisua eman dieten arren, ezin izan dute ezer egin. Gizonezkoa 2020ko irailetik zegoen preso, eta ez zegoen suizidioaren prebentziorako programan, Zupiriak azaldu duenez, ez zutelako horretarako «zantzurik» ikusi. Azaldu du gizonezkoak ez zeukala «biolentzia zantzurik». Bozeramaileak esan du «harriduraz» hartu duela berria, eta espetxeak informazio guztia hildakoaren familiartekoei emango diela, baita «behar duten laguntza guztia» ere.

Segurtasun Sailak ikerketa bat abiatuko du zer gertatu den ikertzeko. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Poliltiketako Sailak jakinarazi du informazioa «gardentasun proba gisa» eman dutela, baina ez dutela xehetasun gehiago emango «hildakoari eta haren familiartekoei errespetua» erakusteko.

Duela egun batzuk, Salhaketak salatu zuen 2020an gertatu zen preso baten heriotzaren inguruan ere «xehetasunak» falta direla. Zaballan zegoen 67 urteko G.B. presoa Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten 2020ko apirilean, ebakuntza kirurgiko bat egiteko. Handik bi egunera hil zen, eta Salhaketak uste du ez dela «behar bezala kontrolatu Ertzaintzaren jarduera».

2020. urtea beltza izan zen Zaballako kartzelan. Sei preso hil ziren presondegi horretan:

Apirilaren 7an. Zaballako preso bat zendu zen ospitalean, Gasteizen. Salhaketaren arabera, gaixotasun larri eta sendaezinak zituen, fisikoak eta psikikoak, eta, horren ondorioz, laster espetxetik ateratzekotan zen, beste instituzio batera eraman zezaten. Elkartearen arabera, apirilaren 8an ebakuntza bat egin behar zioten, eta Santiago ospitalera eraman zuten. Han, istiluren bat izan zuen erizainekin, eta ertzainek esku hartu zuten «indarra erabiliz», Salhaketak adierazi zuenez. Presoak bihotzekoa izan zuen.

Uztailaren 17an. 23 urteko preso bat hil zen kartzelan.

Irailaren 12an. Iruñeko 32 urteko preso batek bere burua urkatu zuen. Salhaketa elkartearen arabera, bitan eskatu zuen psikologoarengana eraman zezaten, alferrik. Abuztuaren 4an lekualdatu zuten Iruñeko espetxetik Zaballara; Iruñeko kartzelan erizaindegian zegoela jakinarazi zuen elkarteak.

Urriaren 1a. 35 urteko preso gasteiztar bat hilik agertu zela adierazi zuten.

Urriko azken astean. Buruko gaixotasun bat zuen emakume bat hilik agertu zen bere ziegan. Salhaketak esan zuenez, libre behar zuen, patologia larriak diagnostikatuta zituelako, baina ez zioten lekurik eman gaixoentzako inongo gunetan. Hori ezinbestekoa da baldintzapean aske geratzeko, eta, hortaz, preso zegoen.

Abenduaren 25ean. 50 bat urteko gizonezko baten gorpua agertu zen espetxeko bosgarren moduluan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.