Osasuna 0-0 Celta

Berdinketarekin konformatu behar izan dute gorritxoek

Osasuna nagusi izan da lehen zatian. Gero, partida berdindu egin da, eta, azken unean, Pablo Ibañez garaipenaren gola sartzear egon da burukada batekin, nafarrentzat. Osasuna zortzigarren dago sailkapenean, Europako postuetatik hiru puntura.

Aimar Oroz ete Yago Aspa lehian. IñIGO URIZ / FOKU
ainara arratibel gascon
2023ko martxoaren 6a
23:08
Entzun

Liga eta Kopa artean, Osasunak ezin izan du hirugarren garaipena kateatu. Sevillari eta Athletici irabazi ostean, puntu batekin konformatu behar izan du Celtaren kontra. Gorritxoek 0-0 berdindu dute Sadarren. Lehen zatian, nahiz eta aparteko neurketarik ez egin, nagusi izan dira, eta merezi izan dute gola sartzea. Baina ez dute asmatu. Bigarren zatian, Celtak aurrerapauso txiki bat eman du, eta partida apur bat gehiago parekatu da. Bi taldeak golaren bila joan dira, eta azken unean Osasuna gola sartzear egon da Pablo Ibañezen burukada batean. Baina Ivan Villar Celtako atezainak sekulako eskua atera du. Hala, puntu bana eraman dute bi taldeek. Denboraldi honetan Osasunak ligan Sadarren lortu duen lehen berdinketa da. Gorritxoak zortzigarren lekuan geratu dira sailkapenean, 34 punturekin: Europako postuetatik hiru puntura.

Lehen zatian, hasi eta buka, Osasunak izan du jokoaren ekimena. Celtak apenas sortu duen aukerarik. Alderantziz: eusteko lanetan aritu da, eta gorritxoen hutsen bat baliatu nahi izan du, aurrean dituen bi jokalari erabakigarrienek, Gabri Veigak eta Yago Aspasek, aukeraren bat baliatu zezaten. Baina Osasunak azken partidetan atzean izan duen sendotasunari eutsi dio, eta Aitor Fernandezek ez du ia lanik izan. Erasoan, nafarren jokalari arriskutsuena Ez Abde izan da. Berriro ere partida oso ona jokatu du marokoarrak. Osasunari izan dituen hiru aukeretako batean asmatzea falta izan zaio. Horietako bi, argienak, Ante Budimirrek izan ditu. Lehena, 19. minutuan: Punpa laster egin du errematea, baina gurutzatuegi joan zaio, eta, gainera, Ivan Villar Celtako atezainak esku ona atera du. Bestea 29. minutuan ailegatu da. Buruz, penalti puntuan, ondo errematatu du Galiziako taldearen bi erdiko atzelarien artean. Baina atearen gainetik joan zaio. Hala, 0-0 amaitu da lehen zatia.

Bigarrena berdin hasi da. Osasunak izan du partidaren aginte makila. Celtak bereizi samar zituen lerroak, eta horrek zaildu egin dio erasoko jokoa sortzea. Baina, partidaren minutuak aurrera joan ahala, neurketa apur bat aldatu da. Celtak pare bat aukera izan ditu Veigaren eta Aspasen oinetan. Ez dute gola sartu, baina konfiantza eman die erasora joateko, eta horrek zalantzak eragin dizkio Osasunari. Joan-etorrikoa bihurtu da neurketa. Hor edozeinek irabaz zazakeen. Gertuen Osasuna egon da. Harago, Ez Abdek gola sartu du area ertzetik egindako erdiraketa batean, 73. minutuan. Baina epaileak baliorik gabe utzi du, Chimy Avila baloiaren norabidean gurutzatu baita, eta jokoz kanpo geratu da. Osasunak garaipena nahi zuen, eta ekinean jarraitu du. Erasoan zerbait aldatzeko, Jagoba Arrasatek Kike Garcia eta Kike Barja zelairatu ditu, Chimy Avilaren eta Budimirren ordez. Baina ez dute lortu. Azken minutu horietan bi taldeek gauzak bizkorregi egin dituzte, eta jokaldiak gehiago lantzea falta izan zaie asmatzeko. Baina neurketa amaitzear zela iritsi da Pablo Ibañezen aukera. Ez da sartu, eta hala amaitu da neurketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.