Ustelkeria

Espetxeratzeko agindua jaso dute 'De Miguel auzian' zigortutakoek

Arabako Probintzia Auzitegiak gaur argitaratu du epaia irmo egiten duen autoa.

Alfredo de Miguel, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko martxoaren 16a
11:25
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak atzo jakinarazi zituen De Miguel auziko zigorrak, eta Arabako Probintzia Auzitegiak 24 orduan argitaratu du epaia irmo egiten duen autoa. Hamar eguneko epea ezarri die EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohi Alfredo de Migueli, Koldo Otxandianori eta Aitor Telleriari, eta Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazte eta Ekintza Komunitariorako zuzendari ohi Xabier Sanchezi espetxean aurkezteko. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak kaleratutzat jo ditu De Miguel eta Otxandiano. Lehena Hazi fundazio publikoan ari zen lanean, eta bigarrena Arabako parke teknologikoan; biak ere Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundeak.

Autoa iritsi aurretik, Tapiak adierazi du hura beharrezkoa zela EAJren Araba Buru Batzarreko bi kide ohiak «segurtasun juridiko osoarekin» kaleratzeko. Behin autoa Eusko Jaurlaritzaren esku egonda, sailburuak azaldu du kaleratzeak «egitate bat» direla, eta gaineratu du ez dutela «inolako» ordainik jasoko. Auziak hamabi urte iraun izana ere kritikatu du, eta gehitu lehenbailehen ixtea dela garrantzitsuena: «Gure ustez, prozesu luzeegia izan da».

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia iritsi ostean, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen euren postuetatik kendu zituztela bi kideak, baina oraindik ez dituzte kaleratu. Gaur goizean, autoa iritsi aurretik, Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburu Arantxa Tapiak adierazi du hura «lehenbailehen» iristea espero zuela gobernuak, De Miguelen eta Otxandianoren kaleratzeak behin betiko exekutatzeko.

Arabako Probintzia Auzitegiak 2019an ebatzi zuen epaitutako 26 lagunetatik 15 zigortzea. Helegiteen ostean, aferak Auzitegi Gorenean bukatu zuen, eta hark zigor handienak berretsi zituen urtarrilean —Julian Sanchez absolbitu zuen—. Denera, bost laguni ezarri zizkieten espetxe zigorrak, baina Leioako Kultura zinegotzi ohi Iñaki San Juan (EAJ) ez da kartzelan sartuko. De Migueli hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion –gehienez bederatzi urte beteko ditu–; Otxandianori zazpi urte eta sei hilabeteko espetxealdia ezarri zion – gehienez sei urte beteko ditu–, Sanchezi, zazpi urteko zigorra; eta Telleriari, bost urtekoa.

Epaiak frogatutzat jo zuen hiru akusatu nagusiak —De Miguel, Otxandiano eta Telleria— ABBko buruzagi gisa zuten «influentzia politikoaz» baliatu zirela obrak esleitzeko, hainbat komisioren truke. Hala, besteak beste, eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuen faltsutzea egotzi zieten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.