M-8

M-8ko mobilizazioek zaintza sistema izanen dute jomugan, «emakumeen aurkako indarkeriaren ardatzetako bat»

Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioak antolatu ditu Euskal Herriko bost hiriburutan.

Euskal Herriko mugimendu feministaren agerraldia, gaur, Iruñeko Gazteluko plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 1a
14:07
Entzun

Zaintza eredua eraldatu, dena aldatzeko. Hori aldarrikatuko du Euskal Herriko Mugimendu Feministak heldu den Martxoaren 8ko mobilizazioetan. Ohi bezala, manifestazioak eginen dituzte Euskal Herriko auzo, herri eta hiriburu gehienetan. Gaurko agerraldian, baina, hiriburuetako deialdien berri eman dute feministek: Baionako manifestazioa izanen da abiatzen lehena, 15:00etan aterako baita Merkatuaren plazatik; Bilbokoa 19:30ean abiatuko da Jesusen Bihotzetik; Gasteizkoa, 19:00etan San Anton plazatik; Donostiakoa, 18:30ean Antiguako tuneletik; eta Iruñekoa, 20:00etan Antoniutti parketik.

Iruñeko Gazteluko plazan egin du agerraldia Euskal Herriko mugimendu feministak, aurtengo adierazpena irakurri eta mobilizazioak iragartzeko. Amaia Santestebanek, Amanda Verronek eta Elene Lopetegik irakurri dute adierazpena. Azaldu dutenez, aurtengo aldarrikapenak «ez dira asko aldatu iaztik», urtebetean «ez baita asko aldatu bizi dugun zapalkuntza egoera», baina egoerak gainezka egin duela uste dute: «Kolapsoa ez da krisi bat; Mendebaldetik, Iparralde globaletik hartutako erabaki heteropatriarkalen, inperialisten, neoliberalen, arrazisten eta ijitoen aurkakoen multzo oso baten jarraipen logikoa da», esan du Santestebanek. Egoera horretan, zaintzaz hitz egitea «gorputzen, lurraldeen eta herrien arteko interdependentzia loturak jostea eta saretzea» dela uste du mugimendu feministak. Hori dela eta, aurtengo manifestazioetan zaintzaren alorrean jarriko dute azpimarra, duela hilabete iragarri zuten bezala, Denon bizitzak erdigunean leloa daraman dinamika handiago baten barruan.

«Egungo zaintza sistema eraldatzera» deitu dute mugimendu feministako kideek. Adierazi dute Hego Euskal Herrian EAJ, PSN, CEN Nafarroako Enpresarien Elkartea eta Confebask direla sistema horren arduradun nagusiak, eta «zaintzaren beharrak merkantilizatzea, pribatizatzea eta horiekin espekulatzea» egotzi diete. Salatu dute, gainera, sistema horren barruan emakumeen bizkar jartzen direla zaintza lanak. «Egungo zaintza sistema irauli behar dugu. Emakumeak gara familian zaintzen ardura gure gain hartzen dugunak, zahar etxeetan eta haur eskoletan lan egiten dugunak, emakume migranteak gara etxeak eta ospitaleak garbitzen ditugunak, zahartzaroan dauden pertsonak egunerokoan zaintzen eta garbitzen ditugunak», azaldu du Verronek. Eta, segituan, galdera egin du: «Nork zaintzen ditu emakume migranteak eta arrazializatuak? Nork zaintzen ditu zaintzaileak?».

Hori dela eta, M-8an ere «Espainiako Atzerritartasun Legea indargabetzea eta pertsona guztiak erregularizatzea» eskatuko du mugimendu feministak herri eta hiriburuetako kaleetan. Izan ere, beren planteamendua «mendekotasunaz harago» doala azpimarratu dute feministek, «beharrezkoak diren oinarrizko zaintzak bermatuak» izan daitezen: «Zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua da gurea; askatasunez eta arduraz, gure bizitza osoan duintasunez zainduak izateko zein besteak zaintzeko» esan dute.

Izan ere, mugimendu feministak azpimarratu du «zaintzak iraultzea dela dena eraldatzea», eta baita «emakumeen aurkako indarkeria eta desberdintasun ardatz nagusietako bat astintzea» ere. Egungo zaintza eredu heteropatriarkalari aurre egiteko aterako dira kalera heldu den Martxoaren 8an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.