Lan osasuna

Lan istripuen aurrean, gobernuen eta enpresarien «konplizitatea» salatu du ELAk

71 lan istripu hilgarri gertatu dira iaz Hego Euskal Herrian. Sindikatua, hemendik aurrera, bakarrik mobilizatuko da.

Leire Heredia eta Pello Igeregi ELAko kideek aurkeztu dituzte 2022ko lan ezbeharren datuak, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko otsailaren 28a
15:08
Entzun

«Lan istripuen eta lan gaixotasunen datuek okerrera egin dute». ELA sindikatuak 2022ko lan ezbeharren txostena aurkeztu du gaur, eta Leire Heredia lan osasuneko kideak argi utzi du datuen arrazoiak zeintzuk diren: «Lantokietako lan baldintza prekario eta kaskarrak daude datuen atzean». Sindikatuaren arabera, gutxienez 71 lan istripu hilgarri gertatu dira iaz Hego Euskal Herrian. Eta nazioarteko erakundeen arabera, lan gaixotasunen ondorioz, 2.500 langile hil dira. Ezbehar tasa «lotsagarria» dela salatu du Herediak.

ELAren datuen arabera, 71 istripu hilgarrietatik 19 Bizkaian gertatu dira, 21 Gipuzkoan, 11 Araban eta 20 Nafarroan. «Nabarmentzekoa da Gipuzkoan egon den gorakada, 2021ean baino bost hildako gehiago». Sindikatuaren datua ez dator bat iturri ofizialek emandako datuekin. Izan ere, 41 lan istripu hilgarriren aldea dago.

LAN ISTRIPUAK

Istripu hilgarrien %38 ez-traumatikoak izan dira. Eta industria sektorea izan da lan istripu hilgarri gehien izan duen sektorea, %33,8. «Nabarmentzekoa da biktimen %17 autonomoak zirela eta istripu hilgarri guztien %20 azpikontratatutako langileak zirela», adierazi du Herediak. Heriotzen %17 erorita gertatu dira, %17 in itinere, eta %24 harrapatzeek edo kolpeek eragin dituzte.

LAN GAIXOTASUNAK

Datu ofizialen arabera, lan gaixotasunen jakinarazpenak %4,8 ugaritu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %3 Nafarroan. «Industria sektorekoak izan dira jakinarazpen gehienak gizonen artean; zaintza sektorean, ordea, emakumeek egin dute jakinarazpen gehien». Herediak gogoratu du gaur egun oraindik istripu eta lan gaixotasun asko ez direla estatistika ofizialetan erregistratzen. «Batzuetan, langile asko egoera prekarioetan bizi dira, eta nahiago dute ez salatu; beste batzuetan, berriz, enpresek ezkutatzen dituzte istripuak; askotan, mutuen laguntzarekin».

IKUSKARI FALTA

Gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 41 ikuskari daude. Eta, Nafarroan, hamabost. Europako batezbestekoarekin alderatuta kopuru horiek txikiak direla salatu du Pello Igeregi ELAko Batzorde iraunkorreko arduradun eta lan osasuneko kideak: «Erkidegoan 120 beharko genituzke, eta Nafarroan, 50». Salatu duenez, bi gobernuek «ontzat» ematen dute egungo ikuskari kopurua, eta «muzin» egin diete sindikatuak planteatutako alternatiba guztiei.

«ERRUDUNAK ETA ERANTZULEAK»

Igeregik argi utzi du egungo egoerak «errudunak eta erantzuleak» dituela: «Lan istripuak ez dira zorte txar kontua; enpresari eta gobernuek lan prekaritatea eragiten dute». Zehatzago, Idoia Mendia eta Mikel Irujo sailburuak seinalatu ditu. «Haiek dira erantzule nagusiak».

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren «konplizitatea» salatzeko, ELAk Hiltzera kondenatzen gaituzue leloa erabiliko du aurrerantzean. Izan ere, Herediak gogoratu duenez, urtero eskaera batzuk egiten dizkiete bi gobernuei, «lan istripuak murriztuko lituzketenak». Enpresak gehiago kontrolatzeko exijitu du, eta mutualitateak eta prebentzio zerbitzuak publifikatzea, euren lana «ondo» egin dezaten eta ez dezaten bakarrik «diruan» pentsatu. Are gehiago, Euskal Herriko enpresa guztietan arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko eskatu du, eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak lan osasunean inbertsio gehiago egin dezatela.

ELA BAKARRIK MOBILIZATUKO DA, LAB GABE

Iaz Baionan eginiko X. Biltzar Nagusian, LAB sindikatuak Osalanera eta Nafarroako Osasun Publikoaren Institutura bueltatuko zela adostu zuen; eta erabakia berretsi du. Hori ikusita, Igeregik esan du hemendik aurrera ELA bakarrik mobilizatuko dela.

ELAk eta LABek 2010ean erabaki zuten bi erakundeetatik alde egingo zutela. «Organoak elkarrekin uztea landutako zerbait izan zen. Bertan ezin da sakoneko aldaketarik egin, gobernuek eta patronalek beto eskubidea dutelako». Azaldu duenez, ikuskari kopuruen kontua hainbat alditan jarri zuten mahai gainean, baina eztabaida «blokeatuta» geratu zen. «Sindikatuon parte hartzea langileen heriotza dakarten egungo lan osasun politikak ontzat emateko da», salatu du. Bestalde, gogoratu du urtero 400.000 euro jasotzeari uko egin ziola sindikatuak, organoak utzi zituenean.

ELAk ez du begi onez ikusi LAB «normaltasunez» Osalanera eta Nafarroako Institutura bueltatzea: «Ez dugu ulertzen LABen posizioa; guretzat, organo instituzional horietan parte hartzea elkarrizketa sozialaren logika onartzea da, eta politika neoliberalak ontzat hartzen dituen logika onartzea». Hori dela eta, ELAk bakarrik egingo ditu mobilizazioak. «Orain dela hilabete batzuk baino okerrago gaude LABekin. Elementu hau galdu izanak asko zailduko du etorkizuneko elkarlana».

LABen erabakiak lan osasuneko protokoloa bertan behera gelditzea ekarriko du, Igeregiren arabera: «Ez da bateragarria kalean elkarrekin aldarrikapen batzuk egitea eta gero organoetan parte hartzea».

LABen erantzuna

LABek ohar bitartez adierazi du «harrigarria» dela ELAren argudioa, eta gogoratu du 2018ra arte Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuan parte hartzen zuela, gainerako sindikatuekin duen akordioan inolako oztoporik sortu gabe. «2000. urteko hamarkadaren hasieratik dago abian laneko ezbeharren inguruko akordio intersindikala, LAB, Hiru, EHNE, ESK, Steilas, Nafarroako CGT eta ELA sindikatuen artekoa». LABek berretsi du akordio hori lan istripuei erantzuteko tresna «egokia» dela eta «indarrean» mantenduko dutela, eta ELAri aurpegiratu dio bere burua akordiotik kanpo kokatu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.