Udazkenean hasiko dira eraikitzen Gatika eta Cubnezais arteko kablea, %63ko gainkostuarekin

Bizkaiko Golkoko interkonexio elektrikoaren lanak esleitu dituzte Espainiak eta Frantziak. Uda amaitzean espero dute lanekin hastea.

Kableak urperatzeko ontzi bat, Mallorca eta Menorca arteko interkonexioa egiten. RED ELéCTRICA DE ESPAñA
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 10a
16:42
Entzun

Denbora batez geldirik egon ostean, Gatikatik (Bizkaia) Cubnezaisera joango den tentsio handiko kablea eraikitzeko urratsak ematen hasi dira Frantzia eta Espainia. Kableen eta konbertsio geltokien lanak egiteko enpresak aukeratu dituzte, eta maiatza amaitu baino lehen kontratuak ixtea espero dute. Hori ondo joanez gero, uda amaitzean lanekin hastea espero dute.

Espainiako eta Frantziako sare elektrikoen operadoreek —Red Eléctrica eta Réseau Transport d'Électricité—osatutako Inelfe enpresak kudeatzen du proiektua, eta Red Eléctricak prentsa ohar bidez adierazitakoaren arabera, proiektuak «Espainiako, Frantziako eta Europako sistema elektrikoarentzat onurak» izango ditu. Dena, baina, ez da urre kolorekoa; izan ere, proiektuaren kostua 1.750 milioi eurotik 2.850 milioi eurora igaro da. 1.100 milioi euro gehiago da hori —%62,8—, eta arrisku marjina ere kalkulatu dute: 250 milioi euro.

Inelfek esleitu ditu jada proiektua egiteko ardura izango duten enpresak. Konbertsio estazioak Hitachi Energyk eta Vincik egingo dituzte, eta urpeko kableak NKT HV Cablesek eta Prysmian Powerlinkek.

Gainkostuen arazoak

Proiektuak denbora zeraman geldirik, pandemiagatik eta gainkostuengatik batez ere. Proiektuaren hastapenetan, 1.750 milioi euro balioko zuela aurreikusi zuten, eta hala banatu zituzten kostuak: Frantziak %27, Europak %30 eta Espainiak %43. Hala ere, gainkostuak ikusita, joan den astean banaketa berritu zuten.

Aurrekontu berriari (2.850 milioi euro) Europako laguntzak kenduta (2.272 milioi euro), erdibana egingo dute bi herrialdeek. Gainkostu berriak suertatuz gero, 2.700 milioi eurora arte %62,5 Espainiaren esku egongo litzateke, eta %37,5, berriz, Frantziaren esku. 2.700 milioi eurotik aurrera gainkostu gehiago suertatuko balira, erdibana ordainduko lituzkete horiek ere. Europak hasieratik utzi zuen garbi ez zuela euro bat gehiago jarriko, baina joan den asteko akordioa ixtean aukera ikusten zuten Bruselatik dirulaguntza gehiago jasotzeko.

Bi arrazoik eragin dute horrenbesteko gainkostua: lehenik eta behin, Gatika eta Cubnezais artean Capbretongo urazpiko arroila dagoela, zeinak ezinezkoa egiten duen hasierako nahia, tarte horretan kable elektrikoak urperatzea. Hala, Capbretonen kableak lurreratu egingo dira berriro, eta 40 kilometro inguruko ibilbidea egingo dute Atlantikoko ozeanora berriro itsasoratu aurretik.

Bestalde, pandemiak, inflazioak eta egoera geopolitikoak lehengaien prezioak asko handitzea ekarri du, baita eskulanarena eta energiarena ere. Esaterako, kobrearen prezioak %26 egin zuen gora 2020an, eta %23 2021ean. Iaz %13 jaitsi zen, baina aurten ere goranzko joerarekin dago, +%5.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.