Zinema

'Simpsondarrak' filma bere kabuz bikoiztu du gazte donostiar batek, ahots guztiak berak eginda

Laster estreinatzea espero du Ander Torregarai bikoizketa ikasleak, 20th Century Foxi «grazia askorik egingo ez badio ere».

Ander Torregarai, 'Simpsondarrak' filma bikoizten. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2023ko martxoaren 14a
16:45
Entzun

Ander Torregarai du izena, eta 17 urte ditu. Donostiarra da, eta urtebete darama bikoizketa ikasten Binnahi eskolan. Sentitu, pentsatu eta egin: laster amaituko du The Simpsons Movie filmaren euskarazko bertsioa bikoizten: Simpsondarrak. Ez da lan makala, hark egin baititu pertsonaia guztien ahotsak.

Torregaraik berak apaltasunez esan du azken batean originalean ere sei aktoreren artean egin zituztela ahots guztiak, eta, horren ondorioz, «karikatura» modukoak dira. «Beraz, imitatzea nahiko erraza da», adierazi du. «Baina egia da ez ditudala erregistro asko, eta ahots batzuk antzekoak dira».

Asko zabaldu da azken hamarkadotan fandub deituriko zaletasuna. Zaleek, ez-profesionalek, eginiko bikoizketa da, azken batean. Horietako batzuek zehatz-mehatz errespetatzen dituzte jatorriko elkarrizketak, baina, beste batzuk jostalariagoak dira, eta aldatu egiten dituzte, parodia egiteko, edo bestelako mezuak sartzeko –batzuetan, gordinak ere izaten dira–.

Film, telesail eta batez ere marrazki bizidun kutunak euren hizkuntzara ekartzeko hasi ziren zaleak etxean halako bikoizketak egiten.

Torregarai ere horrela hasi zen. «Ondo pasatzeko hasi nintzen bikoizketan: nire etxean memeak eta gauzak egin ahal izateko eta ondo pasatzeko». Edonola ere, adierazi du ez zuela bikoizle bihurtzeko asmorik. Beste zale batzuek egiten dituzten parodiak ikusita piztu zitzaion gauza bera egiteko gogoa.

Halere, oraingoan, pentsatu zuen gauza motz asko egin beharrean egitasmo luzeago batean murgildu nahi zuela. «Justu hori pentsatu nuenean, simpsondarren filma jarri zuten telebistan». Hori nola eginda zegoen ikusita, pentsatu zuen aukera zeukala lan guztia berak egiteko.

Azaldu duenez, Marge simpsondarren amaren ahotsa kostatzen ari zaio gehien, hura imitatzen saiatzean «kibo modukoak» ateratzen zaizkiolako, goiko notak jo nahian huts egiten duten abeslariei bezala, alegia. «Beraz, askotan errepikatu behar dut, ondo geratu arte».

Txisteak asmatzen

Itzulpena ere hark egin behar izan du, gaztelerazko azpidatzietan oinarrituta. «Badaude itzuli ezin izan ditudan hitz joko asko. Baina, ezin bada, beste txiste bat sartzen saiatzen naiz».

2007ko uztailean estreinatu zuten The Simpsons Movie filma. Telesailaren sortzaile Matt Groening bera aritu zen gidoia egiten, besteak beste. 75 milioi euro kostatu zitzaien filma egitea, baina 500 milioi baino gehiago bildu zituzten zinemetan.

Filmak 87 minutu irauten du, eta Torregarairi 20 bat minutu falta zaizkio euskarazko bertsioa amaitzeko. «Bukatu ondoren filma osorik ikusi, eta gustatzen ez zaizkidan gauzak berriz bikoiztuko ditut». Esan duenez, litekeena da datorren asterako prest edukitzea, eta, bestela, martxoa amaitu aurretik.

Estreinaldia Twich sare sozialean egitea pentsatu duela adierazi du, «nahi duenak zuzenean ikusteko», eta gero euskal-encodings.eus gunean jartzea. Euskarazko ikus-entzunezko asko bildu dituzte zaleek han azken urteotan.

Filma ekoitzi zuen 20th Century Fox konpainiari «ez dio grazia handirik egingo», esan duenez. Baina, gogoratu duenez, bikoizle amateurrek askotan lantzen dituzte film osoak, eta Interneten jarri; halakoetan,mezu hau jartzen dute: «Fandub hau aberasteko asmorik gabe egin dugu, praktikatzearren».

Zer egin dezake konpainiak, azken batean, zaleen zaletasuna mugatzeko? Asko jota, Torregarai zigortu arbelean ehun aldiz zera idaztera: Ez dut 'Simpsondarrak' filma euskarara neure kabuz bikoiztuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.