Pentsioak

Giltzapean, pentsiodun txiroenen alde

150 pentsiodunek hartuko dute parte 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko baraualdian. Eskariaren garrantzia gizartean zabaltzeko balioko duela uste dute.

Bart gauean Bilboko itxialdian parte hartu zuten emakumeak. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko martxoaren 15a
13:35
Entzun

Txaloak entzuten dira goizero Fernandez del Campo kalean. Bilboren bihotzean dago, Indautxu eta Abando auzoak elkartzen dituen bulegoz beteriko zain bat. Animo oihuak eta besarkadak nagusi dira Ezkerra-Berdeak alderdi politikoak pentsiodunen utzi dien aretoaren kanpoan. Goizeroko liturgia da: astelehenaz geroztik, 30 pentsiodun baraualdia egiten ari dira 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko. Batzuek aste osoa egingo dute; beste batzuek, berriz, egun bateko txanda, eta azken horien guardia aldaketak eragin du zalaparta. Guztira 150 pentsiodunek hartuko dute parte itxialdian.

Goizean atera direnen artean daude Itziar Usandizaga Galarraga (74 urte) eta eta Josune Garitaonaindia Arrillaga (61 urte) bergararrak. Astelehenero elkartzen dira Bergarako plazan, eta mobilizazioan beste pauso bat eman nahi izan dute. «1.080 euroko gutxieneko justizia sozialeko auzi bat delako!», aldarrikatu du Usandizagak. 24 orduko itxialdiaren ondoren nekatuta dagoela dio, baina ez zaio nabaritzen: «Bizitza zenbat garestitu den ikustea besterik ez dago!». 42 urtez lan egin zuen ehungintzan, eta alarguntasun saria ere jasotzen du. «Pribilegiatua» dela dio, baina bere kasua ez da hain ohikoa: «Elkartasunez nator. Nire inguruan andre asko daude makina bat lan eginikoak eta pentsio oso baxuak edo pentsiorik jasotzen ez dutenak. 1.080 euroko gutxieneko pentsioak genero arrakala apur bat murrizten lagunduko luke».

Garitaonaindiak bat egiten du lagunaren hitzekin, eta, dioenez, Bergarako plazan pentsiodunen testigantza gogorrak entzun izan dituzte. «Ekinbide sozial garrantzitsua delako batu nintzen, eta zerbitzu publikoen defentsan diharduena». Gazteagoa da, eta denbora gutxiago darama mugimenduan, baina badaki 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren eskaera hasieratik dagoela mahai gainean, eta gutxieneko langa bat ezartzea ezinbesteko ikusten du: «Egun gazte askok soldata oso baxua dute. Horiek ere garbi izan behar dute noizbait pentsiodun izango direla, eta orain soldata baxua badute, pentsioa ez da hobea izango».

Iñaki Elduaien alboan dute, haien hitzak entzuten. Hark bost eguneko baraualdia egingo du. Goizero pasatuko den medikuarekin egon berri da, eta hark esan dio protestarekin jarraitzeko moduan dela. «Mugimenduan oso barneratuta dugu 1.080 euroena lortu beharreko aldarrikapen bat dela. Funtsezkoa da, ez da posible Euskal Herrian 800 eurora iristen ez diren 200.000 pentsiodun egotea. Horietako asko oso gaizki bizi dira». Datuak ondo dakizkite, eta zehaztu dute horietatik 152.000 emakumeak direla. Langa mila eurora igoz gero, kopurua 279.480 pentsiodunera igotzen da, guztien %39,2, hain zuzen.

Oihartzun handia

Dolores Ibarruri La Pasionaria-ren aurpegiaren koadro handi batek ematen dio ongietorria aretoan sartzen den orori. Alderdi komunistako buruzagi historikoa zena harro legoke adineko mobilizazioarekin, eta haren irudiak ez du aspertzeko betarik izango aste honetan, ekitaldi ugari antolatu baitituzte. Goizero protestaren bat dute. Gaur, esaterako, eskutitz bana eraman dute Eusko Jaurlaritzara eta Emakundera. Arratsalderako, berriz, genero arrakalaren inguruko hitzaldi bat antolatu dute, 18:00etan.

Itxialdiak oihartzun handia izan du gizartean, eta gustura daude. «Transmisioa garrantzitsua da», azaldu du Usandizagak. «Orain baby boom-aren belaunaldiko jendea erretiroa hartzen ari da, eta horiek guregana gerturatzea garrantzitsua da». Elduainek arrazoia eman dio, baina nabarmendu du pentsiodunen mugimendua egoera onean dela. «Duela bost urte baino hobeto gaude. Jendearen artean gorabeherak daude, albisteen eta egoeraren arabera. Baina jende finkoa oso fidela da. Egun bateko haserrealdi moduan jaio zena mugimendu egituratua da orain, gauza handiak antola ditzakeena».

Antolaketa ahalmen horren eredu dira itxialdia eta itxialdiaren amaiera osteko manifestazio deialdiak. Hirukoteko gazteenak gizarteko gazteenei manifestazioetara batzeko deia egin die. «Jende gaztea nahiko geldirik ikusten dut oro har, eta hau haien auzia ere badela ikusi behar dute. Ulertzen dut batzuek urrun ikus dezaketela erretiratzeko garaia, baina, kasu horretan, inguruan dituzten pentsiodunengatik parte har dezatela: aitona-amonak, gurasoak...».

Ipar Euskal Herriari begira

Mobilizazio gehiago egiteko sasoia dute, baina hirurek ezin dute ezkutatu Ipar Euskal Herriari eta Frantziari inbidiaz begiratzen dietela. Frantziako Gobernuak erretreta adina atzeratu nahi du, eta protestak ugaritu egin dira, greba orokor egunak barne. «Espainiako Gobernuak orain mahai gainean duen erreforma osoa antzekoa da. Frantzian, baina, sindikatu eta eragile guztiek ikusten dute aurre egin behar zaiola», nabarmendu du Usandizagak. Elduaienek heldu dio gaiari: «Bihar Baionara joateko gogoa ematen du!», baina ezingo du, eta badaki nahikoa lan badela itxialdiari eusten. «Frantziako protestetatik ilusio handien egiten didana da adin guztietako jendea dagoela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.