SPRIko zuzendari ohi Alex Arriolak eta Eusko Jaurlaritzako beste lau goi kargudunek enpresa pribatuetara egindako jauziak salatu ditu EH Bilduk, eta jakinarazi du koalizioak berak «mugitu» duelako ikusi duela «argia» informazio horrek guztiak. «Orain, Jaurlaritzak dio ikertuko duela gertatutakoa, baina ez du esan aurreko astean gure taldeak informazio guztia eskatu ziola; behartuta ikusi du bere burua», azaldu du Josu Estarrona legebiltzarkideak.
Horiek horrela, Estarronak iragarri du legez besteko proposamen bat aurkeztu duela gaur bertan Etika Publikorako Batzordea desegiteko. Gobernantza Sailari atxikitako organo horrek ematen ditu baimen bereziak bi urte itxaron gabe arlo pribatuan lanean has daitezen ardura publikoan aritu direnak. «Arriolaren eta besteen kasuek erakutsi dute batzorde horrek ez duela balio praktika desegokiak detektatzeko eta klientelismo sareak eta ate birakariak legitimatzeko» , esan du koalizio abertzaleko eledunak.
Asteon jakin da euren kargu publikoak utzi eta bi urte igaro aurretik hasi direla arlo pribatuan Jaurlaritzako bost goi kargudun ohi, nahiz eta 2014ko bateraezintasunen legeak ez duen horretarako baimenik ematen. Lege horrek, ordea, aparteko baimen bat lortzeko aukera jasotzen du: interesatuak lanpostu berriaren informazio guztia helarazi behar dio administrazioari, eta Gobernantza Sailak erabaki behar du eskaera aintzat hartu ala ez, Etika Publikorako Batzordearen bidez. Bada, bost goi kargudun horien artean lauk aparteko baimena lortu zuten, baina bosgarrenak ez: SPRIko zuzendari ohi Alex Arriolak.
EH Bilduk uste du ez duela zentzurik bi urtez arlo pribatuan ez aritzeko debeku bat ezartzeak goi kargudun publikoei «eta gero Jaurlaritzak beti baimena ematea». Koalizio subiranistak nahigo luke legeak «zuzenean baimentzea ate birakariak, debekua baita salbuespena». Orain arte etika batzordeak izan duen «funtzio bakarra» izan da, haren arabera, «Jaurlaritzaren jarduera zuritzea», haren erabakiei «itxura etikoa emateko».
Ez du legea urratu
Estarrona legebiltzarkideak garbi adierazi du ez dela esaten ari «ilegala denik» bi urte itxaron gabe arlo pribatuan hasi diren goi kargudun publikoekin «gertatu dena», baina «desegokitzat eta itsusitzat» jotzen du: «Eta plano etikoan zalantzazkoa».
«Ate birakariak, mesedekeria, adiskidekeria… ez dira normalak», esan du koalizioko bozeramaileak. «Kezkatzen gaitu kasu hauek ez ote duten normaltasun sentsazio hori herritarren artean hedatuko». Hori dela eta, Etika Publikorako Batzordea desegiteko legez besteko proposamena egin du EH Bilduk, eta, horren ordez, eskatu du sortzeko «pertsona independentez osatutako organo berri bat, salatzailearen anonimotasuna bermatuko duten jardunbide desegokiak prebenitu, antzeman, jaso, aztertu, ikertu eta ebazteko».
Elkarrekin Podemosek ere goi kargudun ohien «ate birakariak» salatu ditu. Miren Gorrotxategi bozeramaileak auzitan jarri du Etika Publikorako Batzordearen jarduera; haren arabera, «ez dira berriak» horrelako kasuak.
Gasteizko Gobernua osatzen duten alderdi bien ordezkariek garbi esan dute azken orduetan «dena legezkoa» dela, eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak «fiskaltzara joateko» esan die legea urratu dela uste dutenei.