Nork ez ditu lotzen Toblerone txokolatea, Suitza eta mendia? Mendi kate forma du barra gozoak, eta piramide formako haren kutxa horian, piramide itxurako Matterhorn-Cervino mendi ikonikoaren marrazki bat agertzen da (mendian, ezkutaturik, Suitzako beste ikur bat ikusten da: Bernako hartza). Amaitu da hori, ordea.
Mendi horren irudia kendu beharko du Toblerone barra egiten duen konpainiak, Suitzako legeak galarazten diolako herrialdeko babesturiko ikurrak erabiltzea, horren ekoizpena atzerrira eraman ostean.

Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako Mondelez konpainia da Toblerone markaren jabea, eta, iragarri duenez, Eslovakian ekoizten hasiko dira, hein batean, «munduan hazi den eskaerari erantzuteko, eta etorkizunean hazteko». Konpainiak esan du Cervino-Matterhornen irudia, mendi baten «irudi orokor» batekin ordezkatuko dutela, eta Tobler sortzailearen sinadura sartuko dutela.
Horrez gain, Suitzan egina leloa kendu beharko dute, eta Suitzan eraturiko enpresa esamoldearekin ordezkatu, legeak aginduta.
Memeak sortu dituzte sare sozialetan, Matterhorn-Cervinok Txindokirekin duen nolabaiteko antzaz baliatuta.
Toblerone-k Goierrin zabalduko omen du ekoizpen planta berri bat, bere irudia mantendu ahal izateko. pic.twitter.com/rFzQxQhlSA
— â;ÂÂÂ;“¤â;ÂÂÂ;“œâ;ÂÂÂ;“žâ;ÂÂÂ;“¡â;ÂÂÂ;“”ð;ÂÂÂ;ŸÂ‡²ð;ÂÂÂ;ŸÂ‡°â;ÂÂÂ;“ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂâ;ÂÂÂ;“¢â;ÂÂÂ;“šâ;ÂÂÂ;“”â;ÂÂÂ;“ (@umoreaskea) March 6, 2023
Theodor Toblerrek sortu zuen gozokia 1908. urtean. Bere abizena eta torrone (turroi) hitz italiarrarekin nahastuta. Baina 1970. urtean, Suchardekin bat egin zuen enpresak. Kraft Foods multinazionalak erosi zuen 1990. urtean, eta, Europan aritzeko, Mondelez izena eman zioten konpainiari.
Matterhorn-Cervinoren irudia 1970. urtetik erabili dute, eta Berna inguruko Ingenbohl herrian izan dute lantegia.
Baina Suitzak estu zaintzen ditu bere ikur nazionalak, eta 2017. urtean onartu zuten lege batek zehazten du ezin direla ikur horiek erabili esnekietan oinarrituriko produktuetan, ez badira osorik egiten Suitzan. Bestelako produktuetan, berriz, osagaien %80 izan behar dira Suitzan sortutakoak.

Nazioaren ikurrak edonork erabiltzea galarazi nahi izan du Suitzak lege horren bitartez. Izan ere, Suitzaren irudia luxuarekin eta kalitatearekin lotzen da munduan, eta tentagarria zaie beste herrialde batzuetako enpresei harekin nolabaiteko lotura irudikatzea. Marketinaren munduan, foreign branding esaten zaio horri, hau da, herrialde bateko enpresa batek beste bateko hitzak edo irudiak erabiltzeari hangoa dela iradokitzeko, haren irudi onaz baliatzeko trikimailu gisa. Horren adibideak dira Ingalaterrako Superdry eta Kataluniako Koroshi (Japoniako kutsua erabiltzen dute), Frantziako Geographical Norway eta Italiako Napapijri (Norvegiako bandera).

Baina Euskal Herria ere bada horren biktima. Euskara, sasi-euskara eta euskal ikurrak erabiltzen dituzte hainbat konpainiak, batez ere Frantzian elikagaiak saltzeko.
Baionako Xingarra (Jambon de Bayonne) markarekin saltzen den urdaiazpikoa egiteko zerriak Bretainiaraino eta Kataluniaraino haz daitezke, esaterako, eta Baiona hitzarekin eta lauburu gorri batez saltzen den xingar bat Biarnon ekoizten da.

Saint Agur izenpean saltzen den gazta, berriz, Frantzia eta Okzitaniako eremuak hartzen dituen Auverniako eskualdean egiten dute.
Eskerri gazta Garona Garaian (Frantzia) ekoizten dute, sasi-euskarazko izena eman badiote ere.

Eta Lourdesen (Okzitania) euskal oilaskoa prestatzen dute, eta ustezko «euskal Pirinioetako errezeta» erabiltzen duen txerriki egosia, aranekin, berotu eta jateko.
Matterhorn-Cervino mendirik gabe, baina Gavarnieko zirkuaren irudiarekin laguntzen dute.