TELEBISTA

'Bi arnas' dokumentalak 193.000 ikus-entzule izan ditu TV3en

Bart eman dute telebistan lehen aldiz torturaren inguruko lana. ETB dokumentalaren eskubideak erosteko prozesuan da, telebistaz zein Interneten emateko.

'Bi arnas' dokumentala. BERRIA
urtzi urkizu
2023ko martxoaren 15a
11:27
Entzun

Katalunian ikusmina piztu du Bi arnas dokumentalak. Atzo gauean eman zuten filma TV3 kate publikoan, eta %10,1eko ikusle kuota bereganatu zuen (193.000 ikus-entzule). Datu horri gehitu beharko zaio datozen egunetan Interneten izango dituen ikusleak; izan ere, TV3en webgunean ikusgai dago filma. Telebistako estreinaldia izan zen atzokoa, eta, horrenbestez, lehenago ikusi da Kataluniako telebistan Euskal Herrikoetan baino.

Imanol Arzuaga Kima dokumentaleko ekoizleak BERRIAri esan dio, bestalde, ETB filma erosteko prozesuan hasi dela, bai telebista konbentzionalean, bai Primeran plataforman jartzeko. Horrez gain, Ameriketako Estatu Batuetako telebista kate batek —hezkuntza arloan ari den kate bat da— dokumentala erosteko interesa azaldu du.

Torturari buruzko testigantzak jasotzen ditu Bi arnas dokumentalak. Bi protagonista ditu: Iratxe Sorzabal euskal preso torturatua, eta haren ama, Maria Nieves Diaz, torturaren aurkako ekintzailea. Horiez gain, Nekane Txapartegi, Paco Etxeberria eta Serge Portelli ere ageri dira. Txapartegi euskal preso ohia da, 1999. urtean torturatua. Etxeberria auzi medikua da, eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilea. Eta Portelli, berriz, Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia da, baita abokatua eta torturaren kontrako ekintzailea ere.

Aurrekontu txikiko lana da Bi arnas, Arzuagak ekoitzia, eta Jon Mikel Fernandez Elorzek zuzendua. Esanguratsua da dokumentaleko pasarte bat: 2001ean, torturak sufritu eta berehala, elkarrizketa bat eman zuen Sorzabalek. Euskaldunon Egunkaria-ko Eneko Bidegainek eta Torturen Aurkako Taldeko kamerari Axier Aritzetak grabatu zioten elkarrizketa hura. EITBk ez zuen elkarrizketa hura eman, baina Bi arnas dokumentalean ikus daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.