Egiptologia

Korridore bat aurkitu dute Keopseko piramidean

Lehen zantzuen arabera, baliteke piramidearen pisua arintzeko balio izatea. Keops erregearen hilobia «babesten» duela ere uste dute egiptologoek. 

Keopseko piramidean topatu berri duten korridorea. SCAN PYRAMIDS.
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 3a
16:25
Entzun

«Misterio batek 4.500 urte izateak ez du esan nahi ezin denik deszifratu», diote Scan Pyramids proiektuko ikertzaileek. Zortzi urte igaro dira sortu zenetik, Egiptoko Antzinatasun Ministerioaren ekimenez sortu ere. Egiptoko piramideak ikertzeko eratu zuten, eta, apurka-apurka, ari dira hitza betetzen. Iragarri berri dute korridore bat topatu dutela Keopseko piramidean —Gizako piramideen artean handiena da—. Bederatzi metro luze da, eta gutxienez bi metro zabal.

«Teknologiak sekretu handi bat argitu du». Izpi kosmikoak erabili zituzten lehenbizikoz; gero, ultrasoinuak; baita radar bat ere. Hala, zirrikitu bat topatu zuten harri trinko batean. Hartatik 5 milimetroko endoskopio bat sartu, eta espazio huts bat aurkitu zuten: korridorea. Piramidearen sarreraren gainean dago, zazpi metro gorago. Lehen zantzuen arabera, baliteke piramidearen pisua arintzeko balio izatea.

Beste hipotesirik ere badute: Zahi Hawas egiptologoaren eta Scan Pyramidseko batzorde zientifikoko buruak uste du korridoreak «zerbait ezkutatzen duela» edo «zerbait ari dela babesten». Zerbait hori zer izan daitekeen esatera ere ausartu da: «Keops erregearen benetako hilobia». Erregearen misterioa oraindik argitzeke eta argitzear da. Gainontzeko erregeen hilobiak eta altxorrak aurkitu dituzte, Keopsena izan ezik.

Hemendik aurrera, piramideko hutsune aurkitu berria sakon aztertzea besterik ez zaie falta. Robotak erabiliko dituzte horretarako, Hawassen hitzetan, korridoreak «lurpean den beste espazio batera» daraman ikertzeko. «Gune estua da, baina robotak gai dira bertara heldu eta ezkutuan denaren argazkiak ateratzeko», gehitu du.

100 urte Tutankamonen hilobia aurkitu zutela

Joan den otsailean, mende bat bete zen Howard Carterrek Tutankamonen hilobia aurkitu zuenetik. Urteurrenaren kariaz, Karlos Almorza Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariak xehe-xehe azaldu zituen egiptoerari buruzko bitxikeria eta sekretu guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.