Pilota

Zaleen eta pilotarien beroa jasota esan dio agur pilotari Irribarriak

Jasotako omenaldia "inoizko txapelik ederrena" izan esan du. Bere azken tantoa, pilotakada, osatu duen ibilbidearen isla izan da: ezkerrez, indartu eta ia erreboteraino

Gorka Rubio / Foku. IRRIBARRIA ZALEEI AGUR ESATEN.
ainara arratibel gascon
2023ko martxoaren 4a
21:19
Entzun

Eibarretik Donostiara. Zortzi urte. Hiru txapel. Buruz buruko txapeldun gazteena. Eta bere kirol ibilbideko azken tantoa, azken pilotakada ibilbide horren isla. Indartsua, ezkerrez eta ia erreboteraino. Atano III.eko zale guztiak jaikita eta txaloka. Betiko oihua inoiz baino ozenago: «Irri Irri, Irri Irri». Iker Irribarriak nekez izan zezakeen agur politagorik, gaur izan duena baino gehiago. Hala aitortu du agur partidaren amaieran: «Hitz egitea zaila da egoera honetan. Baina zortzi urtean jaso dudan txapelik ederrena da gaurkoa. Frontoia beteta, atzean nire lankide, enpresakide eta kontrarioak. Izugarri gozatu dut kantxetan, eta espero dut hemendik aurrera zuekin guztiekin kantxatik kanpo ere gozatzen segitzea». Ostean onartu du ez zaiola eze falta izan agurrari. «Hemendik 10 urtera izatea bakarrik».

Arratsalde hasieratik antzeman da Atano III.aren inguruan egun berezia zela. Irribarriaren kamiseta ugari, gehienak gorriak. Eta pilotazaleetako askok, batez ere Irribarriaren herrikideak, Aramakoak, zapi gorri batekin lepoan. Bertan, bost data ageri ziren: Irribarriaren debutarena, irabazitako hiru txapelena eta agurrekoarena. Bai zapia baita elastikoa ere zeramatzan Asier Muñagorrik. Aspalditik du ezagun Irribarria. Peru semearekin zihoan. «Herriak oso modu berezian bizi izan du Ikerren agurra. Tristura puntu batekin. Izan ere, pena da halako pilotari handi batek, dituen ahalekin, lesio batengatik uztea pilota. Baina harro eta pozik gaude egin duenarekin. Pilotari eta lagun handia izateaz gain, gure herriari, Aramari, asko eman dio». Beste herri askotatik bertaratu dira pilotazaleak Irribarriari merezitako agurra ematera. Irun eta Lezotik ailegatu dira Pili eta Gemma Legorburu. «Betidanik izan gara oso Irribarria zaleak. Haren garaipen nahiz porrotekin asko gozatu eta sufritu dugu. Hain urte gutxian lortu duenak erakusten du nolako pilotaria izan den. Baina gehien gustatu izan zaiguna haren izateko modua izan da: indartsua eta aldi berean umila. Bere agurra ahaztezina izatea merezi du».

Behin frontoian sartuta, giroa berotzen joan da. Ondoan izan ditu pilotazaleak ez ezik, lagunak eta senideak. Tartean zen Aritz Elustono Realeko jokalaria. Lehengusua du Irribarria. Honela mintzatu da. «Sentimendu askoko eguna izaten ari da. Iker gozatzen ikusi dugu kantxan, baina osasuna denen gainetik dago, eta utzi egin behar du pilota. Une politekin geratu behar du, eta pilotari eman dion guztiarekin. Ziur nago irribarre batekin amaituko duela eguna».
Pilotari eman dionari erreparatu dio Oinatz Bengoetxea pilotari ohiak: «Egia esan oraindik ere asko emateko moduan zegoen. Zorte txarra izan du. Baina beti izan da indar handiko pilotaria, ausarta. Hark izan du beti partiden aginte makila. Aurkari gogorra izan da». Orain datorrenari baikor begiratzeko aholkatu dio. «Ederra da».

Peio Etxeberia enpresakideak onartu du «egun berezia» zela gaurkoa. «Merezi zuen halako agur bat, ikusi da zaleek nolako estimua dioten. Orain gozatzea dagokio bizimodu berriaz. Pertsona bizia da, eta haren ibilbidea ere halakoa izan da. Oso gaztetatik lortu du arrakasta, eta jakin du hori behar bezala kudeatzen». Askotan izan du Irribarria aukari. «Bolearekin min handia egin du beti, eta sekulako joa izan du».

Omenaldia eta oroigarriak

Irribarria beroketa ariketak egitera irten denean hasi da berotzen frontoia. Pilotariak albo banatan zituela irten da, bikotekide izan duen Jose Javier Zabaletarekin eta Altuna III.a eta Martija kontrarioekin. 22-18 irabazi dute Aramakoak eta Zabaletak, eta zaleek gogotik txalotu dituzte haren tantoak, baita Txoriak txori eta Ikusi mendizaleak abestu ere.

Partida amaitu ostean irten dira bi enpresako pilotariak kantxara, eta haiengandik inguratuta jaso du omenaldia Irribarriak. Ez zaio ezer falta izan. Josu Arrizabalaga Izer trikitilariak trikitia hartu, eta agurra jo du. Hura izan da Irribarriaren pandero irakaslea. Dantzan, berriz, Garazi Egiguren aritu da, Tolosako Kimua dantza taldeko kidea. Keinu polita izan da 2016an Irribarriak irabazi zuen Buruz Buruko txapelari. Egiguren izan zen txapel hura irabazi ostean Araman egin zioten omenaldian dantza egin zuena. Gero iritsi da Aitor Sarriegi bertsolariaren bertsoa. Bertsozalea da Irribarria, eta pilotazalea Sarriegi. Aramakoaren «ezker zoragarria» izan du gogoan. «Eta eskubia, a ze bi». Eta etorkizunera begira jarri zaio:«Lehen eskua sartua haiz mila pilota klaseri, ta hau saskian utzita ezin haiz sillan eseri. Badaukak nondik hasia, nori heldu eta zeri. Eskerrik asko Iker ta, bizitzaz gozatzen segi».

Oroigarria bat baino gehiago jaso ditu: Fernando Bidarte Aspeko buruak Iñigo Manterola eskulturgilearen artelana eman dio, eta alabarentzat Asperen elastiko bat jaso du, atzean Irribarria izena ageri zela. «Ahal badut, bihar bertan jarriko diot», esan du gero. Maila nagusiko hiru txapel irabaziak ditu Irribarriak. Gaur beste bat jaso du. Unai Lasok jantzi dio, Pilotari Profesionalen Elkartearen izenean. Eta amaitzeko, Aspeko enpresakideen aldetik, koadro bat jaso du, bere ibilbideko une garrantzitsuenen argazkiekin. Beñat Rezustak eman dio. Harekin izan zen txapeldun binaka

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.