Rayo 0-0 Athletic

Hutsean berdindu dute Rayok eta Athleticek

Aukera gehiago izan dituzte zuri-gorriek, baina ez dute asmatu ate aurrean. Talde bakoitzak jaurtiketa bana egin du zutoinera.

Oihan Sancet baloiarekin, gaur, Madrilen. Txartel gorria atera dio epaileak neurketaren amaieran. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 5a
21:31
Entzun

Bolada txarra nolabait eteteko balio duen puntua lortu du Athleticek Vallecasen (Madril). Zuri-gorriek hiru porrot zeramatzaten jarraian (bi ligan), eta gaur Rayo Vallecanoren zelaian neurketa serioa jokatu dute, denboraldi ona egiten ari baita. Europan postu bat lortzeko lehian dabiltza bi taldeak. Biek izan dituzte garaipenaren gola sartzeko aukerak.

Batez ere lehen zatian, gehiago izan dira bizkaitarrak, Sancet bikain bati esker. Erdilariak izan du Athleticen aukerarik argiena ere, buruz; azken metroetan ondo moldatu da Guruzetarekin, hamaikakoan izan baita. Dena den, atsedenaldiaren aurretik izan den aukerarik argiena Rayok izan du: zutoinean jo du Alvaro Garciaren erremate batek.

Lehenengoaren bide beretik hasi da bigarren zatia. Aukera oso argiak izan dituzte Nico Williamsek eta Berenguerrek. Athletic, ordea, bere hutsegiteak garesti ordaintzear izan da. Azken ordu erdian, Raul de Tomas zelairatu denetik, hobea izan da etxeko taldea, eta Agirrezabalak geldiketa bikain bat ere egin behar izan dio aurrelariari.

Bi taldeak azken minutura arte jardun dira borrokan: Rayoren unerik gozoenean, Nicok zutoinera egin du jaurtiketa bat, eta epaileak txartel gorria erakutsi dio Sanceti, neurketako onenari.

Sailkapenari dagokionez, Athletic zortzigarrena da 33 punturekin, Osasunarekin berdinduta. Bi gehiago ditu Rayok.

Rayo: Dimitrievski; Balliu, Lejeune, Mumin, Fran Garcia; Comesaña, Valentin (Pathe Ciss, 80'), Trejo (Unai Lopez, 80'), Isi (Salvi, 87'), Alvaro Garcia; eta Camello (De Tomas, 66').

Athletic: Agirrezabala; Lekue (De Marcos, 76'), Vivian, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia (Vesga, 84'), Zarraga (Vencedor, 84'), Sancet; Berenguer (Iñaki Williams, 71'), Nico Williams eta Guruzeta (Raul Garcia, 71').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.