Berdintasuna

Elgarrestak esan du Irungo alkateak aintzat hartu behar duela alardea aipatzeko «gomendioa»

Eusko Legebiltzarrean lehen aldiz mintzatu da gaur Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta; nabarmendu du jaiak ezin direla «estatikoak» izan

arantxa iraola
2023ko martxoaren 15a
11:33
Entzun

Galdera egin diote gaur Eusko Legebiltzarrean, Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzoerdean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestari; esan diote azaltzeko zer ikuspegi duen jai eremua berdintasun politiketan sartzeari buruz, eta zer gomendio egiten dien jai eremuan desberdinkeria egoera bat duten udalerriei. Propio aipatu dute, galdera egitearekin batera, Irungo Udaleko kasua; izan ere, Irungo alkateak ahaleginak egin ditu hirian ontzen ari diren berdintasun planean alardearen gaia ez aipatzeko, hirian duten berdintasun arazo agerikoenetarikoa bada ere. Horren harira, Elgarrestak gogora ekarri du Emakundek Irungo alkate Jose Antonio Santanoren bidez jasotako dokumentu horri erantzun diola, eta «argi» adierazi diotela «ezinbestekoa» dela alardea planean aipatzea. «Gure eskumenetan, gomendiora iristen gara», nabarmendu du: «Baina gomendioa jaso beharko luke».

Elgarrestak Eusko Legebiltzarrean egindako lehen agerraldia izan da gaurkoa, urrian hartu baitzuen Emakundeko zuzendaritza, Izaskun Landaiaren tokian. Egina zioten galderari helduta, adierazi du «jaiak eta traidizioak» ezin direla «estatikoak» izan; gogoratu du garrantzi handia dutela «sinbolikoki» herrien «kohesiorako», eta horregatik daudela berdintasun politiketan txertatuta horiek ere. Udaletan ere ikuspegi hori txertatze aldera, Berdinsarearen bidez urteotan egin den lana goraipatu du. Zenbait herritan, ordea, arazoak agerikoak dira; Irunen eta Hondarribian, adibidez, urtero herriko jaietan egiten diren alardeetan desfile parekideek ez dute inoiz alkateen babesik izan, eta jai eredu baztertzaileen aldeko keinuak, aldiz, ohikoak dira urtero.

Galdera egin dutenen izenean, EH Bilduko legebiltzarkide Oihana Etxebarrietak estimatu egin ditu Elagarrestaren hitzak, baita Emakundek oro har jai parekideagoen alde egiten dituen urratsak ere. Alardeen auzian, ordea, askotan aldaketaren kontra dauden jarreren irmotasunak bidea zailtzen duela gogoratu du. «Zer gertatzen da batzuek entzun ere egin nahi ez dutenean? Batzuek ez dute hori ere egin nahi». Elkarrizketaren eta elkar ulertzearen garrantzia nabarmendu ditu Elgarrestak bere hitzaldian, eta horiek txalogarriak direla onartu du Etxebarrietak, baina ohartarazi du arriskutsua dela aldaketa oro «blokeatzen» dihardutenen «esku» uztea aldaketa prozesuak. Nolanahi ere, onartu du «ezberdinen arteko» elkarrizketak garrantzitsuak direla, eta Emakunde hor «lider» izatea nahi dutela.

Alardeen auziari begira, Emakundek urteotan egindako lana goraipatu du Elgarrestak; bide berean jarraitzen dutela esan du, eta lanean jarraitzeko asmoa dutela. «Oso inportantea da lan egitea. Irun eta Hondarribia aipatu dira: oso garrantzitsuak dira belaunaldi berriak». Jaien «antolakuntzan» pertsona gazteak sartzeak aldaketa erraztu dezakeela adierazi du. Bat etorri da Etxebarrrieta: «Bada garaia ahots horiek entzuteko, asko baitute esateko».

Jai parekideak lortzeko ez ezik eraso matxistarik gabeko jaiak lortzeko ere urteotan Emakunderen bidez egin diren urratsak nabarmendu ditu Elgarrestak, eta xeheki zerrendatu ditu. Aho batez goraipatu eta eskertu dute talde politiko guztiek Emakunderen ekarpena.

Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria izan zen 2015etik iaz arte. Urte horietan ez zen inoiz joan Irun eta Hondarribiko desfile parekideei babesa ematera; beti ondoan izan dituzte hautu parekidearen aldekoek Emakundeko zuzendaria, EAEko Arartekoko ordezkariren bat eta hainbat talde politikotako ordezkariak, baina bera ez zen agertu.

Santanoren testua

Gaur Elgarrestari egin dioten galderaren atzean dauden gakoetako bat, horra. Abenduan egin zuen salaketa Irungo Elkarrekin Podemos-IUk. Esan zuen Irungo alkateak «ezabatu» egin nahi duela «alardea» V. Berdintasun Planetik. Bereizgarritasun bat izan dute orain arte Irunen ondu diren berdintasun planek: ez dute inoiz «alardea» aipatu ere egin.

Iaz, urtarrilean abiatu zen plan berria egiteko prozesua; hiriko eragile askok hartu zuten parte prozesuan, eta agertu egin zen berriro «alardearen» auzia. Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak (Elkarrekin Podemos-IU) abenduan propio gaiari buruz aritzeko egin zuen agerraldi batean azaldu zuenez, gaia jasota dago iazko urriaren 27an egin zen Berdintasun Mahaian onetsi zen testuan. Aldeko 11 boto jaso zituen testuak, eta hiru abstentzio: hiriko emakume talde batena, eta PSE-EE eta PPrena. Etxebesteren aburuz, aldeko boza ez emateaz gain, Irungo alkate Jose Antonio Santanok ordezko testu bat garatzeko prozesua gidatu zuen, xede nagusi batekin: «Alardearen elementua ezabatu nahi du V. Berdintasun Planetik».

Etxebestek salatu zuen Santanok «udal arautegitik» kanpo egin zuela prozedura hori guztia, eta ez zela onargarria hori.

Hala eta guztiz ere, Irungo V. Berdintasun Planaren bi bertsio jaso zituzten Emakunden; prozesu parte hartzailean hitzartutakoa, eta gero Santano alkatearen ekimenez ondutakoa. Bakar bat hautatzeko eskatu zion erakundeak Jose Antonio Santano Irungo alkateari. Udaleko Berdintasun ordezkari Miren Etxebestek (Elkarrekin Podemos-IU) eman zuen horren berria, urtarrilean. Otsailean beste agerraldi bat egin zuen Etxebestek gaiaz aritzeko; azaldu zuen Santanok bidalitako testua lehenetsi zuela Emakundek, baina berdintasun planerako gomendatutako aldaketen artean jarri zuela «ezinbestekoa» dela alardea aipatzea. Alkateak zer egiten duen ikusi beharko da orain, udalbatzak eman behar baitio azken oniritzia planari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.