Euskal presoak

«Presoen eskubideak bortxatzen dituen justiziaren kontra» ere arituko dira Sareren «fase berrian»

Urteko batzarra egin du presoen aldeko elkarteak Astigarragan

Sareren urteko batzarrean parte hartu dutenen famila argazkia, gaur, Astigarragan. SARE
2023ko martxoaren 4a
14:13
Entzun

Presoak sakabanatzeko eta urruntzeko politika bukatzear den honetan, Sare elkarteak «fase berriari» ekiteko prest dagoela adierazi du gaur, Astigarragan eginiko urteko batzarrean. Zazpigarrena du elkarteak.

«Fase berri honetan konfrontazioa eta salaketa lana ez dira soilik presoen eskubideak bortxatzen dituzten gobernuen aurka», adierazi du Joseba Azkarraga eledunak. «Erasoaldi horretan buru belarri diharduen justiziaren kontra» ere arituko direla gaineratu du. Presoen gradu progresioaren eta askatasunaren aurka ebazpenak ematen ari diren epaileen «mendeku» asmoa salatu dute. Bego Atxarekin batera aritu da Azkarraga.

Izan ere, hamar preso baino gehiagori hirugarren gradua kendu, eta espetxera berriz bidali dituztela gogoratu dute.

Presoak urruntzeko politika amaitu izanak arazoa ez duela konpondu adierazi dute.

Presoen aurkako erabakiak hartzen eta bultzatzen ari diren Espainiako Auzitegi Nazionala eta Fiskaltza «eskuin mutur politikoaren arma juridikoa» bihurtu dira, adierazi dute. Horren aurka lanean jarraituko dutela gaineratu dute.

Euskal presoei hirugarren gradu gutxi ematea egotzi diote Jaurlaritzari.

Azkarragak esan du gaurkoz 110 preso egon beharko lirateke hirugarren graduan, horretarako baldintzak betetzen dituztelako.

Baina Sare harago joango dela berretsi du Azkarragak. Euskal Herrira gerturatzeaz gain, presoak etxera ekarri arte ez direla geldituko esan du. «Etxera. Bai. Etxera». Eta horren kontra ager daitezkeenei eskatu die «presoak espetxeetan ustelarazi eta salbuespena betikotu nahi» ote duten argitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.