Hotelak eta etxebizitza turistikoak irekitzeko baimenak emateari utziko dio Donostiako Udalak

Martxoaren amaieran jarriko dute neurria indarrean, behin udalbatzak onartuta. Plan Orokorraren aldaketak onartu arte egongo da martxan.

Donostiako Kontxa pasealekua, eta atzean Londres hotela. JON URBE /FOKU
iraia vieira gil
2023ko martxoaren 9a
15:46
Entzun

Hotel berriak eta erabilera turistikoko etxebizitzak irekitzeko baimenak bertan behera utziko ditu Donostiako Udalak, martxoaren amaieratik aurrera. Udalbatzak neurria onartu bezain laster jarriko dute martxan, eta HAPO Hiria Antolatzeko Plan Orokorra behin betiko onartu arte egongo da indarrean –urtebete inguru–. Ordura arte, ez dute emango hotelak eraikitzeko baimenik, ezta halakorik jarri edota handitzeko lanik egingo ere. Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu duenez, «helburua da jarduera turistikoa arautzea eta hirian hotel berriak eta erabilera turistikoko etxebizitza berriak irekitzeko baimenen ematea mugatzea».

Tokiaren araberako eragina izango du neurriak. Batetik, Antiguako, Uliako, Erdialdeko, Groseko eta Ibaetako hirigintza eremuetan hotelak eraikitzeko baimen guztiak utziko dituzte bertan behera. Bestetik, gainerako zonetan, bizitokiak eraiki daitezkeen orubeetan aplikatuko da neurria. Parte Zaharra galarazpenetatik kanpo geratuko da, «gainezkatutako eremua» izendatu zutelako eta 2020an hartu zituztelako etxebizitza turistikoak mugatzeko neurriak. Kanpinak, nekazaritza turismoak, landetxeak eta, oro har, eraiki ezin daitezkeen lurzoruetan jar daitezkeen horiek ez dira neurrian sartuko.

Goiak gogorarazi duenez, hiriaren beharrak guztiz aldatu dira azken hamar urteotan. «Terrorismoa» amaitzearen eta nazioarteko turismoa handitzearen ondorioz, ostatuen hazkundea «azkarra eta progresiboa» izan da. Zabaltze hori mugatzeko neurriak hartzea ezinbestekoa dela uste du alkateak. Azken bi legealdietan izan dute helburu hori, eta, orain arte, etxebizitza turistikoak %25 gutxitzea lortu dute. Hotel gutxiago eraikitzeko neurri berriak, baina, hainbat salbuespen ditu. Baimena emana duten edota debekua indarrean sartu aurretik baimena lortzen duten hotelak eraikitzea zilegi izango da.

Eskaintza eta eskaria

Eustaten 2022ko datuen arabera, ostatu ematen duten 162 hotel eta 3.825 logela daude Donostian. Hau da, 2017an Turismoko Gida Plana onartu zenean baino 30 ostatu eta 988 logela gehiago. Hoteletako lekuak %44 ugaritu dira ordutik, eta 2.356 gehiago daude. 2022an, gainera, %16,5 bidaiari gehiago hartu ditu hiriak, eta %14,6 gehitu dira hoteletako gaualdiak. Erabilera turistikoko etxebizitza pribatuei dagokienez, 5.700 leku eskaintzen dituzten 1.352 etxebizitza erregistratu ziren otsaileko erroldan. Gainera, ireki gabe dauden bost hotel daude oraindik: Arte Ederrak eraikinean jarriko duten Hilton hotela da horietako bat.

2021ean eman zituen udalak hotelak irekitzeko azken lizentziak, eta ordutik ez du eskaera gehiago jaso. Oraingoz, ez du baimen gehiago emango, eta «turismo jasangarria» lortzeko 2030eko Plan Estrategikoak eta 2023-2027ko Turismoko Gida Planak sustatuko ditu. Hala adierazi du Goiak: «Ezin dugu iparra galdu: gure lehentasuna donostiarrak dira. Eta, horregatik, mugak ezartzeko hainbat neurri sustatuko ditugu, bertan bizi garenok gustura egon gaitezen eta hazkunde handi batek izan ditzakeen ondorio negatibok saihesteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.