Milaka emakume atera dira kalera, zaintza sistema publiko komunitario bat eskatzeko

Arratsaldeko manifestazioak oso jendetsuak izan dira aurten ere. Zaharren egoitzetako eta etxeetako langileak izan dituzte gogoan, eta emakume migratzaileek duten egoera salatu dute. 

Jon Ordoñez Garmendia - Garazi Aduriz Zuñeda
2023ko martxoaren 8a
15:10
Entzun

Greba orokor baterako prozesuaren iragarpenak esnatu du aurtengo Martxoaren 8a, eta, azken urteetan legez, milaka emakume atera dira kalera egunaren amaieran. Zaintza eredua aldatzeko beharra izan du ardatz Emakumeen Nazioarteko Egunak Euskal Herrian, eta goizetik gauera aldarrikapen hori entzun da ikastetxe, kale, auzo, herri eta hiri askotan. Guztietan zaintza lanak izan dituzte hizpide, eta zaintza sistema publiko komunitario bat aldarrikatu dute. «Zaintza iraultzea dena eraldatzea eta emakumeok beti bizi izan dugun indarkeriaren eta desberdintasunaren ardatz nagusietako bat jotzea eta astintzea da», adierazi dute Donostiako manifestazioaren amaieran. Horregatik, zenbat, nola eta nor zaintzeko erabakitzeko ahalmena izateaz gain, zenbat, nola eta nork zainduak izateko aukera ere aldarrikatu dute, baina zaintza lanei ez esatekoa ere.

Ikusi gehiago:Entzungai da Berria FM berria: 'Martxoaren 8 (berri) batean'

Euskal Herri osoan izan dira mobilizazioak. Nagusiak hiriburuetakoak izan dira, arratsaldean. Jendetsuena Bilbokoa izan da. Zaintza lanak emakumeen bizkar utzi direla salatu dute, eta, horrez gain, ikusezinak bihurtu dituela sistemak, ez direla lan gisa aitortzen. «Guk haien zentralitatea aldarrikatzen dugun bitartean, sistemak ikusezin bilakatzen ditu; hau da, heteropatriarkatuak familiaren instituzioan ezkutatzen ditu, arrazakeriak esklabotzaren ikur bihurtzen ditu, eta kapitalismoak negozio bihurtzen ditu».

Donostian esan dute hiria denontzako «hiri bizigarri bat izatea» nahi dutela, eta horretarako egungo zaintza sistema irauli behar dela. «Emakumeak gara familian zaintzen ardura gure gain hartzen dugunak eta zahar etxeetan zein haur eskoletan lan egiten dugunak. Lan horiek baldintza duinetan eta lan erregimen orokorraren barruan egiteko exijitzen dugu!», adierazi dute amaiera ekitaldian.

Manifestazioa Antiguako tunelean hasi da, eta, Bulebarrera bidean, Mirakontxa pasealekuan, pentsiodunek egin dute bat. Amaiera ekitaldian, halaber, zahar etxeetako eta etxez etxeko langileak izan dituzte gogoan, eta azpimarratu dute migranteak direla etxeak eta ospitaleak garbitzen dituztenak eta adinekoak zaintzen dituztenak: «Migratutako etxeko langile eta zaintzaile askok preso gisa lan egiten dute, eta ez dute eguneko atsedenik hartzeko eskubiderik, eta ez dute legezko soldata kobratzen; mehatxuak ere jasotzen dituzte, paperik ez dutelako. Baina nork zaintzen ditu emakume migratu eta arrazializatuak? Nork zaintzen ditu zaintzaileak?».

Atzerritartasun Legea indargabetzea eskatu dute manifestazioetan, eta Bilbokoan, emakume migratzaileek Mendebaldean egiten duten lana gogoratzeaz gain, jatorrizko herrialdeetan geratzen direnak ere izan dituzten gogoan. «Haiek ipar globaleko seme-alabak zaintzen dituzten bitartean, haien jatorrizko herrialdeetan lan karga handia duten beste emakume batzuek zaintzen dituzte haien alabak. Titulu akademikoak homologatzeko oztopo administratiboak ere haien historia eta epistemologia ezabatzeko saiakera dira. Nahikoa da! Birkolonizazio gehiagorik ez!».

Gaurkoa, mugarri

Iruñeko manifestazioan osasun sistema publikoa ere izan dute hizpide; salatu dute «lehertzear» dagoela, eta pribatizazio prozesuak bukatzea galdegin dute: «Lan eskubide duinak zaintzaileentzat, zaintzarako eskubidea guztiontzat». Aski dela esateko garaia dela adierazi dute. «Bizitzak erdigunean jarriko dituen komunitate batean bizi nahi dugu, guztion oinarrizko eskubideak bermatuko dituen jendarte batean, indarkeriarik gabeko jendarte batean».

Gaineratu dute Nafarroako hiriburuan gaurko eguna mugarri izatea nahi dutela: «Udazken honetan, grebara goaz. Gure neke, haserre, eta ezinetatik indarra atera eta greba bat antolatuko dugu. Zaintzak ardura kolektiboa izan behar duelako, zaintzea jendarteko pertsona guztion betebeharra delako. Zaintzak emakumeen gain uzteari utzi behar diogu. Argi diogu: gizon, hartu zure ardura! Eta grebara goaz ere zaintzak negozio izateari utzi behar diolako, zainduak izateko eskubidea dugulako guzti-guztiok».

Ikusi gehiago:Martxoaren 8ko zuzenekoa

Gasteizko manifestazio amaierako ekitaldian hainbat emakumek hartu dute hitza. Baserritar batek, esku hartze sozialeko langile batek, etxeko laguntzan aritzen den batek, Eginarez Eginez elkarteko kide batek eta zahar etxeetako bi langilek. Bakoitzak bere egoera azaldu du, eta beste zaintza sistema bat eta beste elikadura mota bat eskatu dute.

Ondoren, mugimendu feministako hiru kidek esan dute gaur egungo sistema kolapsatzen ari dela. «Kolapsoa ez da krisi bat, mendebaldetik, iparralde globaletik, hartutako erabaki heteropatriarkalen, inperialisten, neoliberalen, arrazisten eta antitziganisten multzo oso baten deriba logikoa da». Azkenik, esan dute «zaintza erregimenak guztiak gurutzatzen» dituela, eta horregatik herri mugimenduek bide partekatuari ekin behar diotela boterea eskuratzeko.

Baionan 300 lagun inguru bildu dira. Tokiko hainbat eragile feministak egin zuten dei «etiketarik gabeko» manifestaziora. Lilas Dinclaux Nous Toutes kolektiboko kideak azaldu zuen: «Martxoaren 8an, emazteek jasaten duten berdintasunik ezean jarri dugu arreta, baita hedabideetan zabaltzen den emazteen irudian ere».

Baionako merkatuan, hitzaldi irmo batekin eman diote hasiera mobilizazioari: «Nazkatuta gaude errespetu falta hauetaz, gizarte biolentziaz». «Borroka» egun gisa definitu dute Martxoaren 8a eta «aski» esateko bildu zirela azpimarratu dute: arlo intimoko biolentziari, lan arloko desberdintasunei eta botereguneetan ez aski errepresentatuak izateari, beste hainbat gaien artean.

Giro alaian ekin diote manifestazioari herriko etxeraino. Han berriro ere hartu dute hitza: Amaia Fontang Zutik talde feministako kidea aritu da euskaraz. Yves Ugalde Baionako kultur hautetsia seinalatu du, abenduan zakarrontziak «emazte ilehori» batekin alderatu baitzituen: «Horri misoginia deitzen zaio, eta usain txarra du». Kazetariak ere izan dituzte begi miran: «Ze ahalkea horrelako solasak hedatzen dituzten kazetariei». Yves Ugalde irudikatzen zuen kartoizko panpina bat hartu, eta herriko etxe aitzineko zakarrontzira bota zuten.

Ikasleak eta sindikatuak, goizean

Goizean kalera ateratzen lehenak ikasleak izan dira, eta mobilizazio jendetsuak egin dituzte, besteak beste, Bilbon eta Gasteizen. Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek greba egin dute.

Sindikatuak ere atera dira gaur kalera. ELAk «doako» zaintza sistema «duin eta publikoa» aldarrikatu du, eta adierazi bat egingo duela greba deialdiarekin. LABek «borroka sindikalaren» garrantzia azpimarratu du. «Emakumeoi ez digute ezer oparitu. Langile borrokaz konkistatu ditugu eskubideak», esan du Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak.

LABek goizean zaintza duina eskatzeko protesta bat egin du Bilbon, Sabin Etxearen aurrean, eta Ertzaintza bortizki oldartu zaie egoitzetako langileei. «Langileak gara» eta «borroka da bide bakarra» oihu eginez erantzun dute egoitzetako langileek, eta ondoren Bizkaiko Aldundira joan dira. Donostian ere eserialdi bat egin dute Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

SOS Arrazakeriak eta mugimendu feministak elkarretaratzeak egin dituzte gaur Iruñean eta Bilbon, salatzeko migratzaileek «arrazakeria instituzionala» sufritzen dutela egunero, eta paperak lortzeko bidea zailtzen dietela. «Patriarkatuak ez ezik, Atzerritarren Legeak ere» azpiratzen ditu emakume migranteak, SOS Arrazakeriak nabarmendu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.