AHT-a

Arriolak dio EBk eskatu behar dizkiola azalpenak Frantziari, haren atzerapena dela

Jaurlaritzako Garraioko sailburua, Espainiako Gobernuaren ordezkariarekin eta Adifeko zuzendariarekin egon da Gaintxurizketako tunelaren lanetan. 2024ko amaieran bukatuko dutela esan dute, tunela zabaldu ondoren, aldiriko trenekin batera AHTa ere iragan dadin handik.

Gaintxurizketako tunelaren lanak, gaur. BERRIA
xabier martin
2023ko martxoaren 9a
13:42
Entzun

Ipar eta Hego Euskal Herriaren AHTaren arteko loturak 2030erako zeuden aurreikusita, baina Frantziako Gobernuak iragarri du goizenik 2042rako egingo dutela 'euskal Y'-arekiko lotura, eta Eusko Jaurlaritzan kezka eta ezinegon handia eragin du horrek; hainbeste, ezen Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu arku atlantikoan dauden Espainiako erkidegoetako buruekin elkartuko baita datorren astean Ajuriaenean. Baina Jaurlaritzak ez du ardurarik nahi gertatutakoan. Iñaki Arriola Garraioko sailburuak esan du Europako Batasuna dela «azalpenak eskatu» behar dizkiona Frantziari, Gasteizen «kezka handi bat» dagoela onartu eta gero.

Gaintxurizketako tunelaren «obra konplexuan» egin ditu adierazpenak Arriolak, Espainiako Gobernuaren ordezkari Denis Itxasorekin eta Adifeko zuzendari Juan Pablo Villanuevarekin batera. Astigarraga-Irun zatia 53 milioi euroko aurrekontuarekin aurrera doala esan du Arriolak, eta 2024ko amaierarako tunel horren zabalpena bukaturik egongo dela. Gero beste bi tuneletan gauza bera egin beharko dute, Loiolan eta Errenterian.

Aldiriko trenen eta tarte luzekoen ibilbideek aspaldian galdu zuten normaltasuna, tunel horren obra dela eta. AHTa handik iragan dadin zabaldu egin behar dute, eta hiru errei hartu, eta teknikoki «oso obra konplexua» da, Adifeko buruak azaldu duenez. Tunelaren zabaltzea egiten den bitartean aldiriko trenak handik pasatzen ari dira, eta horrek «teknika konplexu bat» eskatzen ari dela azaldu du Villanuevak, makina berezi bat erabili beharra.

Bruselara begira

Batera edo bestera, Itxasok berretsi du 2027ko datari eusten diotela Madrilek eta Gasteizek euskal Y-aren obren amaierako gisa, eta, hori gerta dadin, Astigarraga-Irun zatiko lanak oso garrantzitsuak» direla. «Legealdi hau benetan oparoa izan da AHTari bultzada emateko eta jarritako epemuga betetzeko»

Beste kontu bat da AHTa Irunera eramateak ez duela ekarriko Frantziarekin eta, ondorioz, Europarekin lotura egotea, eta Parisen azken iragarpenak ezinegona ekarri du Jaurlaritzara. Itxasok «normaltasunez» ikusten du «erkidegoek beren ekarpena egitea», Urkulluren bilera deiaz galdetu diotenean. Edonola ere, Arriola sailburuak Europako Batasunari erreparatu dio Frantziari azalpenak eskatu behar dion eragilea hizpide izan denean. Sailburuak uste du Europako proiektua dela AHTaren arku atlantikoaren ibilbidea, eta Brusela dela Parisera jo behar duela 2042ko atzerapen horri buruz galdetzera. «Bermeak eskatu behar dizkio Europako ebazpen bat bete dadin».

Arriolak bakarrik ez, Jaurlaritzako beste sailburu batek ere erreparatu dio gaur Frantziaren atzerapenaren iragarpenari. «Atzerapen hori onartezina da», esan du Arantxa Tapia Ekonomiaren garapeneko sailburuak. Abiadura handiko trenaren mugaz gaindiko lotura ez dela «erkidego bakarretik» egin behar esan du, bitik baizik, «Euskaditik eta Kataluniatik, eta garaiz eta formaz».

«Gure lehiakortasuna eta gure enpresena lotura onen mende daude hein batean, eta AHTa ez edukitzea ardatz atlantikoarekin lotura izateko, eta irla batean geratzea, ez zaigu ongi iruditzen», esan du Tapiak. Onartu du Frantziak ez duela «presa handirik» lotura egiteko, eta, horregatik, eskatu du atzerapenak eragindako guztiek «elkarrekin» lan egiteko, «azpiegitura hori lehenbailehen» buka dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.