Etxebizitza

Etxebizitza duinen aldeko kanpaina abiatu du Emakume Migratu Zaintzaileen Elkarteak

Etxeak alokatu nahi dituzte, eurek kudeatzeko eta kolektiboko kideei etxebizitza bat edukitzeko aukera emateko. Emakumeen egoera «itogarria» dela salatu dute.

Euskal Herriko Emakume Migratu Feminista Zaintzaile Soziosanitarioak elkartearen aurkezpena, gaur, Bilbon. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko martxoaren 3a
13:08
Entzun

«Arrazakeria, klasismoa, pobrezia, etxebizitzaren arloko espekulazio bortitza. Are gehiago, bankuak eta putre funtsak. Horregatik guztiagatik, migratzaileak baztertuta geratzen gara beti». Elizabeth Ariza Euskal Herriko Emakume Migratu Feminista Zaintzaile Soziosanitarioak elkarteko kidea da, eta emakume migratuek bizi duten egoera salatu du gaur, Bilbon egindako aurkezpenean. Etxebizitza eskuratzeko ere «baztertuta» daudela nabarmendu du. Hori dela eta, elkarteak kanpaina bat abiarazi du, Etxebizitzak orain, justizia sozialaren alde lelopean: «Partikularren edo gizarte erakundeen pisuak alokatu nahi ditugu, guk geuk kudeatzeko eta gure kolektiboari etxebizitza duin bat edukitzeko aukera emateko». Izan ere, Arizak nabarmendu du elkarteko kideen %90ek «gabezia larriak» dituztela etxebizitza alokatzeko.

Elkarteak dei egin die, besteak beste, talde feministei, arrazakeriaren aurkako taldeei, sindikatuei, alderdi politikoei eta lagundu nahi duen edozeini; eta hiru aukera eman dizkiete kanpainan parte hartzeko. «Erresistentzia kutxan lagundu dezakete, eskatzen diren alokairu sarreren bermeei aurre egin ahal izateko». Horrez gain, alokatzeko pisuak eta etxeak dituztenei esan diete haiekin harremanetan jartzeko, bi aldeentzako «baldintza onak» kudeatzeko asmoarekin: «Elkarte gisa ditugun konpromisoak hauek dira: jabetza zaintzea, funtzionamendu egokia izatea, ordainketa eguneratuak egitea eta praxi onak edukitzea». Zaintzaile soziosanitarioak kontratatu nahi dituztenei gogoratu diete «250 emakume profesional baino gehiago» daudela elkartean, eta askok lan kontratu bat eskatzen dutela gizarte errotzea kudeatzeko.

«Bitxia» iruditzen zaio Arizari ikustea sozialki ez zaiela «behar besteko baliorik» aitortzen «funtsezko» enpleguetan aritu arren: «Oinarrizko eskubideetatik baztertuta gaude, eta erabat prekarizatuta eta zapalduta». Emakumeek hamahiru eta hamabost ordu bitarteko lanaldiak dituztela azaldu du, «eta, batzuetan, 24 ordukoak». Kontziliatzeko egun libreak falta dituzte, gainera; eta, laneko, gizarteko eta erakundeetako gehiegikeria pairatzen dute.

«Ezin dugu gehiago»

Alokairua lortzen dutenean, baina, dena ez da konpontzen: «Erroldatzea debekatzen digute, egonkortasunik eza, intimitaterik eza...». Arizak salatu du haien «gorputzek» ez dutela jasaten «egoera itogarri» hori. Horregatik, gune seguruak exijitu ditu, gutxieneko atsedena bermatua izan dezaten. Izan ere, karga emozionalak ere eragina du emakumeen osasun fisikoan eta mentalean: «Gure lurraldetik urrun gaude, eta maite ditugunak falta dira. Ezin dugu gehiago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.