Espainiako Kopa

Osasuna aurreratu da Kopako finalerdietan

1-0 irabazi dio Osasunak Athletici Sadarren. Ez Abdek egin du partidako gol bakarra, bigarren zatia hasi bezain pronto. Hala ere, San Mamesen erabakiko da kanporaketa.

Osasunako jokalariak neurketa amaitutakoan, zaleei eskerrak ematen. IñIGO URIZ / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 1a
23:26
Entzun

Sevillan ilusionatu zen lehen aldiz Osasuna Espainiako Koparekin, Betisi final-zortzirenetan irabazita. Oraingoan, berriz, Sevillara itzultzeko lehen kolpea jo du, finala jokatzeko asmoz. 1-0 irabazi dio Osasunak Athletici Sadarren. Neurketa parekatuta joan da, baina Ez Abderen golari esker aurreratu dira etxekoak. Lehen partida irabazita gertuago du Osasunak finala, baina, San Mamesen, zuri-gorrien gotorlekuan, erabakiko da kanporaketa, apirilaren 4an.

Neurketari erritmo altua jartzen ahalegindu da Osasuna hasieratik. Zaleen aurrean aritzen den aldiro hala nahi izaten du Arrasateren taldeak, eta gustura aritzen da abiadura handiko neurketetan. Pase gutxi eman eta ahal bezain laster Julen Agirrezabalaren ate ingurura hurbiltzen ahalegindu dira gorritxoak, baina zuri-gorriek ez diete nahi zuten jokoa egiten utzi.
Hasieratik ikusi da nor zen Athleticek gelditu beharra zuen jokalaria: Ez Abde. Hura izan da gorritxoen argi izpia, eta haren hegaletik eraman dute arriskua. Oscar de Marcosek ez du lan erreza izan, eta behin baino gehiagotan lagundu behar izan dio Alex Berenguerrek. Osasunaren lehen zatiko aukera garbiena Marokoko hegalekoak izan du, baina haren jaurtiketa kornerrera joan da, zutoinaren ondotik.

Athleticek, berriz, Iker Muniain izan du gidari. Jokaldi bakoitza hobetu egiten zen baloia haren oinetatik igarotakoan, eta hark izan ditu lehen zatiko aukera garbienak. Lehenengo saiakeran atzelari baten gorputzean jo du baloiak haren jaurtiketa batean, eta Sergio Herrerak hanka luzatu behar izan du baloia atepetik ateratzeko. Ordurako haren burua lurrera botata zuen gorritxoen atezainak. Bigarren saiakeran atzelari bati izkin egin dio area barruan, baina langaz harago jaurti du baloia.

Hasi bezain pronto, gola
Bigarren zatia hasi eta berehala jo du lehen kolpea Osasunak. Athleticen atzelariak oso aurreratuta zeuden Osasunak baloia lapurtu duenean, eta Moi Gomezek pase bikaina egin dio Abderi atzelarien artetik. Marokoarraren kontrola ez da ona izan, baina ederki egin dio izkin Dani Viviani baloia aurrera botaz. Area barruan sartu, atera begiratu, eta ezkerrarekin egindako errematea sareetara bidali du zutoina jo ostean; 1-0 47. minutuan.

Handik gutxira aldaketak egin ditu Valverdek, eta zertxobait aldatu da neurketa. Athleticek ez du lortu jokaldiak ontzea, baina Raul Garciarekin eta Nico Williamsekin arriskua eraman du une bakan batzuetan. Azken minutuan izan du Athleticek aukera garbiena markagailuan berdinketa ezartzeko, baina Raul Garciaren errematea gorputzarekin gelditu du Herrerak. Sendo aritu da defentsan Osasuna, talde lanean, eta gol baten aldearekin joango da San Mamesera. Bertan erabakiko da kanporaketa, zuri-gorrien gotorlekuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.