Oscar sariak

'Everything Everywhere All at Once'-k irabazi du Oscar sari nagusia

Izendapen gehien zuen filma zen, 11 denera; horietatik, zazpi kategoriatan gailendu da. Dan Kwani eta Daniel Scheinerti eman diete zuzendari hoberenaren saria. Michelle Yeohk eta Brendan Fraserrek irabazi dituzte aktore hoberenenak. 

jarraia225457.jpg
Julen Otaegi Leonet - Ainhoa Sarasola
2023ko martxoaren 13a
08:09
Entzun

Hollywoodeko Akademiaren 95. Oscar sariek ez zuten faborito argirik; ezusteko handirik gabe, ordea, izendapen gehien zuen filma izan da gaueko sari banaketa ekitaldiko protagonista. 11 izendapen zituen Everything Everywhere All at Once-k, eta, azkenean, zazpi kategoriatan gailendu da. Film onenaren kategorian saritu dute; Dan Kwanek eta Daniel Scheinertek jaso dute zuzendari hoberenaren saria lan horregatik; Michelle Yeoh izendatu dute emakumezko aktore onena; eta beste kategoria nagusietan ere irabazi du filmak: muntaketa onena (Paul Rogers), jatorrizko gidoi onena (Kwan eta Scheinert), taldeko emakumezko aktore onena (Jamie Lee Curtis) eta taldeko gizonezko aktore onena (Ke Huy Quan).

Zuzendari onenaren Oscar saria eskuratu duten zuzendari-bikoteen zerrendan hirugarrenak dira Kwan eta Scheinert —aurrez, Robert Wise-Jerome Robbins tandemak (West Side Story, 1961) eta Coen anaiek (No Country for Old Men, 2007) ere irabazi zuten garaikur hori—. «Benetako heroiak diren munduko ama guztiei» eskaini die aitortza Scheinert; Kwanek, berriz, arbasoak izan ditu gogoan: «Jeinuak kolektibotik azaleratzen dira, geure historiaren parte gara, eta nire gurasoen iragan immigrantea omendu nahi dut». Kategoria horretan, askok Steven Spielberg zinemagilea jotzen zuten saria irabazteko faborito nagusi, The Fabelmans bere film autobiografikoagatik. Baina, azkenean, hari ez ezik, Tood Field (Tár), Martin McDonagh (The Banshees of Inisherin) eta Ruben Ostlund (Triangle of Sadness) zuzendariei gailendu zaizkie Kwan eta Scheinert.

Ohi bezala, Los Angelesko Dolby antzokian (AEB) egin dute sari banaketa, Euskal Herrian goizaldea zenean. Ekitaldian gauza berri samarrik ere izan da; gizonezko aktoreen kasuan, 1935etik ikusi ez den zerbait jazo da. Aurretik Oscar sarietarako izendatu gabeko bost hautagai izan dira: Brendan Fraser (The Whale), Austin Butler (Elvis), Colin Farrel (The Banshees of Inisherin), Paul Mescal (Aftersun) eta Bill Nighy (Living). Eta Fraser gailendu da haien artetik, Darren Aranofskyren zuzendaritzapean obesitate morbidoa duen irakasle baten rolean egindako interpretazioagatik. Hain zuzen, zuzendariari eman dizkio eskerrak antzezleak, bere bizitzako rolik garrantzitsuena egiteko aukera emateagatik.

Emakumezko aktoreen artean, berriz, lau hamarkadako ibilbidean sari horretarako lehen aldiz izendatu duten Michelle Yeoh gailendu da. AEBetan bizi den etorkin baten rola antzeztu du, zeinak lan munduko nahiz etxeko zeregin astunei aurre egiteaz gain, mundua salbatu behar duen, unibertso paralelo batetik bestera jauzi eginez. «Amets handiak egia bilakatzen direla» frogatzen du, haren hitzetan, bera saritu izanak. «Beraz, ez utzi inori esaten gai ez zaretela», gehitu du, eta bere amari eskaini dio saria, «benetako superheroia» bera dela aitortuta. Sarien historian garaikur hori irabazi duen asiar jatorriko lehen emakumea da Yeoh. Bera eta Cate Blanchett (Tár) jotzen zituzten askok saria irabazteko faborito; haiekin batera, Ana de Armas (Blonde), Andrea Riseborough (To Leslie) eta Michelle Williams (The Fabelmans) zeuden izendatuak.

Eta taldeko aktoreen artean ere, film berean Yeohrekin lan egin duten beste bi antzezle nagusitu dira: Jamie Lee Curtis emakumezkoen kategorian, eta Ke Huy Quan gizonezkoenean. Yeoh bezala, lau hamarkadako ibilbidean lehen aldiz zegoen izendatua Lee Curtis, eta pozarren jaso du garaikurra, «ehunka laguni» eskaini diena. Huy Quan ere hunkituta agertu da saria eskuetan: «Uste nuen hau filmetan soilik gertatzen zela, baina niri gertatu zait».

Faboritoen artean, bazen besterik: Edward Bergerren Im Westen nichts Neues. Bederatzi izendapen zituen; besteak beste, film onenarena. Bada, lau sari jasota, gaueko bigarren garaile nagusitzat jo daiteke filma: nazioarteko film onenarena, argazkiarena, soinu bandarena eta produkzio diseinuarena harentzat izan dira.

Martin McDonagh zuzendariaren The Banshees of Inisherin lanak beste hainbeste izendapen zituen, bederatzi. Baina ez du sari bat bera ere lortu. Eta Spielbergen The Fabelmans izan da saririk gabe etxeratu den beste lanetako bat, zazpi kategoriatan hautagai bazen ere. Zinema aretoetan arrakasta komertziala lortu duten beste bi superprodukzio sari bakarrarekin konformatu behar izan dira: James Cameronen Avatar: The Way of Water lanak efektu berezi onenen garaikurra eraman du; eta Joseph Kosinskiren Top Gun: Maverick-ek, berriz, soinu onenarena.

Animazioak ere badu sari propioa, eta Pinocchio filmak eskuratu du kategoria horretan film luze onenaren saria. Guillermo del Torok eta Mark Gustafsonek zuzendu dute lana. «Animazioa zinema da, eta prest dago beste maila batera jauzi egiteko eta gehiagotan aintzat hartua izateko», aldarrikatu du zinemagile mexikarrak, garaikurra eskuetan. Animaziozko film labur onenaren saria, berriz, The Boy, the Mole, the Fox and the Horse (Peter Baynton, Charlie Mackesy) lanarentzat izan da, eta fikziozko labur onenarena, An Irish Goodbye-rentzat (Tom Berkeley, Ross White).

Film dokumental onenaren kategorian, Navalny (Daniel Roher) saritu dute akademiako kideek, eta film labur dokumental onenaren saria The Elephant Whisperers (Kartiki Gonsalves) lanari eman diote.

Abesti onenaren saria, berriz, Naatu Naatu kantuak irabazi du, RRR filmekoak. Indiako konposizio batek lortu duen lehen Oscar saria izan da; M.M. Keeravaanik egin du musika, eta Chandrabosek, berriz, hitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.