Valentzia 1-0 Osasuna

Esku hutsik itzuliko da Osasuna Mestallatik

Partida kaxkarra jokatu du Osasunak Valentziaren aurka. Etxeko taldea nagusi izan da neurketan, hasi eta buka, eta Kluivertek egin du Valentziaren garaipenaren gola

Ez Abde, zelaian eserita, burumakur, Valentziako jokalariek garaipena ospatzen duten bitartean. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 11
23:18
Entzun

Sadarren hiru puntuak eskuratzea zaila izaten da bisitarientzat, baina garaipena lortu zuen Valentziak duela hilabete batzuk. Gaur errebantxaren bila zelairatu dira gorritxoak, baina 1-0 hartu du mendean Valentziak. Sadarren gertatu bezala, Kluivert izan da golegilea. Epaileak txartel gorria erakutsi die Sergio Herrerari eta Aimar Orozi, baina biak ezerezean utzi behar izan ditu VAR-ean kontsultatu ostean. Atezainak, gainera, penalti bat gelditu dio Hugo Durori 90. minutuan. Aimarrek, baina, bosgarren txartel horia ikusi du, eta ezin izango du jokatu Vila-Realen aurka datorren asteburuan.

Egoera larrian dago Valentzia gaur egun, alor ekonomikoan lehenik, baina baita sailkapenean ere. Gattuso kargugabetu ostean Baraja iritsi da, klubeko izar handietako bat, eta identitatea eskuratu nahian dabil saguzarraren taldea. Gaur partida garrantzitsua zeukan etxeko taldeak, eta laugarren minuturako erakutsi du zertara zelairatu den Mestallan. Korner jaurtiketa bat ia nahi gabe errematatu du Diakhabyk, buruz, eta gutxigatik joan zaio errematea kanpora atzelariari. Osasuna, berriz, kostata sartu da neurketan. Beste behin ere, Ez Abde izan da gorritxoen argi izpia erasoan, baina ezer gutxi izan du egiterik bakarrik.

20. minutuan epaileak Sergio Herrera egotzi du, Valentziak luze jotako baloi batean Hugo Duro trabatu duelakoan. Hala ere, bere erabakia aldatu behar izan du epaileak, VAR-ean argi eta garbi ikusi baitu ederki kendu diola baloia aurrelariari. Atezaina ez da zelaitik irten, eta eskerrak, hamar minutu beranduago etxekoen lehen gola saihestu baitu. Lucas Torrok huts larria egin du area ertzean baloia galduz, eta Hugo Duroren errematea bikain oztopatu du.Kornerrera joan da baloia.

Andre Almeida izan da lehen zatiko izar nagusietako bat. Portugalgoa nahi bezala jokatu du aurrelariaren atzetik, eta azken paseak ematen maisua dela erakutsi du. Osasunako atzelariak portugaldarra gelditu ezinda aritu dira, baina haren taldekideek ez dute ate aurrean asmatu.

Ameskeria hutsa

Bigarren zatiaren hasieran, beste Osasuna bat ikusi da. Arrasatek ahulguneak antzeman dituela zirudien, eta baloia bereganatuz, min gehiago egin du Osasunak. Hamar minutuko kontua besterik ez da izan, ordea. Zaleen aupadak baliatuta golaren bila aritu da etxeko taldea, batez ere ezker hegaletik Moncayolari min egiten saiatuz. Hegal hartatik etorri da partidako gol bakarra. Torro irristatu egin da baloia atzetik ateratzen ari zela, eta baloia lapurtu eta berehala sartu da area barruan Valentzia. Linok Kluivert aurkitu du area barruan, eta honek pentsatzeko denbora edukita, atezaina iritsi ezin zitekeen tokira bidali du baloia: 1-0 74. minutuan.

Osasuna saiatu da berdinketa lortzen, baina ez du aukera garbirik ere izan. Gertuago izan du bigarrena etxeko taldeak, Darko Brasanacek penaltia egin baitio Correiari, baina Hugo Duroren jaurtiketa gelditu egin du Herrerak. Bi minutu lehenago Aimar Oroz egotzi du epaileak, falta gogor bat egiteagatik, baina partidan bigarrenez, VAR-ean irudia ikusi ostean txartel gorria ezerezean utzi behar izan du. Ez da beste ezertarako denborarik geratu, eta esku hutsik itzuliko dira gorritxoak Valentziatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.