Non eta nola ikus daiteke gaur 'Bi arnas' dokumentala TV3n?

Telebistan Kataluniako kate publikoan emango dute lehen aldiz torturaren gaia jorratzen duen lan hori, 22:05ean. Bikoiztuta emango dute.

Iratxe Sorzabal torturen lekukotasuna ematen. BERRIA
Jone Bastida Alzuru.
2023ko martxoaren 14a
13:58
Entzun

Irunen (Gipuzkoa) estreinatu zuten Bi arnas dokumentala iazko maiatzean, eta, proiekzio batzuen ostean, Zinemaldiko Zinemira sailean erakutsi zuten. Ondoren, Europako hainbat herri eta hiritan ere bai. Ordutik, herriz herri eta jaialdiz jaialdi aritu dira emanaldiak egiten –60 proiekzio baino gehiago eskaini dituzte–. Bada, gaur emango dute lehen aldiz telebistan: Kataluniako TV3 kate publikoan ikusi ahalko da, 22:05ean. Sense ficció programaren barruan emitituko dute. Iratxe Sorzabal presoak jasandako torturak ditu abiapuntu lanak, baina, horrez gain, haren amak dituen zauriak eta beste preso batzuek pairatutako torturak ageri dira. Katalanera bikoiztuta emango dute.

Eta, beraz, nola eta non ikus daiteke dokumentala Euskal Herrian? Zenbait konpainiaren bidez egongo da kable bidezko telebistan ikusteko aukera. TV3ko webgunearen arabera, Hego Euskal Herrian, hauekin: Euskaltel, Guuk, Movistar+, Yoigo, Orange eta Vodafone –Nafarroan baita Perseon konpainiarekin ere–. Ipar Euskal Herrian ere izango da aukera: SFR, Orange eta Free operadoreekin ikusi ahalko da, hain zuzen. Horrez gainera, online ere emango dute.

Torturari buruzko testigantzak jasotzen ditu Bi arnas dokumentalak. Bi protagonista ditu: Iratxe Sorzabal euskal preso torturatua, eta haren ama, Maria Nieves Diaz, torturaren aurkako ekintzailea. Horiez gain, Nekane Txapartegi, Paco Etxeberria eta Serge Portelli ere ageri dira. Txapartegi euskal preso ohia da, 1999. urtean torturatua. Etxeberria auzi medikua da, eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilea. Eta Portelli, berriz, Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia da, baita abokatua eta torturaren kontrako ekintzailea ere.

Sense ficció programan, emakumeak ardatz dituzten dokumentalak emango ditu Kataluniako kateak martxoan, eta hor botako dute Bi arnas. Dokumentalean, salatu nahi dute torturak eragindako zauria «itxi gabe» dagoela.

Euskal Herrian baino lehenago, Katalunian

Jon Mikel Fernandez Elorz dokumentaleko zuzendariak dio lantaldearentzat «ohore handia» dela dokumentala Kataluniako kate publikoak ematea. «Sense ficció saio prestigiotsuak gure alde egin izanak poza eragiten digu». Fernandez Elorzek aitortu du «arraro» egiten zaiola dokumentala lehenago ematea Katalunian Euskal Herrian baino.

Hain zuzen, BERRIAk berriki ateratako erreportaje batean jasotakoaren arabera, ikus-entzunezko zenbait ekoizlek diote ETBk ez dituela memoria historikoarekin eta euskal gatazkarekin lotutako lanak laguntzen edo ematen baldin eta Gogora institutuaren babesa ez badute.

Hala adierazi zuen Bi arnas dokumentalaren ekoizle Imanol Arzuaga Kima-k: «Bi arnas dokumentalari diru laguntza emateari ezezkoa eman zion ETBk, horrek gurea bezalako proiektu xume batentzat dakarren galera ekonomikoarekin». Filma ETBn emateko eskariari dagokionez, hasieran ezezkoa jaso zuten. «Esan ziguten EITBko administrazio kontseiluak erabakia duela memoriaren eta gatazka politikoaren gaiak jorratzen dituzten ekoizpenak emititzeko baldintza nagusia Gogora institutuak parte hartzea edo ekoiztea dela. Beraz, Gogora-k ez badu parte hartzen, ETBk ez duela emitituko».

Dokumentala Kataluniako TV3k emango duela argiratu eta bi egunera, ETBren deia jaso zuen ekoizleak. «Azkenean, ETBren Primeran plataformarako emisio eskubideak erosteko proposamena egin digute». Egoerarekin kritikoa da Arzuaga, edonola ere.

Aurrekontu txikiko lana da Bi arnas dokumentala, Arzuagak ekoitzia, eta Fernandez Elorzek zuzendua. Esanguratsua da dokumentaleko pasarte bat: 2001ean, torturak sufritu eta berehala, elkarrizketa bat eman zuen Sorzabalek. Euskaldunon Egunkaria-ko Eneko Bidegainek eta Torturen Aurkako Taldeko kamerari Axier Aritzetak grabatu zioten elkarrizketa hura. EITBk ez zuen elkarrizketa hura eman, baina Bi arnas dokumentalean ikus daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.