Hezkuntza

Espainiako Kongresuak unibertsitate lege berria onartu du

Adostu dute unibertsiteetako prezioak ezingo direla igo, eta euskara, katalana eta galiziera ere transmisio akademikorako hizkuntza «nagusi» gisa erabiliko direla. Legearen alde egin dute 182 diputatuk, kontra 157k, eta zortzi abstenitu egin dira.

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko martxoaren 9a
11:02
Entzun

Hego Euskal Herriko unibertsitateek lege berri baten pean aritu beharko dute aurrerantzean. Izan ere, Espainiako Kongresuak onartu berri du Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa. Jose Mari Aznar Espainiako Gobernuko presidente zela duela 22 urte onartutako azken unibertsitate legea ordezkatuko du. Alde bozkatu dute PSOEk, Unides Podemosek, EAJk eta ERCk (182 boto); aurka egin dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek (157 boto); eta abstentziora jo dute zortzi ordezkarik, tartean EH Bildu. Estatuko Aldizkari Ofizialean publikatzen dutenetik hogei egun pasatzen direnean sartuko da indarrean.

Ibilbide luzea egin du legeak, ez eztabaidarik gabe. Tartean, Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroa bera ere aldatu da: Manuel Castellsek hasitako lana Joan Subiratsek amaituko du. Eztabaidaren arrazoietako bat finantzaketa izan da. Hasieran, testuan jasota zegoen BPG Barne Produktu Gordinaren %1 unibertsitateetara bideratu behar zela eta, helburu hori erdiesteko, beharrezkoa zela Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoen artean plan bat egitea; orain, berriz, helburu hori dutela soilik ageri da. Gaur egun, Espainian eta Hego Euskal Herrian BPGaren %0,7 inguru bideratzen dute unibertsitateetara.

Hori ez da izan azken hilabeteetako aldaketa bakarra. Prezioetan, esaterako, badago aldaketarik: adostu dute prezioak mantendu edo merkatu soilik egin ahal izango direla, inoiz ez garestitu. Hizkuntzari dagokionez, autonomia erkidegoetako hizkuntza propioak sustatzeko, ez da soilik hizkuntza hori zabaldu eta ikasiko: transmisio akademikorako hizkuntza «nagusi» gisa erabiliko da.

Gainera, besteak beste, ebaluaziorako autonomia erkidegoek dituzten agentzien eginbeharrak indartuko dituzte; unibertsitateko klaustroek, estatutuak onartu eta unibertsitate politikak diseinatu ez ezik, «bereziki garrantzitsuak diren beste gai batzuez» eztabaidatu ahal izango dute; errektore izateko, ez da beharrezkoa izango katedratikoa izatea; Espainiako Gobernuak sei hilabete izango ditu irakasleen eta ikertzaileen estatutuaren lege proiektua aurkezteko, ez urtebete; unibertsitate ikasketarik ez dutenek lan esperientziaren bidez egiaztatzen badute unibertsitate formakuntza jasota edukiko lituzketen konpetentziak dituztela, etengabeko formakuntzarako unibertsitate ikasketak egin ahal izango dituzte; eta unibertsitate publikoei atxikitako ikastetxe nagusiek ezingo dituzte ikasleak sexuaren arabera segregatu. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak atxikita dauzkaten ikastetxe nagusi guztiak mistoak dira.

Jarrera desberdinak

Lege berriaren inguruan jarrera desberdinak dituzte Euskal Herriko alderdiek. EAJk esan du baiezkoa bozkatuko duela. Josune Gorospe parlamentariak hartu du hitza, eta legearen «balorazio positiboa» egin du, «aurrerapen esanguratsuak» jasota daudela iritzita. «Garrantzitsuenak» bata bestearen atzetik zerrendatu ditu: adibidez, euskararen normalizaziorako balekoa dela, transmisio akademikorako hizkuntza ere izango delako; ebaluazio agentziek aurrera egiten laguntzen duela; eta autonomia erkidegoen eskumenak ere indartzen dituela, hala nola beka programa eta laguntza propioak edukitzeko modua ematen duelako, baita gehienezko prezioak ezartzeko aukera ere.

EH Bilduk, berriz, gaurko bilkuran ez du hitz egin, baina abstentziora jotzea erabaki du. Espainiako Senatuan egin dizkioten zuzenketak babestuko dituzte, baina legea bere osotasunean ez. Iruditzen zaie «aukera galdu» dela «euskal gizartearen beharrei» hobeto erantzungo liokeen lege bat egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.