Hizkuntza eskubideak jomugan

Uliazpiko sententziaren harira, euskara «koofiziala» dela oroitarazi du Urkulluk

Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak gogorarazi du hizkuntza politikak «talde politiko ezberdinen artean adostuak» izan direla berrogei urtez.

Bingen Zupiria eta Jokin Bildarratz, artxiboko irudian. IREKIA
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 3a
11:59
Entzun

Erreakzio soka luzea eragin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpi fundazioaren hizkuntza eskakizunen kontra atera zuen ebazpenak. Gaur, epaia txarretsi du Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Zehazki, esan du auzitegiaren jarrerak «kezka eta atsekabea» eragin diola, eta Jaurlaritzak «azterketa juridikoa» eginen duela horren gainean. Urkulluren esanetan, azterketa horren ardatza izanen da «botere judizialean eta justiziaren aplikazioan ere aintzat hartu beharko litzatekeela euskara hizkuntza koofiziala dela Euskadin, eta beraz, herritarrek eskubidea dutela euskara ere erabiltzeko».

Urkullu ez da ebazpenaren gaineko iritzia eman duen gobernukide bakarra izan. Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburu Bingen Zupiriak eragile politiko eta sozialak premiatu ditu «euskararen gaineko akordioak eta adostasunak indartzera», azken berrogei urteetan indarrean izan diren hizkuntza politiken alde.

Uliazpi Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko erakunde publiko bat da; era guztietako desgaitasun neurologikoak edo fisikoak dituzten herritarrekin eta senideekin egiten du lan. Fundazioak 34 zaintzaile kontratatzeko oposizioa antolatu du, eta euskarazko B2 titulua ezinbestekoa zen horietatik 32tan; meritutzat zeukaten beste bitan. Baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du betekizuna, enplegu publikoa eskuratzeko eskubidea urratzen duelakoan. Zehazki, epailearen argudioa da administrazioak «ezin diela exijitu euskararen ezagutza» oposizioetara aurkeztutako hautagai guztiei, horrek urratuko lukeelako «hizkuntza profila akreditatzen ez dutenek enplegu publikorako duten eskubidea».

Ikusi gehiago:Iñigo Urrutia «Araubide askoz ere zorrotzagoak behar ditugu»

Ebazpen horren kontra egin du Zupiriak, eta gaineratu du «bat egiten duela» Gipuzkoako Foru Aldundiak agertutako jarrerarekin. Atzo, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok «oso larritzat» jo zuen epaia, lehen eta bigarren mailako herritarrak ezartzen dituelako: «Aldundiaren eginbeharra da guztien eskubideak bermatzea; ezin da atzera egin. Muturreraino eramango dugu», adierazi zuen Olanok Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, eta berretsi zuen helegitea jarriko dutela.

Zupiriak gaineratu du euskararen erabileraren normalizazio prozesuak helburutzat daukala «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea», eta, zehazki, nabarmendu du «erkidego honetako biztanleek duten eskubidea gaztelania nahiz euskara erabiltzeko, erakundeetara jotzen duten bakoitzean». Hizkuntza Politika sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzari dagokio euskararen normalizaziorako oinarrizko irizpideak ezartzea. «Hortik aurrera, erakunde bakoitzaren egitekoa da, irizpide orokor horien arabera, normalizazio planak diseinatzea eta beharrezko profil linguistikoak ezartzea; eta horixe egin du Gipuzkoako diputazioak kasu honetan».

Ikusi gehiago:Uliazpiko langileek, «epai euskarafoboa» salatu, eta oposizioen emaitza babestu dute

Zupiriaren esanetan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren gainean «analisi juridiko sakona» eginen du Jaurlaritzak, «bi interes» jartzen dituelako aurrez aurre: «Lanpostu publiko bat lortzeko eskubidea eta erkidego honetako herritarrok ditugun hizkuntza eskubideak». Sailburuak gaineratu du euskararen normalizazio prozesua «berrogei urtez talde politiko ezberdinen artean adostutako hizkuntza politiken ondorio» dela, eta, haren ustez, «hau une egokia izan daiteke kontsentsu eta akordio horiek indartzeko eta beharrezko urratsak egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.