Trafiko eskumenak

Nafarroak uztailaren 1ean hartuko ditu trafiko eskumenak

Maria Txibitek azaldu du «aldarrikapen historiko bat» dela. EH Bilduk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ontzat jo dute akordioa; UPNk eta PPk uzkur hartu dute

Foruzaingoaren trafikoko kontrol bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena - Ion Orzaiz
2023ko martxoaren 9a
09:51
Entzun

Maria Txibite Nafarroako gobernuburuak jakinarazi berri duenez, Nafarroak datorren uztailaren 1ean hartuko ditu trafikoko konpetentziak. Azaldu du «Nafarroarentzako egun handia» dela, «erkidegoarentzako aldarrikapen historiko bat» lortuko delako. Eskumenari buruzko xehetasunak datorren asteartean jakinaraziko dira.

Ikusi gehiago:Bihurgune askoko eskumena

Txibite: «Miguel Sanz edo Uxue Barkos presidenteetatik hasita, guztiek aldarrikatu dugu gure erkidegoarentzako transferentzia hau. Gobernu guztiek egin dugu Nafarroarentzako transferentzia hau berreskuratzeren alde, eta, gainera, uste izan dugu erkidegoaren zerbitzu esklusiboak egin behar zuela, Foruzaingoaren bidez».

Aldaketa horren ondorioz, Foruzaingoa izanen da errepideetan gertatzen denaz arduratuko den zerbitzu bakarra, eta, beraz, haiek izanen dira trafikoko isunak jartzeaz eta kobratzeaz arduratuko direnak. Ardura horiek gradualki hartuko ditu Foruzaingoak, eta, bitartean, Guardia Zibilaren trafikoko arloarekin batera eginen dute lan. Trantsizio aldi horretan, 150 agente hasiko dira Foruzaingoan lanean, eskumenak sortuko dituen beharrak estali ahal izateko.

Hala ere, badago aukera trafiko arloan lan egiten duten Guardia Zibilak Foruzaingora pasatzeko. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 180 lagun inguru dira zerbitzuz aldatzeko aukera izanen duten poliziak. Horrez gain, Nafarroan gelditzeko bertze aukera bat ere badute: Guardia Zibilaren bertze atalen batean lan egitea.

Nafarroaren ardura berriak

Neurria indarrean jartzean, erkidegoak ardura berriak hartu beharko ditu bere gain. Isunak ezartzeko gaitasuna da lehenbizikoa: urteko hamaika isun gestionatu beharko dituzte, eta horiei lotutako neurri guztiak hartu beharko dituzte: ordainketak edo zigorrak bertan behera uztea, adibidez.

Autoeskolen eta gidabaimenen kudeaketa ere Nafarroako Gobernuaren esku egonen da uztailetik aurrera. Horrekin lotuta, bideko segurtasunari buruzko formakuntzak eta kanpainak ere erkidegoak kudeatu beharko ditu. Trafiko istripuen inguruan informazioa zabaltzea eta horiek kudeatzea ere haien esku geldituko da.

Erreakzioak

Nafarroako eta Espainiako gobernuen arteko akordioak askotariko erreakzioak eragin ditu herrialdeko talde politikoen artean. PSNko bozeramaile Ramon Alzorrizek, adibidez, «historikotzat» jo du ituna: «Ezerk ez du legealdi honetako mugarri historiko hau lohituko. Gaurkoa egun handia da nafar guztiontzat, eta baita gure autogobernua indartzeko ere». Trafiko eskumena eskualdatzeko meritua «Espainian eta Nafarroan agintean diren bi gobernu sozialistena» dela uste du PSNko bozeramaileak: «Argi eta garbi esan dezakegu: gobernu sozialistekin, Nafarroako autogobernua aurrera doa».

Geroa Baik ere begi onez ikusi du trafiko eskumenak Nafarroari itzultzeko ituna. «Albiste bikaina da», laburbildu du koalizioko bozeramaile Uxue Barkosek. PSNk ez bezala, ordea, aurreko legealdian eginiko negoziazioetan jarri du azpimarra Geroa Baiko buruak: «Gogoratu nahi dut akordio hau Sanchez presidenteak Nafarroako Gobernuarekin eta haren presidentearekin aurreko legealdian hartutako konpromiso bat dela, eta, hortaz, guretzat garrantzitsua da orain ituna konplitzen dela ikustea». Hala ere, Espainiako eta Nafarroako gobernuen arteko akordioaren «letra txikia» irakurri nahi du Barkosek, «albistearen benetako neurria aztertzeko».

EH Bilduk ere ez du akordioaren balorazio xehea egin nahi izan, «akordio honen letra txikia eta zehaztasun guztiak ezagutu arte». Hala ere, koalizio abertzaleko parlamentari Laura Aznalek esan du «oso albiste ona» dela Espainiako Gobernuak EH Bildurekin hitzartutakoa «dagokion epearen barruan betetzea».

UPNko Javier Esparzak uzkurrago hartu du berria. Esan du «positiboa» dela Nafarroak bere gain hartzea trafiko eskuduntza, baina lorpen hori Espainiako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordio baten eskutik heldu izana kritikatu du: «UPNk beti esan du trafikoaren eskuduntza Nafarroak hartu behar zuela bere gain, baina ez horrela. Eskuduntzen transferentzia PSOEren eta EH Bilduren arteko hartu-eman merke bihurtu dute. Presoak aurrekontuen truke, Otegik esaten zuen bezala. Eta orain, zer? Transferentziak aurrekontuen truke? Horrela jokatuko dugu eskuduntzekin eta Nafarroako eskubide historikoekin?».

Akordioa txalotu du Ahal Dugu taldeko bozeramaile Mikel Builek. Trafikoarena Nafarroako Parlamentuak urteetan eginiko «aldarrikapen historikoa» dela uste du, eta, eskuduntza bere gain hartuta, Nafarroak «autogobernuan eta zerbitzuen kalitatean aurrera eginen duela» azpimarratu du. Builentzat, bestalde, garrantzitsua da ituna «koalizio gobernu baten eskutik» heldu izana, «Nafarroan I. Errepublikaz geroztik izan den lehen ezkerreko koalizio gobernuaren» eskutik.

Ezkerrako Marisa de Simonek «oso albiste pozgarritzat» jo du trafiko eskumenaren gaineko akordioa, eta bi aldeak premiatu ditu ituna «ahalik eta azkarren gauzatzera». «Behin baino gehiagotan pentsatu dugu akordioa egina zegoela, eta ez zen gauzatu. Oraingoan, badirudi baietz, eta oso albiste pozgarria da, baina ea azkar egiten duten: eskumenak eskuz aldatu, beste buruhausterik gabe».

PPk agertu du akordioaren gaineko ikuspegi ezkorrena. Alderdiko parlamentari Jose Suarezek argi esan du «albiste txarra» iruditzen zaiola: «Ez transferentziagatik beragatik, baizik eta hori lortzeko moduagatik». Are, trafiko eskuduntzak Espainiako Gobernuaren eta EH Bilduren artean hitzartu izana «foru erregimenaren aurkako errespetu falta handia» dela gaineratu du Suarezek: «Ezin dira gauzak horrela egin, EAJk baldintza batzuk jarrita, Bilduk beste batzuk... Beren esku balego bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.