Albistea entzun

Izotz eskalada

Goi mailako eskaladak Dolomitetan

Iosu Merinok, Adrian Legarrak, Ander Zabalzak eta David Lopez errioxarrak goi mailako izotz eta mistoko bideak eskalatu dituzte Vallungako (Hego Tirol, Italia) eta Innsbruck inguruko hormetan; besteak beste, Illuminati (165 m, M11+, WI6+), munduko gogorrenetako bat.

David Lopez Troner, 'Illuminati' bidearen lehen luze desplomatuan.
David Lopez Troner, 'Illuminati' bidearen lehen luze desplomatuan. Iosu Merino Tamaina handiagoan ikusi

Ramon Olasagasti -

2023ko martxoak 3

Mendian, eskaladan, bizitzan oro har, izaten dira une batzuk «orain eta hemen» aprobetxatu beharrekoak. Baldintzak efimeroak izaten direlako: gaur agian bada aukera, baina bihar beharbada ez. Horixe gertatzen da mendian, batez ere neguan, gailurrak eta hormak elurrez eta izotzez janzten direnean. Ondotxo dakite hori azken asteotan Aizkorriko ipar horman jo eta su eskalatzen ibili direnek, edo, mira urrunagoko jomuga eta bide zailagoetan jarririk, Dolomitetan berealdiko lerroak kateatu dituzten euskal eskalatzaileek.

Ander Zabalza eta Adrian Legarra nafarrak, Iosu Merino gipuzkoarra eta David Lopez Tron edo Troner errioxarra otsailaren 3an, ostiralez, abiatu ziren Etxauritik Dolomitetara. Ohikoa apopiloak dira Etxaurin, han egiten dute topo askotan, eta handik ekin zioten bidaiari. Autoz. Gironan (Katalunia) lo egin, hurrengo egun osoa errepidean pasa, eta larunbat gauean heldu ziren Brunicora. Italia iparraldean dago Brunico, Hego Tirolen zehazki, Bolzanotik iparrera. «Paliza handi samarra izan zen autoz», oroitu du Merinok, «baina han ginen».

Nekeak neke, hurrengo egunean ere goiz mugitu ziren, Selva Gardenatik gertu dauden Vallungako hormetara. David Lopez Troner-ek aurreko urtetik ezaguna zuen ingurua, eta bide bat zeraman kaskezurrean sartuta: Illuminati (165 m, M11+, WI6+), eskalada mistoan (harkaitza eta izotza) munduan diren biderik gogorrenetako bat. Inguru hartako altxor preziatuena. «Lehen egun hartan ikusi nahi genuen ea izotz zutabea eratuta zegoen. Eta bai, beheko partean oso izotz gutxi egon arren, egin zitekeela iruditu zitzaigun. Ezin genuen jakin izotzak zer lodiera eta sendotasun izango zuen goian, baina bidea egin zitekeela ikusi genuen», azaldu digu Merinok.

Lehen egun hartan, berotzeko, Godzilla (150 m, M9+, WI5+) eskalatu zuten. Eta bigarrenean, beste jauzi gogor bat: Who let the dogs out? (145 m, M8+, WI5+). Dolomitetako bidaiari hasiera ezin hobea eman zioten, beraz, hasi orduko bi bide gogor kateatuta. Hirugarren egunean, Tronerrek Illuminati-ren oinarriraino eraman zuen motxila, baina atseden hartu zuen biharamunerako. Legarrak, Merinok eta Zabalzak, berriz, bide samurragoetan kamustu zituzten pioletak hirugarren egun hartan.

'Illuminati', munduko bide gogorrenetako bat

Laugarren egunean heldu zion Tronerrek Illuminati bideari, Iosu Merino sokalagun zuela. «Lehen ekinaldi horretan, jakin nahi genuen ea izotzezko luzea, goikoa, egin ote zitekeen. Lehen luzean, gantxeo bat puskatu, eta eroriko bat izan zuen Tronerrek. Urtearen arabera, lehen luze horretan izotzezko burruntzi bat eratzen da, eta luzeak M11+ zailtasuna izaten du, baina, aurten, burruntzi hori gabe, berez zailagoa den bigarren luzea baino zailago zegoen lehena. Nik, behetik segurtatzen, flipatu egin nuen. Gero, bigarren luzean, ez zuen librean topera estutu. Lehen saialdi hartan, helburua zen goiko izotzezko luzea nola zegoen ikustea», jakinarazi digu Merinok. Alegia, berez aski zaila ez eta aurtengo baldintzekin, gogorrago aurkitu dute mistoko lerroa.

Hala ere, konpromisorik handiena laugarren luzearen hasieran eskegitako izotz-burruntzia hartzeko unea izan zen. «Izotzaren eta hormaren arteko haustura-puntu hori delikatua izaten da; izan ere, izotza hormatik bereizita dago, zintzilik bezala, eta, harkaitzetik izotzera pasatzerakoan, piolet kolpeekin hautsi egin dezakezu egitura. Kontu izan behar da», azaldu du Merinok. Dena ondo joan zen, ordea, eta bidearen kateraino eskalatu zuen Tronerrek bidea. Goizeko 10:00 inguruan hasi, eta arratsaldeko 17:00etan azken argiekin rapelatu zuten bidea. «Zazpi orduko bete-beteko ahalegina», laburtu du eskalatzaile elgoibartarrak. Biharamunean, berriz, bezperan osorik era askean eskalatu ezin izan zuen bigarren luzea eskalatu zuen Tronerrek; oraingoan bai, guztiz librean.

Beraiek dakitela, azken 10 urteotan ez du beste inork eskalatu Illuminati. Izotzaren efimerotasuna eta bidearen gogortasuna agerian uzten ditu datu horrek.

Vallungako bide preziatuena eskalatuta, Innsbruck (Austria) aldera mugitu ziren Merino, Legarra, Zabalza eta Lopez. Han, izotzez jantziago topatu zituzten paretak, eta Haengende Gaerten edo Lorategi Zintzilikariak bidearen (145 m, M8, WI6) aldaera bati heldu zioten Gasthausfall izotz jauzian. Hori ere eskarmentu handiko eskalatzaileentzat soilik gordetako jauzi gogor horietako bat. Bi sokadatan sartu ziren: Merino eta Lopez batetik, eta Zabalza eta Legarra bestetik. Azkenik, errioxarrak eta Merinok, biek lortu zuen bidea kateatzea. «Bigarren luzean parabolt bat falta zen. Tronerrek, hala ere, txapak behar zuen lekuan artesietako bat eta friend bat sartu zituen, eta konpromiso handieneko pausoa nolabait babestuta egin zuen».

Bide hori kateatuta, Iosu Merino Innsbruckeko aireportuan utzi zuten lagunek. «Astebete eskas neukan, eta itzuli egin behar nuen etxera». Beste hirurek egunen bat gehiago zuten, eta berriro ere Vallungara jo zuten, pioletei beste kamustu bat ematera. Hala, aipatutakoez gain, Ander Zabalzak Zauberfloete edo El flauto mágico bidea (140 m, M9, WI6) eskalatu zuen bistaz, Adrian Legarrarekin sokara lotuta, eta Once in a life time (165 m, M6+, WI6+) ere kateatu zuten bi nafarrek. David Lopez Tronerrek Gampenpass kobazuloko Sick and tired 40 metro desplomatuko M12 bidea ere kateatu zuen, bigarren ahaleginean.

Efimeroa da izotza, gaur bai eta bihar ez. Hamabi egun ere airean joan zaizkie lau eskalatzaileei, bizitza gaur dela jabetuta. Pioletak kamustuta, hortzak zorroztuta eta begiak piztuta itzuli dira, izotzezko eta mistoko oso goi mailako bideak kateatuta.

Jarduera honen berri zabalagoa emango dugu aurrerago, protagonisten lekukotza gehiagorekin eta argazki bilduma osoagoarekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Hiru urre lortu nahi ditut Espainiako Txapelketetan»

Unai Ugartemendia

Euskal Herrian iraupen eskiatzaileen artean atera diren azken harribitxietako bat da Alaia Juaristi. Jakako Mayencos taldean hasi zuen ibilbidea. Azken urteetako gorakadaren ondoren, Espainiako selekzioko jarraipen taldean ari da.
Probako podiuma: Aranburu eta Alonso gipuzkoarak garaile, De Migel eta Labairu nafarrak bigarren, eta Cuesta eta Torres kantabriarrak hirugarren. ©Regil zeharkaldia.

Axier Alonso eta Jon Ander Aranburu garaile Regil zeharkaldian

R. Olasagasti

Euskal Herriko Kopako azken proba ere izan da, eta horretan Aranburu nagusitu da, Ander de Miguelen eta Alonsoren beraren aurretik. Nesketan, nahiz eta Regilen ez parte hartu, Nahia Quincoces, Igone Campos eta Lur Basterretxea izan dira Kopako lehenak.

David Lopez 'Troner' errioxarra 'Illuminati' bidearen lehen luzean. ©IOSU MERINO

Jarduera sutsua izotzean

Ramon Olasagasti

Iosu Merino, Ander Zabalza eta Adrian Legarra euskal herritarrek eta David Lopez 'Troner' errioxarrak izotz bide gogor ugari eskalatu dituzte Dolomitetan, baita bide mistoak ere. Ohi baino izotz gutxiago topatu dute jauzietan, eta gorputza «atseden eske» zutela amaitu dute bidaia.
Mendiko lasterketen Euskal Herriko Kopa

Abian da mendiko lasterketen Euskal Herriko Kopa

Ramon Olasagasti

Bediako (Bizkaia) Kolazino Eguna izango da Kopa osatuko duten zortzi probetan lehena. Egutegian izango dira Kilimon Trail, Manttaleren Berako maratoi erdia eta Azkaingo Skyrhune. Ultra distantziako Euskal Herriko Kopa apirilaren 15ean abiatuko da eta lau proba izango dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.