Erroma 2-0 Reala

Erromaren diziplina Realaren nahiari nagusitu zaio

Galdu egin du Realak Erromaren aurka Olinpiar Estadioan. 2-0 nagusitu dira etxekoak, eta Anoetan irauli beharko du markagailua Realak final-laurdenetara sailkatzeko

Partidako leen gola, Pellegriniren errematean. ETTORE FERRARI / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 9a
21:03
Entzun

Erronka handia zeukan Realak Erromako Olinpiar Estadioan, eta ilusioa atsekabe bihurtu da bi orduren bueltan. 13.minuturako aurreratu da Erroma, kontraeraso azkar bat baliatuz, eta geroztik atzetik aritu da Reala markagailuan. Baloiaren jabetzarekin, baina aukera garbirik sortu gabe aritu dira txuri-urdinak. Kubok zutoinera bidali du errematea lehen zatiko aukera bakarrean, eta Merinok kanpora errematatu du berea dena alde zeukala. Erromak diziplina eta kontzentrazioa izan ditu zutabe, eta horrekin nahikoa ez, eta partida amaitzear zegoela bigarren gola egin du etxeko taldeak. 2-0 amaitu da neurketa, eta Anoetan partida handia egin beharko du Realak datorren ostegunean gaur aurkitu ez dituen zirrikituak aurkitzeko.

Parekotasuna izan da Olinpiar Estadioko berdegunean neurketa hasieratik. Realak izan du baloiaren jabetza, baina Jose Mourinho pozik egoteko moduan zen, txuri-urdinek ez baitzuten area ingurura arriskuarekin heltzea lortzen. Etxekoak bikain aritu dira defentsako lanean,ohi duten bezala, eta apuru larririk pasa gabe, Realaren hutsegitearen zain zeuden. Hala izan da.Diego Ricok baloia galdu du ezker hegalean, Erromaren areatik gertu, eta bi paserekin txuri-urdinen areara iritsi dira etxekoak, ziztu bizian. Dybalaren pasea baliatuz ederki egin dio izkin Abrahamek Zubeldiari, eta aurrelariaren erdiraketa sareetara bidali du El Shaarawyk. 1-0 13. minutuan.

Neurketa hasi eta berehala jarri zaio partida maldan gora Realari, baina golaren osteko lehen minutuetan beldur apur bat nabaritu bazaie ere, bereari eutsi diote txuri-urdinek. Baloi jabetza bai, baina zelai erditik hurbil une oro. Arrisku handirik hartu gabe aritu da Reala, Anoetako partidan pentsatzen akaso, baina etxeko taldea gustura zegoen zelaian. Erromakoen diziplina nagusi zen zelaian, Cristantek eta Maticek ederki eusten zioten taldeari, eta baloi ugari lapurtu dituzte bi euskarrien artean.

Hala ere, gertu izan du berdinketaren gola Kubok. Japoniarraren desmarkea ederki ikusi du Merinok, baina toki gutxirekin egindako errematea zutoinera joan zaio Kubori. Lehen zatiko jokaldi desberdin bakarrean berdinketa eskuratzetik oso gertu egon da Reala. Erromak, baina, nahi zuen tokian zeukan neurketa, eta gutxi falta izan zaio Pellegriniri bigarren gola egiteko. Dybalaren jaurtiketa gogor batean oinarekin desbideratu du italiarrak, eta Remiroren atearen gainetik irten da baloia.

Bigarren zatian plan berberarekin zelairatu dira bi taldeak. Erroma hamaika jokalariak bere zelaian zituela aritu da defentsan, eta kostata aurkitu ditu zirrikituak Imanol Alguacilen taldeak. Geroz eta baloi gehiago izan du Realak minutuak aurrera joan ahala, baina lehen minututik erakutsitako kontzentrazioarekin egin du lan Mourinhoren Erromak. Maisua da portugaldarra markagailu motz horietan. Aspalditik erakutsi du jokatzeko era hori zenbateraino dominatzen duen, eta haren zigilua ezarri dio Erromari ere.

Zuhaitza astinduta ere ez

Aurkariak defentsako lanean asmatzen duenean zortea ere behar izaten da golen bat egiteko, baina hori ere ez du alde izan Realak. Aldaketekin aurrerapausoa eman dute txuri-urdinek, eta aukera argi bat ere izan dute berdinketa lortzeko. Zelairatu berria zen Braisek erdiraketa bikaina egin du, eta Merinok, area txikian dena alde zuela kanpora bidali du errematea. Ondoan zeukan Oiartzabal, baina nafarrak ez du eibartarra ikusi.

1-0ekoa bera ez zen emaitza txarra Anoetara eramateko, baina arratsalde ilunak beste albiste txar bat zeukan txuri-urdinentzat. 90.minutuaren bueltan, korner isolatu batean bigarrena egin du Erromak. Taktikoki landutako jokaldia modu traketsean defendatu du Realak, eta Kumbullak bakar bakarrik egin du errematea area txikian, 2-0ekoa egiteko. Hala amaitu da neurketa, eta Anoetan markagailua irauli beharko dute txuri-urdinek final-laurdenetan egoteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.