Lanaldia

Jaurlaritzak dio lau eguneko lan astea enpresetara «talentua erakartzeko» modua izan daitekeela

Idoia Mendiak adierazi du proposamenaren berri eman dietela Elkarrizketa Sozialaren Mahaian dauden enpresei eta sindikatuei, eta proba pilotuak egiteko asmoa dutela.

Langileak lanean Haizea Wind haize errotak egiten dituen enpresan, artxiboko irudia. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 3a
12:06
Entzun

Lau eguneko lan astea eta telelana. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordearen arabera, horiek dira pizgarri erakargarriak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresetara «talentua erakartzeko». Izan ere, ingeniaritzen alorrean edo informazioen teknologien sektorean, adibidez, gero eta zailagoa da langileak mantentzea eta profil jakin batzuk kontratatzea.

Mendiaren arabera, telelana sustatzea edo astean lau egunez lan egitea arazo horri konponbidea emateko bidea izan daiteke. Hortaz, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak lantalde bat sortuko du, gisa horretako egoerak aztertzeko eta lantzeko.

Lehendakariordeak adierazi du mahai horretan parte hartzen dutenei –CCOO eta UGT sindikatuak, eta Confebask patronala– eman dietela neurrien berri, eta asmoa dela enpresa jakin batzuekin proba pilotuak egitea. Betiere, «ardura orduak murriztu gabe, baina kontziliazioan horien emaitzak ikusteko».

Neurri horiek, baina, ez dira begi onez ikusi orain arte. Izan ere, Confebaskek adierazi izan du alor horietan produkzio erritmoak oso zehaztuta daudela, eta lau eguneko lan asteak ez liokeela mesederik eginen antolaketa horri. Telelanari dagokionez, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan langileen %5 inguruk bertzerik ez dute horrela lan egiten, eta, gainera, kopuruak behera egin du joan den urtetik.

Confebask, eztabaidatzearen aurka

Mendiaren proposamenari agiri baten bidez erantzun dio patronalak, eta argi utzi du ez duela begi onez ikusten. Zehaztu du lehendakariordeak Elkarrizketa Sozialaren mahaiaren agendan sartzeko proposamen bat besterik ez dela, eta aurka bozkatuko duela gaia jorratzeko lan talde berezi bat sortzea proposatzen badute. «Uste dugu gaur egungo krisiaren testuinguruan soilik arduratu behar dugu irtenbide eta konpromiso praktikoak bilatzeaz, guztien artean irteteko egoera zailetik».

LABek «propaganda» ikusi du

Sindikatuen artean, LABek gogorarazi du lanaldia murriztearen alde dagoela eta proposamen zehatzak egin dituela, hala nola, asteko lanaldia 30 ordura txikitzearena. «Orain arte ez dugu erantzunik jaso», argitu du, agiri baten bidez.

LABek uste du lanaldia murrizteko eztabaidari «premiaz» heldu behar zaiola, baina ez du uste horretarako leku egokia denik Elkarrizketa Sozialaren Mahaia. «Mendiari gogorarazi behar diogu mahai antidemokratiko horretan herri honetako gehiengo sindikalak ez duela parte hartzen. Era horretako eztabaidek bestelako prozesu, marko eta akordioak eskatzen dituzte. Propaganda kanpaina gutxiago, eta eztabaida serio gehiago».

Saiakerak

Mendia ez da gisako neurri hori aplikatzeko ahaleginak egiten ari den bakarra. Izan ere, joan den urte amaieran Erresuma Batuan proba pilotu bat egin zuten 71 enpresatan: lau eguneko lan astea aplikatu zuten, soldatak berdin mantenduta. Adierazi dutenez, «oso arrakastatsua» izan zen saiakera, langileen estresa txikitu egin baitzen. Gainera, proban parte hartu zuten enpresetatik 61ek erabaki dute lan egun kopuru berriarekin jarraitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.