Telebista

Felix Linaresek 'La noche de…' saioa utziko du, 28 urteren ondoren

ETB2k apirilaren 11n emango du aurkezle horrek gidatutako azken atala, 1.500.a. Saioak aurrera jarraituko du, casting bidez hautatuko duten aurkezle batekin.

Felix Linares, EITBko erredakzioan. EITB
Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 15a
10:13
Entzun

ETB2 utziko du kate horretako aurkezle mitikoenetako batek: Felix Linaresek, La noche de... saioaren aurkezleak. Linaresek berak eman zuen albistea bart gaueko atalean. Saioa 1995. urtean estreinatu zuten, eta, 28 urteren ostean, 1.500.a izango da 75 urteko aurkezleak ahotsa jarriko dion azken atala.

Michael Caine aktorearen bizitzari errepasoa egin eta gero eman zuen albistea Bilbokoak: «Agurrei buruz ari garenez, hau izango da aurkeztuko ditudan azken La noche de... saioetako bat. 28 urte dira jada, 1.500 saio, adinean gora noa —ez Cain bezainbeste, baina bueno, adin bertsua dugu—, eta uste dugu agur esaten hasteko une egokia dela». Ez zen gehiago luzatu.

Saioa, ordea, ez da amaituko. Linaresen hitzetan, lantaldeak lanean segituko du ikusleei «astearte gau ahaztezinak» eskaintzen jarraitzeko. Iragarri duenez, casting bat egingo dute aurkezle berria hautatzeko: hautagaiak saioan izango dira datozen asteetan, postua lortzeko ahaleginetan.

Ibilbide luzea

La noche de... saioa 1995eko irailaren 19an estreinatu zuten, jarraian botatzen zituzten filmen atarikoak egiteko. Ikusle datu onek bultzatuta, ordea, zinemari buruzko saio zabalago bat bilakatu zen. Saioaren 25. urteurrenean, 2020. urtean, Donostiako Zinemaldian omenaldia egin zioten.

Linaresi dagokionez, telebistan egin duen ibilbide luzea amaituko du. Irratian jarraituko du; gehienbat medio horretan ibilia da, kulturari buruzko saioetan, Bilboko Herri Irratian eta Radio Euskadin. Besteak beste, literaturaren inguruko Pompas de papel saioaren zuzendarietako bat izandakoa da, 30 urtean baino gehiagoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.