Zerga iruzurra

Zerga iruzurraren laurdena nazioartean aurkitu du Bizkaiko Ogasunak

Guztira, 414 milioi euro atzeman dituzte; eta %89 berreskuratu dute orain arte. Batuz proiektura 12.000 enpresa atxiki dira.

Bizkaiko Ogasunaren egoitza, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko martxoaren 15a
13:58
Entzun

Iruzur fiskalaren aurka, Bizkaiko Foru Ogasunak milioi erdi jarduketa baino gehiago egin zituen iaz. Jarduketa horietan, 414 milioi euro atzeman dituzte, eta, orain arte, %89 berreskuratu dute. «Hamar eurotik bederatzi lortu ditugu», zehaztu du Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzen Bizkaiko Foru Diputatuak. Erregularizatutako kopuruaren laurdena nazioarteko fiskalitatearen esparruari dagokio.

Egoiliar ez direnen errentaren gaineko zergarekin lotuta, 948 jarduketa egin dituzte. «Besteak beste, hainbat herrialdetan jarduten duten multinazionalen taldeak ikertu ditugu, gure matrizea dutenak edota hemen sozietateak dituzten atzerriko matrizea dutenak», zehaztu du Iñaki Alonso Bizkaiko Ogasuneko zuzendari nagusiak. Hor sei jarduketa egin dituzte, eta lau milioiko zorra topatu dute. Bestalde, nazioarteko taldeek paradisu fiskalekin duten harremana ikertu dute: «Sei jarduketa egin ditugu, eta ia 47 milioi euroko zorra aurkitu dugu». Nazioartean erregularizatutako zergadunen jarraipena egiten du urtero foru ogasunak. «Behin egoera erregularizatuta, gutxitan erabiltzen dituzte beste bide batzuk zergak ez ordaintzeko; orokorrean, agindutakoa betetzen dute», azpimarratu du Alonsok.

Batuz proiektuari dagokionez, 12.000 enpresa eta profesional atxiki dira 2022an. Izan ere, urtearen hasieran jarri zuten proiektua martxan. Sistema telematiko horren bidez, ogasunak autonomoen eta enpresen jarduerak kontrolatzen ditu, zergak egoki ordain ditzaten. Momentuz, borondatezkoa da atxikitzea. Hala ere, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, derrigorrezkoa izango da proiektuaren parte izatea. «Oraingo datuen arabera, kalkulatzen dugu 90.000 zergadunek eman beharko dutela izena».

Zerga betebeharrak borondatezko epean betetzeko, ogasunak arreta eskaintzen du. 2022an, lau milioi arreta baino gehiago eskaini zituen. Gehienak, kanal digitalaren bidez: hiru milioi baino gehiago; arreten %76.

Berreskuratze lanetan

«Iruzurra prebenitzera, zerga informazioa lortzera eta aztertzera, eta aitortu gabeko zenbatekoak erregularizatzera bideratu ditugu jarduketak», azaldu du Iruarrizagak. Eta Alonsok gehitu du zerga iruzurra bi arrazoiengatik gertatu daitekeela. «Alde batetik, nahita iruzur egin nahi duten pertsonak daude». Horiei, zor duten dirua ordainarazteaz gain, zigorra ezartzen diete. «Beste batzuetan, ordea, zergadunak ez dira ohartzen, eta hutsegite bat egiten dute». Kasu horietan, ez zaie zigorrik ezartzen. Zor dutena besterik ez dute ordaindu behar.

Berreskuratze jarduketekin jarraitzen du Bizkaiko Foru Ogasunak. «Iruzur batzuk momentuan bertan exijitu ditzakegu, baina beste batzuk ez», esan du Alonsok. «Adibidez, epaitegiak erabaki behar du zigor bat jarri daitekeen edo ez; eta erabakia irmoa izan arte, ezin da ezer egin». Kuotak eta interesak, ordea, zuzenean kobratu daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.