Uxue Rey eta Ane Eslaba izanen dira ‘Berria FM’ podcastaren aurkezleak

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean argitaratuko da lehenbiziko saioa. Hamabostean behin zabalduko dira hortik aurrera.

Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 2a
10:16
Entzun

Berria FM podcast feministaren «ziklo berria» datorren asteazkenean abiatuko da, Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Berrikuntzez josia dator saioa: Uxue Reyk eta Ane Eslabak eramanen dute gidaritza, eta sintonia, berriz, #mauriziakezdauinorhil taldeak egin du. 2019an sortu zen podcasta, Maider Galardi F. Agirre zuela gidari. Joan den urte bukaeran, baina, lekukoa Reyri eta Eslabari luzatu zien.

Hamabostean behin argitaratuko dira saioak, asteazkenetan. Edukian egonen da berrikuntza nagusia: orain arte gai jakin baten inguruan mintzatzen zen Galardi, saio monografikoak egiten zituen. Aurrerantzean, gaurkotasuna izanen da podcastaren gidari: bi astetan egon diren albisteen errepasoa eginen dute aurkezleek, eta, jarraian, gai batean sakonduko dute. Uxue Rey: «Ekarpenak eta aipamenak feminismotik eginen ditugu, eta gaurkotasunak aginduko digu zer gai landu sakonago».

«BERRIAk egunero duen begirada feminista» baliatuko dutela dio Reyk: «Uste dugu egunero paperean eta webgunean lantzen ditugula albiste asko ikuspegi feministatik». Hala, saio «goxoak, atseginak eta entzuteko modukoak» egin nahi dituzte. Hala ere, argi du beti ez dela horrela izanen: «Badakigu landuko diren gaiek inori azkuraren bat eraginen diotela, eta hori ez dugu ezaugarri txar bezala, baizik eta kontrakoa. Deseroso baldin bazaio norbaiti, hori positibotzat hartuko dugu».

Gaurkotasunaren eta saioen sakontasunaren ezaugarriez gain, aurkezleak nabarmendu du podcastaren bertze ñabardura nagusietako bat izanen dela «ahots askori» eginen dietela lekua, eta bozgorailua jarriko dietela. Izan ere, landuko dituzten gaiak «emakumeei eta genero disidenteei eragiten» dietenak izanen dira. Hori guztia «tonu arinean, baina arinkerietan erori gabe» eginen dutela adierazi du, «egoerak hausnarketa sakon eta zorrotzak» eskatzen baititu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.