Sindikatuek ere zaintza sisteman ipini dute arreta

ELAk eta LABek adierazi dute bat egingo dutela goizean Euskal Herriko mugimendu feministak egindako greba deialdiarekin. LABen arabera, zaintza sistemak «aldaketa erabatekoa» behar du.

Tentsio momentuak egon dira LABeko manifestazioa Sabin Etxetik pasatutakoan. GORKA RUBIO / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko martxoaren 8a
14:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Kalera atera dira sindikatuak. Mugimendu feministaren moduan, denek ala denek izan dute zaintza hizpide Emakumeen Nazioarteko Egunean.

Leire Gallegok ELAren izenean egin du berba; «kezka» adierazi du «azken urteotako murrizketen eta pribatizazioengatik», eta «doako» zaintza sistema «duin eta publikoa» aldarrikatu du. «Pribatizaziora jotzen denean, zaintza esfera pribatura mugatzen da; familietan geratzen da, emakumeen bizkar». Bilbon egin du ekitaldia sindikatuak, Campos antzokian. Ondoren, manifestazioa egin du hiriko kaleetan zehar.

Goizean iragarri du Euskal Herriko mugimendu feministak greba orokorra egingo duela zaintza eskubideen alde, eta ELAk eta LABek jada adierazi dute bat egingo dutela deialdiarekin.

«Ez dago aitzakiarik»

LABek Euskal Herriko hiriburu nagusietan egin ditu kontzentrazioak, eta Bilbon manifestazio nagusia, bandera gorriz eta morez lagunduta. «Borroka sindikalaren» garrantzia azpimarratu du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean, eta azaldu du zaintza sistema publiko-komunitarioaren bidean «ezinbestekoa» dela.

Bilboko udaletxetik ekin dio manifestazioari sindikatuak, eta Sabin Etxetik pasatutakoan «tentsio momentuak» egon direla adierazi du LABek, eta militante bi identifikatu dituela Ertzaintzak. Aranburuk dozenaka ertzainez inguratuta egin du berbaldia, eta kritikatu du «tamalgarria» dela horrela egin behar izatea.

Koordinatzaile orokorraren esanetan, egungo zaintza sistemak «aldaketa erabatekoa» behar du, eta andreen «plusbalioa lapurtzen» du. Gizonei ardurak beren gain hartzeko exijitu die: «Ez dago aitzakiarik».

UGTk eta CCOOk batera egin dute kontzentrazioa Iruñean. «Emakume nafarrok gizonek baino 7.000 euro gutxiago irabazten ditugu, uste dut salatzeko moduko zifra bat dela», esan du Marisol Vicentek, Nafarroako UGTko Politika Sindikal, Sozial eta Berdintasuneko idazkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.