Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa

Munduko onenen artean segitzen du euskal selekzioak

Goma gaineko munduko sokatira txapelketako lehenbiziko urrea lortu du euskal selekzioak Parkgaten (Ipar Irlanda). Gainera, kategoria mistoan izan da lorpena, orain arte lur gainean ere lortu gabeko erronka.

Euskal selekzioko ordezkariak, munduko txapelketa amaitu berritan. LUR GIL
Lur Gil.
2023ko martxoaren 12a
18:27
Entzun

Herrialdeen arteko txapelketan jokoan ziren sei mailetatik bostetan parte hartu du euskal selekzioak, eta guztietan igo da podiumera. Urrearen jokoan izan da lau finaletan, eta 580 kiloko mistoan lortu zuen podiumaren gorenera iristea.

Zalantzarik gabe, Lesakako (Nafarroa) Beti-Gazte taldearen txapelketa izan da aurtengoa. Mutilek urrea lortu zuten 560 kiloko kategorian, eta otsailean jokatutako Euskal Herriko txapelketa gehienak irabazi zituztenez, euskal selekzioa ordezkatzeko aukera izan dute, eta lesakarrek eratutako taldea izan da urrezko mistoa.

Ainhoa Etxegarai Elgorriagak (Bera, Nafarroa, 2002) lehenengo munduko txapelketa izan du Ipar Irlandakoa. «Hasieran zilarrezko dominak lortzea sinatuko genuen, urrerik gabe», esan du Etxegaraik, txapelketa irabaztea zeinen zaila den jakinik.

Hala ere, saria ez litzateke erabatekoa; «azken pauso hori falta zitzaigun azken bi munduko txapelketetan», gaineratu du Berako tiratzaileak, eta pauso hori lortu dute azkenik taldekako txapelketa irekian etaherrialdeen arteko txapelketa nagusian. «Urte hauetan etxean egindako lanaren emaitza dela sentitzen dugu».

Txapelketa osoko azken tiraldiak urrea eskuratzeko azken aukera eskaini zien lesakarrei, lau egunetako nekea pilaturik zutela. Etxegarairen esanetan, «desgastea nabaritu dugu, tiratzaile berak aritu baikara kategoria guztietan», baina Eskoziako talde indartsuak ere nabaritu zuen nekea. Haientzat izan zen urrea taldeen arteko txapelketa mistoan, Ayrshire talde eskoziarrarentzat, eta zortziko bera izan ez den arren, tiratzaile batzuek errepikatu egin dute.

Ainhoa Etxegaraik berak domina eskukada ederra ekarri du Parkgatetik Berara, taldeen artekoan zein herrialdeen artekoan lortuak. Aurten urrezko domina iritsi da euskal selekzioarentzat, baina askotan nekea izan da urrea ez lortzeko arrazoia, lau egunetan aritzeagatik. Aurten, hala ere, fisikoki maila bikaina erakutsi dute lesakarrek.

Galder Gobantes (Zeberio, Bizkaia, 1987) euskal selekzioaren ordezkari da TWIFen, nazioarteko federazioan. Euskal taldeak eta selekzioak emandako mailaren balorazio «oso ona» egin du: «Lehiatutako kategoria guztietan podiumean izan gara, eta gehienetan finalak jokatu ditugu».

Txapelketa «hamarrekoa ez da izan kanpoko taldeengatik», Gobantesen esanetan. «Guk maila guztietan aritzeko taldeak genituen, baina ezin izan gara 23 urtez azpikoan eta juniorretan lehiatu, ezta emakumezkoen 540 kilokoan ere».

Sokatiralari kopurua ere eskasa izan da; 450 kirolari inguruetatik erdiak euskaldunak izan dira, eta asko kategoria batean baino gehiagotan aritu dira. «Horrek eragina dauka txapelketen mailan», Goierriko (Erandio, Bizkaia) tiratzailearen ustez.

Argi dagoena da nazioarteko maila gorenean mantentzen dela euskal sokatira, eta orain arte lortu gabekoak lortzen ari dela. Euskal Herriko txapelketetan lehia estua izaten da, eta horrek euskal talde guztien maila hobetzea dakar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.