Mallorca 1-1 Reala

Berdinketarekin konformatu behar izan du Realak

Epaileak eragina izan du emaitzan, gol bat baliogabetu baitiote Donostiako taldeari.

Martinez Munuera epaileak gol bat baliogabetu dio Realari. CATI CLADERA / EFE
2023ko martxoaren 12a
17:14
Entzun

Berdinketa; besterik ez du atera ahal izan Realak Mallorca uhartetik. Bana berdindu du talde txuri-urdinak. Baina emaitzan zeresana handia eduki du Juan Martinez Munuera epaileak, Robin Le Normandi gol bat baliogabetu baitio.

Mikel Oiartzabalekin eta Carlos Fernandezekin indartu du Imanol Alguacil entrenatzaileak Realaren aurreko lerroa, eta erabakiak fruituak ekarri ditu hasieratik. Izan ere, bigarren minutuan bertan, Oiartzabalek eduki du gola sartzeko lehenengo aukera. Rajkovic atezainak gelditu du.

Realak galernak bezala jarraitu du Mallorca astintzen, eta minutu bat geroago heldu da lehenengo gola. David Silva izan da protagonista nagusia. Mallorcaren arean sartzea lortu du, eta, aurreratzeko modurik ez zuela ikusita, atzera eman dio baloia Fernandezi. Horrek ez du barkatu, eta garaipenaren bidean jarri du Donostiako taldea.

Baina enbatak indarra galdu du, eta Mallorca saiatu egin da Reala estu hartzen. Ez du arrakasta handirik eduki, edonola ere, eta 45. minutura arte ez du gol aukera argirik sortu. Kadewereren jaurtiketa kanpora atera da.

Horrela joan dira taldeak atsedenaldira, Reala golaren abantaila psikologikoarekin.

Baina Javier Agirre entrenatzaileak erabaki du Mallorcaren aurrealdea indartzea. Abdon Pratsek eta Iliman Ndiayek jarri duten presioa eraginkorra izan da. Rajkovic atezainak jaurtitako baloi luze baten kontrola eskuratzeko lehian, Pratsek Le Normand defentsari irabazi dio, eta Kang-in Leeri pasatu dio baloia. Jon Pachecok irrist egin du, eta Leek Alex Remirori izkin egin, eta gola sartu du.

Realaren ezina erabatekoa izan da hortik aurrera.

Baina 59. minutuan zale txuri-urdinen itxaropena piztu du Le Normandek. Gutxi iraun du, ordea, epaileak baliogabetu egin baitu gola, falta argudiatuta.

Eta, azkenean, berdinketarekin pozik joan behar izan dira donostiarrak, Mallorca bigarren gola sartzeko zorian egon baita 85. minutuan. Ndiayeren jaurtiketak atearen zutoinaren kontra jo du.

Bost minutu geroago, gainera, Mikel Merinori txartel gorria erakutsi dio epaileak.

Realak izan du baloia denboraren %63an, eta bi korner lortu ditu —horietako batean sartu dute baliogabeturiko gola—. Mallorcak korner bat gehiago izan du alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.