Politika

Gure Esku-k «nazioarteko puntako gonbidatuak» batuko ditu Irunen

Irlanda, Eskozia, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko zenbait hizlari mahaiaren bueltan jarriko ditu apirilaren 22an, Lurralde gatazken konponbidea Europako eremuan eta Herritarron aktibazioa Europako olatu subiranista berrian tituluen pean. Itsasargia eztabaidaren berri emango du egun horretan, adierazpen politiko bat eginez.

Gaurko agerraldiaren osteko argazkia, Irunen. GURE ESKU
xabier martin
2023ko martxoaren 13a
13:18
Entzun

Gure Esku-k nazioarteko konferentzia bat antolatu du apirilaren 22rako, Ficoban (Irun), Itsasargia eztabaidaren egitasmoaren barruan. Orain hamar urte, Ficoban aurkeztu zuten Gure Esku-ren herri dinamika, eta hamarkada baten ostean, bertara itzultzeko gonbita egin die Josu Etxaburu bozeramaileak gaur goizean euskal herritarrei. Ez du, ordea, «nostalgia ariketa bat» proposatu: «Hona itzuli gara oroitzapen gozoz beterik, baina atzera baino gehiago aurrera begiratzeko gogoz. Europan burujabe izan nahi dugun herriok gure etorkizuna argitzen lagunduko digun itsasargi bat piztuko dugu».

Itsasargia eztabaida izan du hizpide ondarroarrak; herri eztabaida hori burura eramango du Gure Esku-k apirilaren 22an. Azaroan abiatu zen Zuzendaritza Kontseilua, eta mahai gainean jarri zuen proposamen politiko bat herri dinamikaren tesi eta lan ildo nagusiak eta antolaketa eredua birpentsatzeko; ordutik hona, eztabaidavsaio, hitzaldi eta mahai-inguru sorta bat egin eta ekarpenak jaso dituzte.

Gainera, bi solasaldi gehiago egingo dituzte Ficobara bidean: Andre Fazi irakasleak Korsikako prozesu subiranista izango du mintzagai martxoaren 22an, (19:00) Gasteizko Europa jauregian; eta Erronka globalei, herri erantzunak emateko ideiak plazaratuko dituzte Miren Azkarate (Sabino Arana fundazioa), Urko Aiartza (Telesforo Monzon eLab), Xabi Anza (Manu Robles Arangiz fundazioa) eta Irati Elizaldek (Gure Esku) martxoaren 31n, (18:30) Errenteriako Niessen aretoan, Pilar Kaltzadak gidatuta.

Eztabaida prozesuaren ondorioak martxoaren 25ean bozkatuko dituzte bazkideek, Bilboko Bizkaia aretoan egingo duten ezohiko batzar batean, eta, apirilaren 22an, Ficoban emango dute erabakitakoaren berri: adierazpen politiko bat egingo dute. Horrekin batera, bi mahai inguru egongo dira. Lurralde gatazken konponbidea Europako eremuan izendatu dute lehena, eta Herritarron aktibazioa Europako olatu subiranista berrian bigarrena, eta Irlanda, Eskozia, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko «puntako gonbidatuek» parte hartuko dutela adierazi du Etxaburuk. Aurrerago emango dute hizlarien berri.

Hala ere, https://izenaeman.gureesku.eus estekan izena emateko eskatu die bozeramaileak hara joateko asmoa duten herritarrei, hitzordua «zinez garrantzitsua izango baita», eta edukiera, mugatua.

Baionan deitutako manifestazioarekin bat

Ficobara dei egitearekin batera, egun berean Euskalgintzak Azterketak Euskaraz! Eta Euskarari Trabarik ez! lelopean deitutako manifestazioarekin bat egin du Gure Esku-k. «Hizkuntza politika libre erabakitzeko muga eta oztopoak baino ez ditugu Euskal Herriaren luze-zabalean; euskararen aurkako erasoaldi judizial betean gaude, eta atzera ez egiteko era bakarra burujabetzan aurrera egitea da», esan du Etxaburuk. Gaur egungo egoera salatzeko deia egin du, eta exijitu die erakunde publikoei «ausardiaz eta burujabe jokatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.