Ana Berrade

«Mingarria da diruagatik gure lana eten behar izatea»

Hirurogei urteko bidea egin du Iruñeko Alaiz kolektibo feministak. Baliabiderik ezagatik, bide hori amaitutzat eman berri dute kideek. Ana Berradek 2010ean egin zuen bat taldearekin.

jarraia225058.jpg
edurne elizondo
2023ko martxoaren 3a
10:37
Entzun

Hirurogei urteko bide bat amaitutzat ematea ez da erabaki erraza izan Alaiz kolektiboko kideentzat. Horixe nabarmendu du Ana Berrade presidenteak (Iruñea, 1976). Berdintasun teknikaria da, bai eta aktorea ere. Antzerkiak eraman zuen, duela hamahiru urte, Alaiz kolekibora.

Noiz egin zenuen bat Alaiz kolektiboarekin?

2010. urte inguruan. Antzerki tailer bat zuzentzeko egin nuen bat kolektiboarekin.

Zure aktore lanak eraman zintuen taldera, beraz?

Hala da, bai, antzerkiaren bidez ailegatu nintzen. Hasieratik, hagitz eroso sentitu nintzen, eta kolektiboan toki bat nuela pentsatu nuen.

Nolakoak izan dira urteok, atea itxi behar izan duzuenera arte?

Sekulako bidaia izan da niretzat. Kolektiboan sartzeak aukera eman dit berdintasunaren esparruan gehiago sakontzeko eta inplikatzeko. Nik soziologia ikasi nuen, eta, ikasketak eta berdintasunaren esparrua uztartuz, bide berri bat hasi nuen, nolabait. Antzerkia bazter utzi gabe.

Antzerkia tresna on bat izan daiteke berdintasunaren gisako auziak lanzeko?

Bai, zalantzarik gabe. Finean, antzerkia komunikaziorako tresna bat da, eta oholtza bozgorailu bilakatzen dugu. Bide on bat da berdintasuna lantzeko.

Auzi horrek ez du beti behar duen bozgorailua aurkitzen?

Gezurra ematen du, baina hala da. Etengabeko borroka bat da gurea. Egin dugu aurrera, bai, baina badira erresistentziak ere, eta atzera egin dugu zenbaitetan. Bada diskurtso negazionista bat, berdintasunari aurre egin nahi diona.

Martxoaren 8a aspaldi bezain beharrezkoa da, beraz?

Bai. Martxoaren 8ak indar sinboliko handia du, eta lor dezake berdintasunaren auzia ez ahaztea.

Zer behar da Martxoaren 8ko hitzak egunerokoan edo politiketan islatzeko?

Martxoaren 8an denak gara feminista, eta denok jartzen dugu xingola morea. Baina berdintasuna egunerokoan landu behar da, esparrurik txikienetik hasita. Hezkuntzarekin du harreman estua; ez bakarrik haurren hezkuntzarekin: helduok ere badugu berdintasunean heziak izateko beharra. Eta lan hori egunero egin behar da.

Eta nahi ez bada?

Batzuek ez dute nahi, euren pribilegioak bazter utzi nahi ez dituztelako. Eta batzuek aurrera egiteko, bertze batzuek atzera egin behar dute. Baina zaila da pribilegioak galtzea.

Emakumeentzat ere bai? Anitz dira feminismo zuri eta hegemonikoaren aurkako ahotsak.

Emakume guztion egoera ez da berdina, eta emakume batzuek bertze batzuek ez dituzten pribilegioak ditugu. Feminismoan ahots ezberdinak daude, eta uste dut ezinbertzekoa dela bertzeek errateko dutena entzutea.

Bertzeek errateko dutena entzun behar dela diozu; Alaiz kolektiboan, 60 urteko bidean, izan da belaunaldien arteko elkarrizketa bat?

Elkarrizketa hori etengabekoa izan da. Belaunaldi ezberdinetako emakumeak aritu dira batera lanean, nor bere esperientziekin. Hori hagitz interesgarria da, zure kideek errateko dutena entzutea.

Hasierako etapan, sexu heziketari garrantzi handia eman zion kolektiboak. Zergatik?

Heziketari eman zion garrantzia, oro har, beharra bazelako. Kolektiboaren laguntzarekin lortu zuten emakume anitzek eskola gradua. Alaiz aitzindari izan zen 1960ko hamarkadan lanean hasi zenean, heziketaren esparruan; sexu heziketaren eta heziketa afektiboaren esparruan ere bai.

Bat egiteko toki bat izan zen garai hartako emakumeentzat?

Bai, bat egiteko toki bat izan zen kolektiboa, eta izaera hori ez du inoiz galdu. Emakume anitzek parte hartu dute antolatu izan ditugun tailerretan eta ikastaroetan, eta horrek aukera eman du kideen arteko sare bat ehuntzeko.

Hirurogei urteren ondotik, hori guztia amaitutzat eman behar izan duzue, baliabiderik ezagatik. Mingarria da diruagatik itxi behar izatea atea?

Hagitz mingarria. Guk beti izan dugu helburu sozial bat, eta mingarria da diruagatik gure lana eten behar izatea. Kontua da kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko trebatutako profesionalak behar ditugula, eta profesional horiei soldata duin bat eman behar diegula. Eta ezin genuen hori egin.

Administrazioaren babesaren falta sumatu duzue?

Ez dugu jaso administrazioaren babes publikoa. Diru laguntzei esker egin dugu aurrera beti, baina babes publiko hori ez dugu izan. Oraingo egoera, halere, ez da urte txar baten ondorio; aspalditik ginen maldan behera, eta bidea bukatutzat emateko garaia heldu zaigu. Amaiera duina eman nahi izan diogu bide horri.

Zuenaren gisako kolektiboek berez administrazioari dagokion lana egiten dute?

Gure kolektiboak gizarte lan handia egin du, eta aurrerantzean gertatuko denak kezkatzen gaitu. Emakume anitz artatzen genituen, tartean emakume zahar anitz. Hasieratik, egoera zaurgarrian diren emakume anitzekin egin dugu lan, eta horrekin zer gertatuko den kezkatzen gaitu.

Administrazioak hartu beharko luke ardura bere esku?

Gizarte lanetan aritzen diren funtzionario anitzekin egin dut topo, eta sentsazio bera dut beti: langileek aurrera egin nahi dute, baina baliabideak urriak dira. Uste dut egoera horri buelta emateko garaia dela, gizarte esparru hori sendotzekoa.

Berdintasun teknikari ari zara Erriberrin. Han ere antzekoa da egoera?

Bai; han ere baliabideak urriak dira. Erdialdeko Partzuergoan ari naiz lanean. Bi pertsona gaude 30 herri baino gehiago artatzen, adibidez.

Egungo krisia kontuan hartuta, egoerak okerrera eginen du?

Ez dugu baikor izateko arrazoirik; okerrena da sistemak bazter uzten zaituenean hagitz zaila dela itzultzea. Eta jende anitz ari da bazterrean gelditzen. Ezin dugu onartu hori.

Antzerkiaren eskutik egin zenuen bat Alaiz kolektiboarekin; ez duzu oholtza utzi.

Iluna taldearekin segitzen dut lanean. NUPen hasi nintzen ni antzerkia egiten. Han sortu zen Iluna.

Ostiralean, Persefone aurkeztu zenuten Vianan.

Haurrek sufritzen duten sexu indarkeriari buruzko lan bat da. Indarkeria hori erreala da, baina ezkutuan da, oraindik ere, neurri handi batean. Oholtzak ematen digun bozgorailua baliatu dugu auzi hori salatzeko eta zabaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.