Salaketa jarri diete Gasteizko bi udaltzaini, adingabe bat jotzea leporatuta

Patinetean oinezkoen pasabide bat gurutzatzen ari zela, gelditzeko eskatu diote udaltzainek, baina ihes egin du; haren atzetik joan, eta bortizki atzeman dute. Jazotakoa ikertzen ari dira.

Bi udaltzainek adingabe bati eraso egin diotela salatu dute. Irudian, gaztea aurpegia odoletan. . UTZITAKO IRUDIA
2023ko martxoaren 9a
16:32
Entzun

Salaketa jarri diete bi udaltzaini Gasteizen, adingabe bat jotzea leporatuta. Zabalgana auzoan jazo zen erasoa, astelehenean. Jakinarazi dutenez, patinetearekin zebra bide bat gurutzatzen ari zela, gelditzeko agindu zioten udaltzainek, eta, hura ihes egiten saiatu ostean, bortizki atzeman zuten. Familiak salaketa jarri du Gasteizko 1. Instrukzio Epaitegian, eta bi udaltzaini gaztea jo eta sudurra hautsi izana egotzi diete.

Atxiloketaren unea jasotzen duen bideo bat ere zabaldu da, bizilagun batek grabatutakoa. Irudietan, ikusten da agenteek bortizki atzeman eta lurrera botatzen dutela gaztea. Familiak udaltzainen «neurrigabeko indarkeria» kritikatu du.

Familiak azaldu duenez, isunaren beldur zelako egin zuen ihes gazteak. Irtenbiderik ez zuela ikusita, gelditu eta eskuak altxatu zituen, baina agente batek lurrera bota eta eskuburdinak jarri zizkion. Behin lurrean zela jo zuten gaztea. Txagorritxu ospitaleko larrialdi zerbitzuetan artatu behar izan zuten.

Gasteizko Udaltzaingoak esan du jazotakoa ikertzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.