Euskara

Hizkuntza ereduen sistema gainditzeko eskatu du Euskal Herrian Euskaraz-ek

Murgiltze eredua da ikasleek «euskara maila duin bat izateko modu bakarra», EHEren arabera. EAEko Hezkuntza Legea «mugatua» dela adierazi du.

EHE-ren agerraldia gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 15a
20:07
Entzun

Hizkuntza eredu sistema gainditzeko eskatu du EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek, eta murgiltze eredua hobetzearen alde egin du. EAEko Hezkuntza Legearen inguruan egiten duen irakurketa plazaratu du, gaur, Gasteizen egindako agerraldi batean, gaiak «berreuskalduntze prozesuan duen garrantziaz» ohartuta. Sugoi Etxarri EHEko kideak nabarmendu du lege horren inguruko eztabaida «estrategikoa» den arren, marko zehatz eta mugatu bat duela: «Inposatzen zaigun marko autonomiko honetatik harago behar dugu herri bezala pentsatu, eta gure hizkuntzaren biziberritze prozesuan zazpi lurraldeak kontuan hartu behar ditugu».

Izan ere, EAEko Hezkuntza Legeak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hezkuntza sistemari eragiten dio soilik, eta Espainiako Gobernuak bultzatutako LOMLOE legearen menpekoa da. Horregatik, EHEk azaldu du nazio mailako hezkuntza lege bat dutela helburu, eta salatu du euskal herritarrek ezin dutela haien hezkuntzari buruz «modu burujabean» erabaki. «Gure hezkuntza modu burujabean garatzeko independentzia behar dugu, euskararen errepublika», ondorioztatu du. Bitartean, dena den, hainbat eskari egin ditu Euskal Herrian Euskaraz-ek.

«Azken 40 urteotan Euskal Herrian ditugun hezkuntza sistemek izan dituzten gabeziak nabarmenak izan dira euskalduntze prozesuan. Egia da hezkuntza formala izan dela euskaldun berriak sortzeko tresna nagusietako bat, baina hutsune nabarmenak ere ikusi dira», adierazi du Etxarrik. Hutsune nagusia, EHEren arabera, hizkuntza ereduen sistema da. Nabarmendu dute ez dituela ezarritako helburuak bete, eta datu bat eman dute: «Duela zazpi urte argitaratu genuen ikerketa batek ondorioztatu zuen 1983tik 2016ra bitartean, gutxienez, 200.000 ikasle baino gehiago atera zirela EAEko hezkuntza sistematik euskaldundu gabe».

Horren aurrean, eskola publikoetan eta itunpekoetan murgiltze eredua orokortu eta hobetu behar dela azpimarratu du Etxarrik: «Benetan ikasle guztiek euskara maila duin bat izateko modu bakarra da». Hala ere, gaineratu du murgiltze ereduak «zailtasunak» izan dituela herritarrak euskalduntzeko. Eredu hori elikatzeko eta indartzeko, «baliabide eta neurri zehatz batzuk» proposatu ditu Etxarrik: «Euskara gutxien jasotzen duten horiei laguntzea eskolako lanak egiten, eskola barruan ratioak murriztea eta euskara indartzeko hizkuntza planak garatzea. Laburki esanda, euskara gutxiago duenari gehiago ematea, eta baliabide gutxiago dutenei gehiago ematea».

Eskolaz kanpo ere bai

Hezkuntza ez-formalari ere garrantzia eman dio EHEk, eta euskarazko aisialdi osasuntsurako planteamendu integral bat garatzea proposatu du. «Pantailak, 3 urte arteko haurren artean hizkuntza estimulatzea eta aisialdi taldeak bezalako baliabideak oso-oso beharrezkoak dira. Inbertsioa eta apustu sendoa behar dute», esan du Etxarrik.

Euskal curriculuma garatzearen alde ere egin du Euskal Herrian Euskaraz-ek. Hezkuntza sistemak Euskal Herri osoko ikuspegia izan beharko lukeela adierazi du Etxarrik. «Zazpi lurraldeetako errealitateak kontuan hartu beharko lituzke, eta Euskal Herriaren eremu desberdinetako ikasleen arteko ezagutza sustatu beharko luke, baita euskararekiko eta Euskal Herriarekiko atxikimendua ere». Gaineratu du euskara «inklusiorako eta kohesiorako tresna» bezala ulertu eta baliatu beharko litzatekeela. Euskal Herrian hitz egiten diren gainontzeko hizkuntza guztiak balioetsita, euskara hizkuntza komun gisa ulertzeak «potentzial handia» izan lezakeela adierazi du EHEk.

Bestalde, finkatutako euskara gaitasun maila lortzen dela bermatzeko, «neurri eta baliabide zehatzak» emateari garrantzia eman dio EHEk, baita aurreikusitako mailak ebaluazioetan aintzat hartzeari ere. Horrekin lotuta, ikastetxeetako irakasleak eta gainerako langileak euskaraz jarduteko gai direla ziurtatu behar dela uste du EHEk, eta, hori lortzeko, hizkuntza eskakizunak orokortzeko eta langileak euskalduntzeko plan zehatzak martxan jartzeko proposatu dute.

Gainera, Hezkuntza Euskaraz izan behar da lelopean Gazte Euskaltzaleen Sareak eta unibertsitateetako euskara taldeek martxoaren 23an egingo dituzten elkarretaratzeekin bat egin du EHEk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.