Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak atxilotu egin du asteburuan Legorreta (Gipuzkoan) parean jazotako auto istripuan inplikatutako gidarietako bat. 36 urteko gizonezko bat da, eta ustezko zuhurtziagabekeriazko hiru giza hilketa delitu egozten dizkiote; baita lesio delitu bat eta ausarkeriaz gidatzea ere. Atxilotua Donostian ospitaleratuta dago ezbeharra jazo zenetik.
Auto istripua N-1 errepidean gertatu zen, igande goizaldean. Hiru lagun hil ziren, eta beste bi ospitaleratu zituzten. Ertzaintzaren Trafiko Unitatea gertatutakoa ikertzen aritu da ordutik, eta ondorioztatu dute atxilotutako gizona kontrako noranzkoan gidatzen ari zela eta bere bidetik zihoan auto bat jo zuela, aurrez aurre.
Atxilotutako gidariarekin, beste bi lagun zihoazen autoan; horietako bat igandean hil zen, eta bestea atzo. Igandean hil zen beste autoan zihoan emakume bat ere.