Emakume migranteek salatu dute «patriarkatuak ez ezik Atzerritarren Legeak ere» azpiratzen dituela

SOS Arrazakeriak eta mugimendu feministak arrazakeria instituzionala salatu dute, Espainiako Gobernuak Iruñean duen Atzerritarrentzako Bulegoan.

SOS Arrazakeriak eta mugimendu feministak Iruñean egin duten protesta. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 8a
14:27
Entzun

«Paperak eskatzea loteria hutsa da». SOS Arrazakeriak eta mugimendu feministak elkarretaratzeak egin dituzte gaur Iruñean eta Bilbon, salatzeko migratzaileek «arrazakeria instituzionala» sufritzen dutela egunero, eta paperak lortzeko bidea zailtzen dietela. «Patriarkatuak ez ezik Atzerritarren Legeak ere» azpiratzen ditu emakume migranteak, SOS Arrazakeriak nabarmendu duenez.

Iruñean, kale antzerki umoretsu baten bidez egin dute salaketa, Espainiako Poliziak Iruñean duen Atzerritarrentzako Bulegoaren aurrean: loteria bat irudikatu dute, eta bakoitzak txartel bat atera beharra zuen Espainiako banderaren koloreekin eta Osborneren zezenarekin apaindutako ontzi batetik. Bakoitzean, migratzaileek administrazioarekin aritzean pairatu ohi dituzten egoerak zeuden idatzita, tonbolako sariak balira bezala: «Txanda lortu duzu, baina hemendik hiru urterako», «paperak lortzeko, kontratu mugagabea erakutsi beharko diguzu», «deportatua izateko zitazio-tranpa eskuratu duzu: ekarri zure pasaportea, mesedez»...

Performancearen ostean, hitza hartu du Navarretek. Salatu du administrazioak gero eta gehiago atzeratzen dituela atzerritarrentzako txandak, eta «baldintza makurrak» ezartzen dizkietela paperak lortu ahal izateko. «Espainiako Atzerritarren Legea arrazista da, pertsona batzuei ez baitie uzten beren bizi proiektua garatzen, beren jatorriagatik eta egoera administratiboagatik. Ez die baldintza duinetan lan egiten uzten, eta ezkutuko ekonomiara bultzatzen ditu». SOS Arrazakeriako kideak adierazi du, gainera, egoerak okerrera egin duela 2018tik gaurdaino, baina jende ilarak ez direla lehen bezain ikusgarriak, «administrazioak bide telematikoa lehenetsi duelako». «Arrakala digitala handitu, eta beste dependentzia bat sortu dute horrela. Teknologiaren ondorioz, jada ez ditugu ikusten artatuak izateko zain daudenen ilarak kalean. Orain, ilara birtualak ditugu, eskubideak airean dituzten pertsona ikusezinek osatuak».

Mugimendu feministaren aldarrikapenak ere aintzat hartu dituzte elkarretaratzean, eta zaintza ereduaren auzia aipatu du Navarretek: «Soldatapeko zaintza lanak, gehienetan, emakume migratzaileen eta arrazializatuen bizkar daude. Emakume horien egoera oso prekarioa da, eta, etxeko lanen bidez, zaintzari eutsi diote pandemia garaian eta gaur egun ere». Emakume migratzaile eta arrazializatu horientzat Martxoaren 8ko mobilizazioetara joatea «ezinezkoa» izanen dela gaineratu du SOS Arrazakeriako kideak: «Emakume horiengatik gaude gaur hemen, kalera atera ezin direnengatik, preso daudenengatik, prostitutengatik eta gizartearen bazterretan diren emakume guztiengatik. Inork ez dituelako aintzat hartzen, ikusezin direlako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.