Zahar etxeak

Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko zahar etxe bat itxi du, zenbait baldintza urratzeagatik

Ortuellako zahar etxe bati zigor espedientea ireki dio Bizkaiko Foru Aldundiak, «arau hauste larri batengatik».

Bizkaiko Batzar Nagusietan hitz egin dute zahar etxeetako inspekzioen inguruan. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 13a
16:38
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Txurdinaga auzoko Handia zahar etxea itxi du, zenbait baldintza urratzeagatik. Zehazki, egindako zenbait inspekziotan ikusi zuten zahar etxeko tenperatura ez zela «egokia», hotza egiten zuelako. Inspektoreek ere hutsuneak topatu zituzten mantentze lanetan, garbitasunean, eta elikagaien eta botiken kontrolean.

Aldundiak azaldu du Handiako zuzendaritzari eskatu ziotela beharrezko baldintzak betetzeko, baina, urratzen segitu zutenez, behin-behinean itxi dutela. «Erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna arriskuan zeuden», azaldu du Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak. Behin-behineko itxiera behin betikoa bihur daitekeela ohartarazi du Murillok, egoera ez bada «bideratzen». Hamabost lagunentzako lekua du zahar etxe horrek, baina lau erabiltzaile zituen —lekualdatu dituzte—.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak zigor espediente bat ireki dio Ortuellako (Bizkaia) Otxartaga zahar etxeari, «arau hauste larri batengatik». Izan ere, inspektoreek egiaztatu zuten otsailaren 1eko gauean ez zela langilerik izan zahar etxeko 88 erabiltzaileak artatzeko. Zigor espedientea 600.000 eurorainoko isuna izan daiteke, edo finantzaketa publikoa etetea, besteak beste.

Murillok nabarmendu du Handia eta Otxartaga zahar etxeen kasuak «salbuespenak» direla; Bizkaiko zahar etxeek «ondo» funtzionatzen dutela. Erantsi du iaz egindako inspekzioak %10 gehitu zirela aurreko urtearen aldean.

Hamar eguneko greba

Martxoaren 15etik 24ra greba egingo dute Bizkaiko zahar etxeetan. ELA sindikatuak deitu du, hitzarmen berri bat eskatzeko. Orain arte, 29 greba egun egin ditu Bizkaiko zahar etxeetan. Hauek dira ELAren eskaerak: langile gehiago kontratatzea, lan baldintzak zahar etxe publikoetako langileenekin berdintzea —egoitza gehienak pribatuak dira Bizkaian—, ordezkapenak lehenengo egunetik egitea, eta lanaldi osoko kontratu gehiago egitea.

Horiez gain, soldata igotzeko ere eskatzen ari dira, erosahalmena berreskuratzeko. «Orain dela bi urte baino gehiago hasi ziren aldarri horrekin, baina entzungor egiten diete», salatu du sindikatuak.

Bizkaian 155 zahar etxe daude, eta bi baino ez dira publikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.