Indarkeria matxista

«Egoera penagarrian» bizi ziren Bizkaian pertsonen salerosketan ari zen eta atzeman duten sareko emakumeak

Denis Itxasok eman ditu xehetasunak: «Pilatuta bizi ziren, zikinkeriaren eta janari arrastoen artean». Egunean ordubetez soilik uzten zieten kalera irteten, eta noiznahi bezeroak hartzera behartzen zituzten. Hamahiru emakume askatu dituzte.

Guardia Zibila pasa den asteko operazioan, Bilboko Zorrotza auzoan. MIGUEL TOñA / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 14a
16:01
Entzun

Baldintza erabat penagarrietan bizi ziren joan den astean Bizkaian desegin zuten gaizkile sarearen biktimak. Hamahiru emakume zeuzkaten bahituta Bilboko Zorrotza auzoko etxe batean, «pilatuta, zikinkeriaren eta janari arrastoen artean». Bainugela bakarra zuten guztientzat; segurtasun kameren sare baten bidez kontrolatzen zituzten; prostituziorako erabiltzen zituzten, eta behartuta zeuden drogak hartzera eta noiznahi bezeroak onartzera. Egunean ordubetez soilik uzten zieten etxetik irteten. Gaur eman ditu xehetasun horiek Denis Itxasok, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak.

Guardia Zibilak asteartean askatu zituen emakumeak, Barakaldon, Fruizen eta Bilbon egindako operazio batean. Bahituta zeuzkan sareari hainbat delitu egotzi dizkiote: tartean, emakumeen salerosketa, sexu esplotazioa, kapitalak zuritzea eta atzerriko herritarren eskubideen aurka egitea. Gutxienez 2017. urtetik funtzionatzen zuen sareak, eta zazpi kidek osatzen zuten, sei emakumek eta gizon batek. Guztiak atxilotu dituzte.

Lekuko babestu baten testigantzari esker abiatu zuten ikerketa. Itxasok azaldu duenez, sareak Hego Amerikako herrialdeetan batzen zituen emakumeak, nagusiki Paraguain eta Kolonbian. Lan eta bizi baldintza hobeak hitzematen zizkieten, zaurgarriak zirela eta jatorrizko herrialdeetan pobre bizi zirela baliatuta.

Joan den asteko operazioan konfiskatutakoen berri ere eman du: 35.000 euro eskudirutan, kokaina, marihuana, hainbat sakelako, sildenafilo (Viagra) eta amoxizilina «kantitate handia», eta «ikerketarako baliagarri izan den dokumentazioa». Hainbat kontu korronte, auto eta higiezin ere atxiki dizkiete.

Putazaleen kontzientzia

Operazioaren berri emateaz gain, putazaleei mintzatu zaie Itxaso. Eskatu die ez egiteko ez ikusiarena prostituzioan gogoz kontra eta bortxaz jarduten dutenen egoera ikustean, haien jarrerak «gizatasuna kentzen baitie emakume horiei»: «Erabiltzaileen kontzientziari dei egin nahi diogu, zerbitzu horiek erabiltzeari utz diezaioten, edo, behintzat, salaketak jar ditzaten jarduera hori sexu esplotazioa izan daitekeela uste dutenean».

Azpimarratu du «giza eskubideen urraketarik ilunenetako bat» direla sexu esplotaziorako erabiltzen dituzten pertsonen salerosketa kasuak: «Gure inguruan gertatzen da; gugandik gertu dago, etxe alboko pisuan». Gehitu du sexu esklabotzak ezbaian jartzen duela praktikatzen dutenen gizatasuna, eta «zigorrik handiena» merezi duela.

Azkenik, Madrilen ordezkariak eskerrak eman dizkie biktimak artatu dituen Fiet Gratia GKEari eta sarea desegin duten poliziei. Itxasok emandako datuen arabera, Guardia Zibilak gisa horretako sei operazio egin ditu azken bost urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietan, 134 lagun atxilotu dituzte, eta 72 biktima askatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.