Pablo Gonzalez

Gonzalezen abokatuak berretsi du oraindik ez dutela haren kontrako auzibiderik abiarazi

EITBk egindako elkarrizketa batean, esan du balitekeela zigor eskaera hiru-lau urtekoa izatea.

Pablo Gonzalez. BERRIA
gotzon hermosilla
2023ko martxoaren 1a
12:11
Entzun

Bartosz Rogalak, Pablo Gonzalezen auzia hasieratik hartu duen abokatu poloniarrak, elkarrizketa bat eman dio EITBri, eta han berretsi du Poloniak oraindik ez duela abiarazi kazetariaren kontrako auzibiderik, eta, beraz, ez dagoela hura epaitzeko datarik. Esan duenez, haren auziaz arduratzen diren abokatuek badute Poloniak egiten dizkion akusazioen berri, baina ezin dute inolako informaziorik eman horretaz; hala eginez gero, abokatuak ere akusatuak izateko arriskuan leudeke.

Rogalaren arabera, Polonia saiatzen ari da Gonzalezen kontrako ustezko frogak herrialdetik kanpo kontrastatzen: «Hori izan daiteke atxiloaldia urtebete baino gehiago luzatu izanaren arrazoia», azaldu du. Esan duenez, Poloniak badu Gonzalezen atxiloaldia hiru hilabetean behin etengabe luzatzeko aukera: «Poloniako espetxeetan badaude espioitzaz akusatutako preso gehiago, eta haietako zenbaitek Pablok baino denbora gehiago eman dute kartzelan».

Rogalak uste du epaiketa iristen denean balitekeela zigor eskaera hiru-lau urtekoa izatea: «Hau iritzi pertsonala baino ez da», zehaztu du. Esan duenez, Gonzalezen egoera gogorra da, bakarturik dagoelako eta egunero ziegatik ordubetez baino ezin delako atera, baina, oro har, «ondo» dago: «Baldintza horietan bizitzea ez da erraza, baina berak onartu egiten du, eta bere osasun egoera, fisikoki zein mentalki, ona da».

Gonzalez iazko otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako gerratik ihesi zihoazen errefuxiatuen krisiaren inguruan kazetari lana egiten ari zelarik, eta, beraz, urtebete egin du espetxean. Berriki, haren espetxealdia beste hiru hilabetez luzatu du Poloniak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.