Pentsioen erreforma berriak «murrizketak» dakartzala salatu du ELAk

Mobilizazioak egingo dituzte apirilaren 4an, Bilbon eta Iruñean. Erreformaren aurka bozkatzea eskatuko die sindikatuak ezkerreko alderdiei.

Pentsioen erreformari buruzko txostenaren aurkezpena, gaur, Donostian. ELA
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 15a
12:26
Entzun

Espainiako pentsioen erreforma ixtear dira Madrilen, eta ELAk gogor egin du pentsio sistema berriaren aurka. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak erreformari buruzko dokumentu bat aurkeztu du gaur Donostian, eta gezurtatu egin du Madrilen bertsio ofiziala, «murrizketarik gabeko erreforma» batena. Hala ere, Unidas Podemosen eta EH Bilduren lanik gabe neurriak «okerragoak» izango liratekeela adierazi du Lakuntzak.

2040tik aurrera, pentsioak kalkulatzeko epea azken 29 urteak izango dira —24 hilabete txarrenak kanpoan utzita—, egungo 25 urteak hedatuta. Lakuntzak uste du aldaketa horrekin pentsioak «murriztuko» zaizkiela belaunaldi berriei, ELAren iritziz prekaritate handiena duten belaunaldiei, hain zuzen ere.

Gutxieneko pentsioak «oso gutxi» igo direla ere salatu du ELAk. Gogorarazi du pentsiodunen mugimenduak gutxieneko 1.080 euroko pentsioa aldarrikatzen duela —1.260 euro KPIarekin eguneratuta—, baina gogorarazi dute lau urtean 783 eurotik 833 eurora bakarrik igoko dela, ezkontiderik gabeko 65 urtetik gorako pertsona baten kasuan.

ELAk dio ez direla indargabetu 2011. urteko pentsioen erreformaren murrizketak, eta erretiro adina 65 urtera itzultzeko eskatu du, baita pentsioa kalkulatzeko 15 urte kontuan hartzeko ere.

Brusela-Madril harremana

Espainiako Gobernuak eta Europako Batasunak 2021ean lortutako akordioaren atal gehienak betetzen direla ohartarazi du sindikatuak. Pentsioen erreforma Europako Batasunak bultzatu nahi dituen murrizketei «aurre egiteko» aukera dela uste du ELAk, baina Pedro Sanchezen gobernua adostutako ia guztia betetzera mugatu dela gehitu du. Elkarrizketa soziala ez errespetatzea ere leporatu dio koalizio gobernuari.

Erreforma berriaren aurrean, Pentsiodunen Mugimenduak larunbatean egingo duen mobilizazioa babestu du sindikatuak, eta beste bi protesta iragarri ditu apirilaren 4rako, Bilbon bata, eta Iruñean bestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.