Albistea entzun

Erretretaren erreforma

Jendetza elkartu da Baionako manifestazioan, greba egunean

Greba iraunarazi nahi dute sindikatuek, eta aste osoan ekintzak eginen dituztela iragarri dute.

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko martxoak 7

Erretreten erreformaren kontrako mobilizazio jendetsua egin dute Ipar Euskal Herrian, asteartean. Frantziako Gobernuak gibel egin dezan «dena gelditzera» deitu dute sindikatu nagusiek, eta jarraipen handia izan du greba mugimenduak. 11.000 pertsona elkartu dira goizean Baionako karriketan, eta ehunka pertsonak manifestazioa egin dute arratsaldean Donapaleun (Nafarroa Behera). Indar harremanean «ozka bat» igotzeko borondatea nabarmendu dute sindikatuetako ordezkari gehienek. «Gaurkoa etapa bat da. Ozka batez igo gara, baina horrek ez du erran nahi gorenean gaudenik», abisatu du Mercedes Graciet CFDTko arduradunak. «Lehen egun bat da, jendeari ekonomia gelditzeko eskatzen diogu, erakusteko langilerik gabe Frantzia ez dela ezer».

Mobilizazio jendetsu baten argazkia lortu nahi izan dute goizean sindikatuek, eta hala izan da. Jende multzo handia bildu da geltokian, eta luze joan da manifestazioa San Leon itzulguneraino. Bertan, Baionako zirkulazio ardatz nagusi bat oztopatu dute grebalariek tarte batez. Ibilbidean zehar, hainbat banketxe eta aseguru agentziari eraso diete burua estalia zeramaten ezezagun batzuek. Tindua bota eta erakusleihoak apurtu dituzte.

Bai funtzio publikoan eta baita enpresa pribatuetan ere, Ipar Euskal Herrian greba deialdi andana izan direla baieztatu dute sindikatuek. Garraio arloan ikusi da eraginik handiena: Baionako geltokia itxia egon da goizean, eta abiadura handiko tren bakarra ibili da Hendaia eta Baiona artean; eskualdetako trenik ez da atera. Miarritzeko aireportuan hegaldien erdia bertan behera utzi dute. Autobus zerbitzua ere murriztua izan da. Hezkuntzari dagokionez, eskola asko itxi dituzte.

Ikusi gehiago: Ipar Euskal Herritik kanpo ere protestak izan dira

Langileak enpresaz enpresa antolatzera deitu ditu intersindikalak, bakoitzean erabaki dezaten grebari zer jarraipen eman. Trenbideetako langileak egunero elkartzen dira, eta atzo aho batez erabaki zuten jarraitzea. Energia sektorean ere, Enedis eta GRDF enpresetan greban jarraitzearen alde egin dute. Industria arloan, intersindikalak emanen dituen norabideen beha izan dira hainbat enpresatan. Baionako portuan Frantziako portuko langileen sindikatuak erabakiko duenaren zain egon dira. Justuki, bihar goizean portua blokeatzera deitu ditu grebalariak intersindikalak, eta ondoko egunetarako ere ekintza gehiago izanen direla iradoki dute.

LABek ere blokeatze ekintzak eginen dituela iragarri du Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak. Sindikatu abertzaleak langile asanbleak antolatzen ditu mobilizazio egunetan, eta horietan erabakitzen dute. FSU eta Solidaires sindikatuetako kideek ere parte hartu izan dute. Izan ere, Frantziako sindikatuek antolatu duten intersindikaletik kanpo utzi dute LAB beste behin. Joan den ostiralean izan zuten bilkura haiekin, eta adierazi zieten abertzaleen parte hartzeak ez duela «kontsentsurik» sortzen sindikatu guzien artean.

Indarra erakutsi

Urtarrilean mugimendua abiatu zenetik, banako mobilizazio egunak antolatu dituzte sindikatuek. Aste honetan beste indar bat erakutsi nahi dute. «Frantzia gelditu nahi dugu aste osoan, eta erakutsi Asanblean eta Senatuan pasatzen saiatzen badira ere karrikan ez dela pasatuko», adierazi du Patricia Glory CGTko buruak. «Jende anitz bildu da gaur, eta ondoko egunetan ere espero dugu, Frantziako Gobernuak erreforma proiektua bertan behera utzi arte, injustua eta justifika-ezina baita», adierazi zuen Herve Larrouquert FOko buruak, atzo ere.

Irautea izanen da orain gakoa. Dufauren hitzetan «indar bat gehiago» erakutsi behar dute. «Manifestazioak eta grebak segituko ditugu eragile ekonomikoek gobernuari presio egin diezaioten», dio Gracietek. «Gobernuak indarrez pasatzea erabakitzen badu, haiek hartzen dute leherketa sozialaren arriskua. Hori entzunarazi nahi diegu». «Konbentzitua naiz irabaziko dugula», baieztatu du Gloryk.
Bihar ere manifestazioa eginen dute sindikatuek goizean, emazteen nazioarteko egunarekin lotura eginez. Erretreten erreforma proiektuak kalte handien emazteei eginen dietela salatuko dute.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean
 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...