Erretretaren erreforma

Erretreten erreforma indarrez pasatuko du Frantziako Gobernuak, 49.3 artikulua erabilita

Senatuaren bozketa irabazi ondoren, Asanbleakoa ez arriskatzea erabaki du Emmanuel Macron presidenteak. Oposizioak zentsura mozioak aurkez ditzake orain gobernuaren aurka. Protesta egiten ari dira Baionan.    

Franziako Senatuaren bilkura bat, martxo hasieran. EFE
Ekhi Erremundegi Beloki - Iker Aranburu
2023ko martxoaren 16a
09:47
Entzun

Kontuak ez zaizkio atera Frantziako Gobernuari. Kaleko legitimitatea galdua zuela ikusita, parlamentuarena lortzen saiatu da erretretaren erreforma aurrera ahal izateko, baina huts egin du. Frantziako Asanbleako saioa hasi baino lehen Ministroen Kontseilua egitera deitu du Emmanuel Macron errepublikako presidenteak, eta gobernuari lege bat bozketarik gabe onartzeko eskumena ematen dion Frantziako 49.3 artikulua erabiltzea hobetsi du.

LR Errepublikanoak alderdiko buruzagitzarekin, erreformaren inguruan ados jartzea lortu du, baina eskuineko diputatu asko ez zeuden prest bere alderdiaren agindua betetzeko, eta, horrenbestez, ez zen ziurra erreformak Asanblearen babesa izango zuenik. Egoera horretan, arriskurik ez hartzea erabaki du.

Asanbleako bilera 15:00etan hasi da, baina berehala eten da, gobernuaren asmoen berri jakitean. Erabakiak oposizioaren haserrea eragin du. Frantzia Intsumisoko diputatuek La Marseillaise abestu dute, eta RN Batasun Nazionalekoek «dimisioa!» egin dute oihu Borne Asanbleara sartu denean. Iskanbila betean hartu du hitza lehen ministroak.

Pentsatzekoa da gobernuak tresna hori erabiltzeak are gehiago suminduko dituela erreformaren aurkakoak. Mobilizazioekin segituko dutela iragarri dute sindikatuek. Parisen, ehunka jende bilduak dira Frantziako Asanblearen aitzinean. Baionan, protestara deitu dute 18:00etan.

Poliziak Concorde plazan bildutako milaka pertsonen kontra jo du iluntzean.

Ondorio politikoak izan ditzake gobernuaren erabakiak. Gobernu barruan bozketara iristearen aldekoa zen Elisabeth Borne lehen ministroa, baina orain haren aulkia dilindan dago. 49.3 artikulua erabiltzeak esan nahi du oposizioak eskubidea duela gobernuaren aurkako zentsura mozio bat aurkezteko. Orain artekoak aise gainditu ditu —gaurkoaren aurretik, gobernuak beste hamar aldiz erabili du azken urtean 49.3 artikulua—, ezkerrak ez baititu eskuin muturraren mozioak babestu, ezta alderantziz ere. Baina oraingoan talde askok babestutako zentsura mozio bat aurkeztua izateko aukerak handiagoak dira. Baliteke Errepublikanoetako diputatu batzuek ere mozioa babestea.

Horrez gain, ezkerreko oposizioak erreferendum baten antolaketa bultzatzeko asmoa agertu du: 185 diputatu eta senatarik izenpetu behar dute eskaera, eta herritarren %10ek babestu behar dute aitzina egin ahal izateko. Horrez gain, Frantzia Intsumisoak iragarri du Errepublikako Justizia Auzitegira joko duela Bruno Le Maire Ekonomia ministroaren kontra, erreformaren alde bozkatzearen truke diputatu bati bere hautesbarrutirako baliabideak eskaini dizkiola zabaldu ondotik.

Senatuan, arazorik ez

Batzorde misto paritarioak testu bateratu bat onartu zuen atzo goizean, eta Senatuaren eta Asanblearen bozka baizik ez ziren eskas erreforma ontzat emateko. Sorpresarik gabe, gaur goizean Senatuak airez aire bozkatu du erretreta adina 64 urtera gibelatzea: 193 senatari alde eta 114 kontra.

Goizean hasi da Senatuko saioa, eta Olivier Dussopt Lan ministroak eta Gabriel Attal Kontu Publikoen ministroak hartu dute hitza Frantziako Gobernuaren izenean erretreten erreformaren lege proiektua defendatzeko. Eztabaida bermatu dutela baieztatu du Dussoptek, baina horiek oztopatzeko izandako «lerratzeak» salatu ditu, asanblean izandako iskanbilei erreferentzia eginez. Halaber, senatarien lana txalotu du.

Erreformaren beharra berretsi du beste behin Attalek. «Gure herria zahartzen ari da. Gero eta erretreta gehiago ordaindu beharko ditugu. Herri bakar batek ere ezingo luke txoke hori gainditu ezer egin gabe. Gure inguruko herrialde gehienek erreformak egin dituzte erretreta sistemetan».

Oposizioaren proiektuarekin kontrajarri du: «Zergak, zergak eta zergak, hori da parean eman diguten proiektua». Frantziako eredu soziala asmatu zutenen oinordeko gisa aurkeztu du bere burua Attalek oposizioaren kexen artetik, «eredu sozial hori atxikitzearen alde ari gara».

Zentroko eta eskuineko taldeek erreformaren beharra defendatu dute, eta ontzat eman dute eztabaida parlamentarioa. Ezkerreko oposizioak salatu du lege proiektuak «lan dorpeenak eta lansari apalenak» dituztenei kalte egingo diela. Errepublikanoek eta Frantziako Gobernuak «langileen kontrako klase proiektua» dutela erran du Cathy Apourceau-Ploy talde komunistako senatariak.

Blokeatze ekintzak

Protestan segitzen dute sindikatuek. Atzo, milaka jendek manifestazioa egin zuten Baionan, eta gaur goizean Baiona eta Hendaia (Lapurdi) arteko autobidea blokeatzen entseatu dira Biriatuko ordainlekuan, LAB, Solidaires eta FSU sindikatuek bultzatuta. Frantziako Poliziak oztopatu die ekintza, eta Parisera abiatzear zen AHTa blokeatu dute azkenean. Intersindikalak protesta eginen du 11:00etan, Baionako suprefekturaren aitzinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.