Poliziaren biktimak

Zudaire gomazko piloten biktima gisa aitortzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Espainiako Auzitegi Nazionalaren sententzia «motz» gelditu dela salatu dute, Zudaire zauritu zuen polizia zigorgabe gelditu baita. Epaia irmoa da

Kirio Gasteana, Aingeru Zudaire eta Leire Martin, gaur, Atarrabiako kultur etxean egin duten agerraldian. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Tubia.
2023ko martxoaren 11
15:20
Entzun

Bidea «luzea» izan da, eta, salatu dutenez, «oztopoz beterikoa», baina azkenean Espainiako Auzitegi Nazionalak arrazoia eman zion Aingeru Zudaireri azaroan, eta dagoeneko irmoa da epaia, ez baita helegiterik aurkeztu. 2012an Espainiako Polizia batek jaurtitako gomazko pilota batengatik eskuin begiko ikusmena galdu zuenez, Espainiak 100.000 euro ordaindu beharko dio. Ojo Justizia plataformak Zudaire gomazko piloten biktima gisa aitortzeko eta kaltea erreparatzeko eskaria egin dio Nafarroako Gobernuari, motibazio politikoko biktimen legea erabiliz. Kaltetua kontent agertu da epaiarekin, baina ez du erabat gogobete, zauritu zuen poliziak ez baitu zigorrik jaso. «Ospatzeko eguna da gaurkoa, bai, baina ez naiz karrikara aterako suziriak botatzera. Sententzia motz gelditu da», esan du.

Senide, lagun eta herrikideek babestuta agertu da Zudaire gaur, Atarrabiako kultur etxean (Nafarroa). Jendeak emandako babesarengatik eskerrak eman ditu behin eta berriro atarrabiarrak, eta bere hitzartzea lau aldiz moztu behar izan du, hunkituta, eta malkoei ezin eutsita. «Zuei guziei esker nago hemen; sekulakoak zarete», esan die bertaratutakoei. «Ontzat jotzen dut sententzia, auzia ezerezean gelditzeko aukerak handiak baitziren. Baina hau ez da garaipen bat. [Poliziaren] Jokabide, praktika eta ohitura hauek ez dira desagertu; dena aldatu arte, borrokak jarraituko du».

Ikusi gehiago:«Bidean gauza asko gelditu dira, baina pozik nago»

Leire Martin abokatuak onartu du «pozik» hartu dutela ebazpena, baina auziaren luzera eta gertatu zena argitzeko «borondaterik eza» salatu ditu: «Hamar urte behar izan ditugu denok, baita haiek ere –instrukzio epaileak, fiskalak eta poliziek–, bagenekiena onartzeko eta argitzeko». Gainera, zuzenbide estatu batean auzia «oztopoz beteriko bidea» izatea «onartezina» dela esan du. Hiru auzibide paratu behar izan zituzten martxan aldeko sententzia lortu aurretik.

Abokatuak azaldu duenez, iazko urriaren 26ko sententziak ez ditu Espainiako Barne Ministerioaren eta fiskalaren argudioak onartzen, eta «argi eta garbi» uzten du Espainiako Polizia batek jaurti zuen pilota batek jo zuela Zudaire. Ez hori bakarrik, atarrabiarra ez zen «inolako arriskurik» Polizientzat epailearen arabera, eta administrazioaren jokabidea «kaltegarria» izan zen.

Polizia, zigorgabe

Kirio Gastearena Ojo Justizia plataformako kideak bide beretik egin zuen epaiaren balorazioa. Hala ere, justiziarik ez dela egin salatu zuen: «Katua sakatu zuenak badaki zein diren eragindako zauriak. Bere ondoan zeuden poliziek badakite nor izan zen tiroaren egilea, bere nagusiek ere bai. Hala ere, zigorrik gabe gelditu da». Gogoratu du Zudaireren kasua «bakarra» dela lortutako epaiarengatik, baina Poliziak «dozenaka» lagun zauritu dituela Euskal Herrian egin diren manifestazioetan. Besteak beste, Txuma Olabarri, Jose Miguel Inda, Joanes Gulina, Mikel Iribarren eta Alejandro Gorraiz aipatu ditu, denak Nafarroan Poliziak larriki zauritutakoak.

Biktima izaeraren aitortza ez ezik, horrelakorik ez errepikatzeko bermeak eskatu dizkio plataformak Nafarroako Gobernuari. Horretarako, Nafarroan polizia guztiei gomazko pilotak eta antzekoak erabiltzea debekatu dezan galdegin dio. Izan ere, foruzaingoak ezin ditu gomazko pilotak erabili, baina Espainiako poliziek, bai.

Auzibide luzea

Ateak Ireki webgunearen bideo bat izan zen auzia hauspotu zuena, ordurako hiru aldiz saiatu baitziren epaia ixten. Bideo horretan Zudaire ez zen agertzen, baina bai Poliziaren oldarraldia, eta haietako batek manifestazioan zeuden lagunen kontra zuzenean eta distantzia gutxira tiro egiten zuela ikusten zen. «Auzitegiak behartuta, epaileak deklarazioa hartu behar izan zien hainbat poliziari, eta, denen sorpresarako, horietako batek bere burua identifikatu zuen tiro egin zuena bera zela esanez. Bere hitzetan 'pilota bat' bota zuen pasealekuaren beste alden zegoen pertsona talde baten kontra».

Helegitea paratuta, epaiketa egin zen polizia horren kontra, baina epaiketa horretan ezeztatu zuen instrukzio fasean esandakoa; bertsio berrian ez zuen pilotarik bota, salbak soilik. «Bertan parte hartu zuten polizia guztiek babestu zuten, noski», kexatu da Martin. «Fiskalaren jarrera bereziki gogorra izan zen; defentsa lanetan aritu zela esan dezakegu». Auzitegiko medikuaren arabera pilota batek zauritu zuen Zudaire, baina horren kontra egin zuten epaiketan: «Harri bat izan zitekeela, botila bat, tiragoma batekin botatako billar pilota... eta biktimarik egotekotan, ez zela Aingeru, baizik eta han eserita zegoen polizia nazionala. Lotsagarria izan zen».

2019ko irailean Nafarroako Auzitegiaren sententziak «argi eta garbi» utzi zuen polizia batek jaurtitako pilotak zauritu zuela Zudaire, eta atarrabiarrak ez zuela «arriskurik» polizien kontra. Hala ere, polizia zigortzeko froga aski ez zegoela ebatzi zuen.

Orduan administrazioaren ondare erantzukizunaren bideari ekin zioten. Auzi horretan Espainiako Barne Ministerioak esan zuen Foruzaingoa ere aritu zela manifestazio horretan, eta pilota haiek botatakoa izan zitekeela. Gainera, poliziaren jarrera «justifikatua» eta «proportzionala» izan zela babestu zuen, beraz, ez zegoela ardurarik. Bide administratiboan erantzunik ere ez zuten jaso, beraz, hirugarren auzibideari ekin zioten Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.