Mendiko eskia

Hiru euskal bikote Pierra Mentaz «gozatzera»

Bihar hasiko da mendiko eskiko munduko proba nagusia: Pierra Menta, 37. edizioa aurten. Hiru euskal bikote lehiatuko dira bihartik larunbatera Frantziako Alpeetako Beaufortain ibarrean: Asier Labairu eta Axier Alonso, Aitor Otxoa eta Aitor Ajuria, eta Angel Olaso eta Joseba Sarasola.

Pierra Mentako etapa baten irteera. NACHOGREZ.COM
ramon olasagasti
2023ko martxoaren 7a
14:46
Entzun

Ibilbide gogor eta ikusgarriak, ertz teknikoak eta dotoreak, igoera eta jaitsiera zoragarriak, jendearen animo oihuak, giroa, Beufortain, bailara oso bat mendiko eskiari emana... Horixe da Pierra Menta. Mendiko eskiko Frantziako Tourra, kirol hau maite duten guztien esanetan. Aurten, hiru euskal bikote lehiatuko dira, bakoitza bere helburuekin, baina ororen gainetik, “gozatzeko” asmo garbiarekin.

Asier Labairu - Axier Alonso
(Iruñea, 26 urte - Oñati, 35 urte)
«Ea aukera daukagun lehenengo 30en barruan sartzeko. Ederra litzateke»

Axier eta Asier, Alonso eta Labairu, lehen aldiz lehiatuko dira elkarrekin bikotea osatuz. «Ia asteburuero batera entrenatzen gara, baina lasterketan lehen aldiz ariko gara elkarrekin. Maila paretsuan gaude, bai gora eta bai behera, eta lasterketa polita egin dezakegula uste dut. Hortaz, helburu nagusia gozatzea da, eta, ahal den neurrian, aurreko Pierratan egin duguna hobetzen saiatzea», jakinarazi du Labairuk. Alonsok «bikote sendoa» osatzen dutela uste du, eta aurrera samar egon daitezkeela.

Axier Alonso oñatiarrak laugarren Pierra Menta du aurtengoa. Lehen aldian Angel Olasorekin egin zuen bikoa, eta «ikaragarri» gozatu zuen, eta ikasi ere asko. «Hurrengoa Aitor Otxoarekin egin nuen. Mendiko nire lehen lasterketa Aitorrekin egin nuen, Altitoy bat, lankideak gara, harreman handia dugu aspalditik, eta Pierra Mentan ere izugarri gozatu genuen elkarrekin». Iaz, berriz, Aitor Ajuriarekin hartu zuen parte, eta inoiz euskal bikote batek lortutako emaitzarik onena eskuratu zuten: 39 postua. «Hor ibili ginen etapa guztietan 30 eta 40 aurrenekoen artean, eta lasterketa polita osatu genuen. Materialarekin ez genuen arazorik izan, txakalaldirik ere ez, eta asko gozatu genuen».

Asier Labairuk iaz hartu zuen parte lehen aldiz Pierra Mentan, eta, beraz, aurtengoa bigarrena du. «Iazkoa esperientzia oso ona izan zen. Carlos Roy aragoiarrarekin osatu nuen bikotea, eta lehen 40en artean bukatu genuen. Lehena izateko, oso ondo amaitu nuen». Giroa azpimarratu du Labairuk: «Larunbatean flipatu egin nuen, batez ere Col de Forclazen zegoen jende pilarekin. Zirrara handia sortu zidan jendearen emanak, animoek...».

Aurten, ahal dela, emaitza hori hobetzea da bi Asierren helburua, baina itsutu gabe. «Lehiatzera goaz, baina batez ere gozatzera. Oporrak dira guretzat, zaletasun bat, eta astebeteko oporraldi moduan hartzen dut nik behintzat. Hala ere, lasterketan, beti saiatzen gara estutzen eta gure onena ematen. Ea aukera daukagun lehenengo 30en barruan sartzeko. Ederra litzateke», nabarmendu du Alonsok.

Neguko denboraldia Jacan egin du Labairuk. Lehiatzen bospasei urte daramatza, azken hirurak serioago, entrenamendu plangintza bati jarraituz. Labairu bera prestatzaile fisikoa da, eta berak jartzen dizkio entrenamenduak bere buruari, baita Nafarroako selekzioko beste kideei ere. «Tignesen hasi genuen denboraldia, 15 eguneko kontzentrazio batekin, eta geroztik gelditu gabe nabil, astero lauzpabost egun eskien gainean entrenatzen. Hortaz, sasoi puntu onean heldu naiz Pierrara», dio Labairuk.

Alonsok ere Tignesen hasi zuen denboraldia. Gero, ordea, pistako ordu asko sartu behar izan zituen halabeharrez, mendirako aukera handirik ez zegoelako, baina benetako negua heldu denean, egiazko asetua hartu du oñatiarrak. «Asteburu gehienetan Pirinioetan ibili naiz, eta astean zehar ere aukera asko izan dut etxe ondoan eskiatzeko, Aloñan. Aurten Asier Labairu bera dut prestatzaile, eta denboraldiaren hasieran lasaixeago ibili nintzelako edo, sasoi puntua beranduago hartu dut, baina hartu dudanean oso ondo, sentsazio oso onekin nago eta Pierrara ondo heldu naiz».

Aitor Otxoa – Aitor Ajuria
(Oñati, 50 urte – Otxandio, 25 urte)

«Mendiko eskia egin gura duenak, benetakoa, alpinoa, Pierra Menta egin behar du noizbait»

Aitor Otxoak 50 urte ditu, eta 18. Pierra Menta du. Aitor Ajuriak, berriz, 25 urte (Otxoaren erdia) eta bigarren Pierra Menta du. «Lagun batek esan zidan bezala, aurten Ajuria eta aguria goaz bikote, kar, kar, kar», dio Otxoak barre artean. Otxoak, hala ere, ilusio handiz hartzen du urtero Pierra Menta: «Azken urteotan bikote askorekin egin dut: Axirekin (Alonso), Joan Maria Vendrell katalanarekin bi... Vendrellek ere 20 Pierra ditu, eta behin esan genuen elkarrekin egin behar genuela eta halaxe egin ditugu bi. Eta aurten, jakin nuenean Ajuriak trankilago hartu behar zuela negua, aipatu nion elkarrekin egiteko aukera eta baietz. Espero dut benetan lasaixeago joango dela, kar, kar, kar». Ajuriak ere ilusio berezia du aurten, Otxoarekin bikotea osatuz Pierra egiteko.

Probaren bezperako astean minez ibili da Otxoa, giltzurruneko koliko batekin, baina igandean bota zuen harria, eta minik gabe gustura heldu da Areches-Beufortera, hain ezaguna eta maitea duen herrira. «Niretzat oso berezia da Pierra. Urtero opor hartzen dut aste hau, elurretarako. 2003an lasterketa hau ezagutu nuenean, Andoni Areizagarekin, Antxon Bandresekin... txoratuta geratu nintzen. Mendiko eskia egin gura duenak, benetakoa, alpinoa, Pierra Menta egin behar du noizbait. Antolakuntza, animatzera joaten den jendea, giroa... dena da izugarria. Mendiko eskiko Frantziako Tourra da hau», Otxoaren hitzetan.

Aitor Ajuriak joan den urtekoa izan zuen lehen Pierra Menta, Axier Alonsorekin. «Iaz lagun bat eta biok Italiako Alpeetara joan ginen bizitzera, eta asko eskiatu genuen. Horrek asko lagundu zidan Pierraz gozatzeko». Aurten, ordea, mendiko korrikako lasterketei lehentasuna ematea erabaki du Ajuriak, eta mendiko eskiko denboraldia lasaiago hartzea. «Iaz ikusi nuen eskiatzen ibili eta gero korrikara itzultzea asko kostatzen zitzaidala, eta aurten, urtearen hasieran, erabaki nuen korrikako probei lehentasuna ematea. Horregatik, aurten gutxiago eskiatu dut».

Gozatzea eta ahalik eta ondoena egitea dute helburu. «Beti daukazu aldamenean bateren bat, eta harekin lehiatzen zara nahi gabe. Ez dakit, gustatuko litzaiguke 100 aurrenekoen artean sartzea», azaldu digu Otxoak.

Eguraldi estalia, tenperatura altuak eta elurra eta euria eman dute datozen egunetarako, baina horrek ez ditu bereziki kezkatzen Otxoa eta Ajuria: «Pierrako antolatzaileek eta trazatzaileek eskarmentu handia dute, eta edozein baldintzatan, badakigu oso ibilbide onak, jaitsiera eta igoera teknikoak, prestatuko dituztela eta karrera polita aterako dutela».

Angel Olaso - Joseba Sarasola
(Donostia, 59 urte – Donostia, 53 urte)

«Leher eginda bukatzen dugu urtero, baina itzuli egiten gara»

Angel Olasok hainbat urte daramatza mendiko eskian lehiatzen, eta seigarren Pierra Menta izango du aurtengoa. Joseba Sarasolak, bederatzigarrena. Ondo baino ezagutzen dute, beraz, proba. Elkarrekin ere bi aldiz egina dute lasterketa, eta, beraz, hirugarrena izango dute bikoa osatuz. Candanchu Ski Alp taldekoak dira biak, Candanchu inguru hura dute leku kutuna eta han entrenatzen dute batez ere. «Guretzat mendiko eskiko lasterketetan lasterketa da Pierra Menta. Gehien maitemindu gaituena: lau egun dira, eskakizun handikoak, ibilbideak ederrak dira, giroa sekulakoa, lekua, jendea... horrek guztiak lasterketarik bereziena egiten du Pierra Menta».

Olasok nahiz Sarasolak urtero berdina esaten dute proba bukatu orduko: aurten azkenekoa! «Leher eginda bukatzen dugu, baina hurrengo urtean itzuli egiten gara, kar-kar-kar...», azaldu digute. Helburuei buruz galdetuta, garbi dute zertara doazen: «Maila antzekoa dugu igotzen eta jaisten, eta gozatzera goaz. Ikusiko dugu lehen egunean non gauden, eta, horren arabera, gure parean dabiltzanekin lehian arituko gara, baina itsutu gabe».

Entrenatu, aurreko urteetan bezalatsu entrenatu dira. «Eta lehiari dagokionez, hiru lasterketatan atera gara: Candanchuko Causiat proban, Bandres-Karolo Memorialean eta Panticosakoan. Bandres-Karolo ederra izan zen, ibilbidea zoragarria, eguraldia, elur baldintzak, dena aldeko. Antolakuntza ere bikain...».

Beteranoetakoak dira ateratzen diren proba gehienetan. Pierra Mentan, ordea, ez dago kategoriarik. «Han gazteekin egin behar dugu borrokan, Asier eta konpainiarekin, kar-kar-kar... 60 urte ingurukoak ez dira asko izango, eskakizun fisiko handiko proba da, jaitsierak ere ez dira nolanahikoak eta bukatzea ere ez da gutxi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.